NAIZ

Threads, Twitterren lehiakide berriak, 10 milioi erabiltzaile lortu ditu kaleratu eta gutxira

Threads aplikazioak 10 milioi erabiltzaile lortu ditu asteazken honetan kaleratu dutenetik ordu gutxira, Marck Zuckerberg sortzailearen hitzetan. Meta taldeko sare sozial berri hau Twitterren lehiakide zuzena bilakatuko dela diote adituek.

Threads aplikazioak 10 milioi erabiltzaile lortu ditu zazpi ordutan.
Threads aplikazioak 10 milioi erabiltzaile lortu ditu zazpi ordutan. (Pa Wire | Europa Press)

Threads, Meta taldearen sare sozial berria, asteazken gaueko 23.00etan kaleratu zuten, aurretik inolako publizitate iragarpenik egin barik. Marck Zuckerberg sortzailearen arabera, irteeratik zazpi ordura 10 milioi pertsona erregistratu dira aplikazioan. Threads Twitterren lehiakide zuzena izango dela diote adituek. Munduko 100 herrialdetan dago eskuragarri.

Marck Zuckerberg Threads kaleratu denetik erabiltzaileei etengabe erantzuten aritu da. «Egin dezagun. Ongi etorri Threadsera», izan da Metako jabearen lehenengo mezua. Horretaz gain, erabiltzaile berriei erantzun die; besteak beste, Jon Jones boxeolariari.

Threads aplikazioan Twitterri erreferentzia egiten dioten mezuak ere igo ditu Meta taldeko zuzendariak. Elon Musk enpresariak Twitter erosi zuenetik polemika ugari izan ditu eta horrek jarraitzaileak etengabe galtzea ekarri du. Horren aurrean, Threads Twitterren ordezko bezala aurkeztu dute, duela hiru egun Muskek Twitteren irakurri ahalko diren mezu kopurua mugatu ondoren.

«Denbora beharko da, baina uste dut elkarrizketa publikoen plataforma bat egon beharko litzatekeela 1.000 milioi pertsonarekin baino gehiagorekin. Twitterrek aukera izan zuen, baina ez zuen asmatu. Ea guk bai lortzen dugun», idatzi du Zuckerbergek. Threads Twitterren lehiakide «oso boteretsua» izango dela adierazi dute adituek.

Europako Batasunean oraindik ez

Aplikazio berri honen kaleratzea hain denbora gutxitan entzutetsua bilakatzeko arrazoietako bat «Instagramekin lotzea» izan da. Pinar Yildrim Pensilvaniako unibertsitako marketing irakasleak azaldu duenez, Instagram Metaren aplikaziorik «arrakastatsuena» da, beraz Threads saltzerakoan sare sozial horrekin lotzea oso egokia izan dela adierazi du irakasleak.

Gainera, Instagrameko erabiltzaileek kontu berdinarekin Threadsen izena emateko aukera ahalbidetu dute, erregistratzeko prozesua are gehiago erraztuz. 

Threads munduko 100 herrialdeetan dago eskuragai. Europako Batasuneko herrialdeetako biztanleek oraindik ezin dute erabili. Zenbait adituk azaldu dutenez, Threads-ek Europako Batasuneko araudi berriak betetzen dituela ziurtatu behar dute bertan eskuragarri jarri aurretik.