NAIZ

Uda sasoira begira jarri da Esti Markez ‘Desegin’ kantuarekin

‘Hitzekin jolasean’ diskotik kanpo geratu zen ‘Desegin’ kantua sareratu berri du Esti Markezek. Uda sasoiko kantu fresko eta dantzagarri honetan, «tabuen desegitea aldarrikatu» nahi izan du Aiako kantariak.

Asteazken honetan estreinatzen dugun udari begira jartzen hasiak daude euskal musikariak eta, gaurkoan, Esti Markez izan da sasoiari dagokion estilo fresko eta dantzagarriko kantua aurkeztu duena. ‘Desegin’ du izena sareratu berri duen abesitak eta dagoeneko entzungai dago pataforma digital nagusietan.

Aiako artistak azaldu duenez, «tabuen desegitea aldarrikatzeko oihua» egin nahi izan du aipatu kantuan eta «bizitzeko gogoa, adiskidetasuna, maitasun librea eta askatasun fisikoa aldarrikatzeko ere» baliatu nahi du.

Kantua ‘Hitzekin jolasean’ bere azken diskotik kanpo geratu zela ere azaldu du Markezek eta «udari ongi etorria emateko sortua» izan zela nabarmendu du. Kantuan lagun izan du bere ohiko taldea: Danae Riañok (baxua), Iker Laurobak (gitarrak) eta Josu Ervitik (bateria eta sinteak) osatua hain zuzen ere.

Bideoklipa, bere aldetik, Sara Mendezek eta Maialen Markezek egin dute, eta Esti Markezen youtubeko kanalean ikus daiteke.

Azkenik, nabarmendu du aiako kantaria Euskal Herrian zehar egiten ari den biraren errepertorioaren parte izatera pasako dela ‘Desegin’ eta laster bira horretako data berriak iragarriko dituela ere aurreratu du. Bien bitartean, uda zapore nabarmeneko kantuaz gozatu ahal izango dute zaleek.