CONTENU SPONSORISÉ

Lesakarrak ere sanferminen zain

Nafarroan sanferminak ongi ospatzen dakien beste herria da Lesaka, eta bertako herritarrak ostegun eguerdian botako den altxaferoaren zain daude dagoeneko. Jai egitarua bost egunez luzatuko da.

Ostiralean, Fermin Donearen egunean, Zubigainekoa izaeneko dantza ospetsua dantzatuko dute Onin errekaren bi aldeetan.
Ostiralean, Fermin Donearen egunean, Zubigainekoa izaeneko dantza ospetsua dantzatuko dute Onin errekaren bi aldeetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lesakarrek ez ezik, inguruko herrietako biztanleek ere ohitura handia dute Lesakako sanferminetara hurbiltzeko, eta horregatik urtero jende pilaketa haundiak izaten dira. Horren aurrean, Udalak bi deialdi egin nahi izan dizkie bisitariei herria zaindu eta elkar errespetatzeko.

Alde batetik, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Horretarako, asteburuan ohiko autobus zerbitzua indartu dute, Burundesa eta Baztanesa enpresekin elkarlanean. Ostiral eta larunbata arratsaldeetan autobusak izango dira Donostia eta Irundik, eta larunbata eta igande goizean, Lesakatik Irun eta Donostiara.

Eta bestetik, lo egiteko kanpin dendak jartzeko asmoa dutenei, herriguneko lorategi eta berdeguneetan akanpatzea debekatuta dagoela gogorarazi die.

Jai egitarauari dagokionez, ostegun eguerdiko altxaferoaren eztandak hasiera emango die aurtengo jaiei eta, lehen egun horretan, Tantirumairu euskal folklore taldearen erakustaldia, danborrada nagusia eta Liher taldearen emanaldia iragarri dituzte. Txozna batzordeak, bere aldetik, Presoak Etxera ekitaldia antolatu du eguerdian Arranon.

Ostiralean (Fermin Donearen eguna), ohiko prozesioa egingo dute eta ondoren, Onin errekaren bi aldeetan Zubigainekoa izeneko dantza ospetsua dantzatuko dute. Arratsaldean bertso saioa izango da Arrano elkarteak antolatuta eta gauean musika, Iratzar taldearekin.

Larunbata (uztailak 8) Peñen Eguna izango da eta igandea (uztailak 9) Haur eta Gazteen Eguna. Txozna batzordeak egitarau berezia prestatu du hori ospatzeko eta gazte-bazkaria eta bertso-poteoa antolatu ditu. Gauerako, Fermintxo Rock jaialdia iragarri dute, honako talde hauekin: Hago Silik, Ziraun, Janus Lester eta El Quinto Con Tenedor.

Jaiak astelehenean bukatuko dira (uztailak 10) Herritarren Egunarekin. Bertan, herri bazkaria, haurrentzako entzierroa, betizuak eta haurrentzako herri kirolak izango dira, baita Bankako Menditarrak, Puro Relajo taldea edo Elutxa txarangaren emanaldiak ere. Eguerdian, Txozna batzordeak bermut feminista antolatu du.

Eraso matxisten aurrean erantzuna emateko, Puntu Morea egongo da zabalik Eskol Ttikin ostiral eta larunbatean, gaueko 23etatik goizaldeko 7etara.

Lesakako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arrano Ostatua, Lesakako Jai Batzordea.