CONTENU SPONSORISÉ

San Joan suek piztuko dute jai giroa Nafarroan

Uda usaina dugu dagoeneko nonahi, eta, tenperatura epelekin batera, parranda izango da nagusi batean eta bestean; Nafarroako herri eta auzo askotan bezala, Barañainen eta Arbizun sanjoanak ospatuko dituzte egunotan.

Barañaingo gazteek aurre egin diote aurten euriari eta gogotsu parte hartu dute txupinazoan.
Barañaingo gazteek aurre egin diote aurten euriari eta gogotsu parte hartu dute txupinazoan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Esan daiteke ekaineko sanjoanekin zabaltzen dela nagusiki jaien zerrenda Euskal Herrian, eta aste honetan bertan hasiko dira jaiak Nafarroako Barañainen eta Arbizun, besteak beste.

Ekaineko azken asteburuan ospatzen dituzte sanjoanak Barañainen, eta, aurten, asteazkenetik (ekainak 21) igandera (ekainak 25) izango dira. Adin guztietarako jaiak antolatu dituela dio udalak, berdintasuna bultzatuz, eta, noski, Jai Guneak eta Jai Batzordeak ere egitaraua prestatu dute, kontzertu mordoarekin. Eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dute elkarlanean, hainbat sentsibilizazio material zabalduko dute eta edozein arazo izanez gero, Puntu Morera edo laguntza telefonora jotzeko aukera egongo da.

Lagunak Elkarteko gimnastika erritmiko sailak izango du jaiei hasiera emateko ardura; taldeak izandako kirol lorpenak saritu nahi dituzte horrela, baita talde misto bat sortu izana ere. Hain zuzen, Uxue Almiñana arduratuko da suziria botatzeaz, udaletxeko balkoitik, 19:00etan. Edonola ere, 11:00etatik aurrera jada hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da.

Jaietan, noski, herria asko aldatzen da. Kaleetan mugimendu bizi izaten da, bereziki, goizetako aurorei eta dianei esker. Horretaz gain, orkestrak, su artifizialak, bigantxa ikuskizunak (iaz berreskuraturikoak), mariatxiak, Nafarroako jotak, bertsolariak... denetik izango dute herrian.

Txikienek protagonismo berezia hartzen dute hainbat jardueratan: haurrentzako trenean, haurrentzako entzierroan, zezensuzkoan... eta ohiturari jarraituz, iazko ekainetik jaiotako herritar txikitxoak omenduko dituzte ostegunean, haurren egunean. Edadetuek ere egun bat daukate beren omenez. Ostiralean, beraz, bazkaria eta festa eskainiko diete helduenei, urtero legez. Dantzaldiak, herriko tabernak eta txosnak dira gazte jende gehien biltzen duten guneak. Txosnetan hainbat jarduera antolatzen dituzte, hala nola, kontzertuak, eta, nola ez, ostiral gaueko akelarrea.

Udaleko arduradunen hitzetan, galdu ezin diren jardueren artean daude hauek: dantza topaketa, erraldoi eta buruhandien konpartsen topaketa, jota jaialdia eta artisautza azoka. Barañaingo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsari dagokionez, 45 urte daramatza jaiak alaitzen, eta, egun, 60 bat taldekide ditu konpartsak, 8 eta 28 urte artekoak. Erraldoien bi bikote dituzte: On Kixote eta Dultzinea, eta Iruindarra eta Eskualdeko Emakumea. Erraldoiek beti izaten dituzte bost buruhandi lagun: Sorgina, Napoleon, Pailazoa, Konpartsazalea, eta Tuterarra. Horiekin batera bi zaldikoak joaten dira: Pixie eta Dixie. Larunbatean izango da, 10:30ean, erraldoi eta buruhandien elkarretaratzea, ohi bezala, eta han izango dira Logroño eta Berako taldeak, baita Ezpelur Txiki konpartsa ere.

Gainontzean, aurten ere larunbatean herri bazkaria egingo dute lakuan, bakoitzak eramandako bazkariarekin (kaldereteak, ogitartekoak...); diotenez, lehen guztiek haragia eta patata izaten zituzten osagai nagusi kalderete horietan, baina orain kuadrilla bakoitzak bere gustuko menua prestatzen du. Gero, karropoteoan ibiliko dira, Dj Marroiak-ekin, 18:30ean, Lurgorrin hasi eta txosnetan bukatuz.

Igandean, gaueko hamabietan, “Gaixoa ni” delakoak eta azken trakak ematen diete amaiera jaiei. Aurten, berrikuntza izango dute, azken traka berreskuratuko baitute, Vulcano su etxearen eskutik.

Barañaingo erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Oihalak.

Arbizun ohitura zaharra da egunero auzatea edo hamaiketakoa eskaintzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Arbizu ere jaietan

Ostiralean hasiko dituzte jaiak Arbizun (ekainak 23) eta egun askoan luzatuko dira, hurrengo ostegunean bukatuko baitira (ekainak 29). Horrela bada, ostiralean, 19:00etan, brindisa egin eta suziria botako dute, jaiei hasiera emateko. Ondoren, Zidakos txarangarekin San Juan ermitara igoko dira kalejiran, eta dantzan aritu ostean, handik berriro kalejiran jaitsiko dira, 21:30ean, blusa jantzita.

Larunbata San Joan eguna izango da, eta dantza eta musika izango dituzte nagusi herrian. Igandea, berriz, umeen eguna izango da; astelehena, gazte eguna; asteartea, jubilatuen eguna; asteazkena, Kintoen Eguna; eta, azken eguna, preso eta iheslarien eguna.

Egunero udalak auzatea edo «aatea» eskainiko die herritarrei plazan, iluntzeko zortzietan. Sakanako herrietako ohitura da; bertan, ardoa zilarrezko ontzietan banatzen dute. Horretaz gain, egitarauan jartzen ez badute ere, gauero herriko plazan herri afaria egiten dute. Kuadrilla bakoitzak bere mahai eta aulkiak ateratzen ditu eta guztiek han afaltzen dute.

Arbizuko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arbizuko Udala, EkoKANPINA Arbizu CAMPING.