Nagasaki, bonbaz haratago, hiru kolpe musikaletan
Hiroshimak bezala, Nagasakik gizakiak bakarrik eragin dezakeen suntsipen masiboaren herentzia darama bizkarrean. Hala ere, ez da hain nabarmena. Horregatik, laster konturatuko gara txoko xarmagarriz beteta dagoela eta han zehar paseatze hutsarekin maiteminduko gaitu.
1928an Harry Warrenek eta Mort Dixonek “Nagasaki” izeneko charlestona idatzi zuten. Red Allenengandik Rickie Lee Jonesenganaino, hamaika artistak interpretatu dute, baina gaur egun Dyango Reinhardten bertsioa entzuten da, ez bakarrik bere hatzen birtuosismoagatik, baita Freddy Taylorren ahotsagatik ere. Mendebaldean urte ero haien amaiera bat etorri zen Japoniaren hedapen ekonomiko eta militarrarekin; Taisho aro demokratikoaren ondoren izan zen hori –Taisho aroa Meiji iraultzaren aurretik bi mende eta erdian nazioarteko itunetik bere burua aparte mantendu ondoren iritsi zen–.
Abestiaren edukiak agerian uzten du egileek eta, oro har, biztanleek ezjakintasun handia dutela hiriaren eta are herrialde osoaren inguruan. Baina horrek ez zuen axola, errealitatea deskribatzea gutxienekoa zen. Garrantzitsuena gai dantzagarri eta dibertigarri bat egitea zen, Japoniako izenen sonoritateak irudikari kolektiboari eskaintzen zion exotismoan oinarrituta.
II. Mundu Gerraren aurreko garai hartan, Japonia herrialde urrun eta ezezaguna zen gurean, gehienez ere jakin-mina pizten zuena. Frantzisko Xabierkoa han misiolari izan zela, askoz gehiago ez genekien herrialde hartaz. Gerraren ondoren artxipelagoa mapan kokatu zen, eta Nagasaki hiria Hiroshimako kide tragikoa bihurtu zen, gizakiak berak gizateriaren aurka inoiz egin duen delitu handienetako bat. Hala ere, eta bere izena berehala ezagun egiten bazaigu ere, zalantza dut jende gehienak jakingo ote lukeen hura kokatzen.
Agian, historialariek eta XX. mendeko gatazketan espezialista direnek, bai, baita hara bidaiatu dutenek eta akaso baita operaren maitaleek ere, Cio Cio San geishak Pinkerton tenientearekin Pucciniren “Madame Butterfly”-n dituen desamodioen kokalekua delako. Baina hortik aurrera inork gutxik. Beraz, esan beharra dago Nagasaki hiri lasaia dela, oso lasaia, are atsegina eta abegitsua, itsas sarrera luze eta estu baten amaieran kokatua, ia fiordo bat bezala, Megamiko zubi eseki estilizatuak zeharkatuta. Izen bereko prefekturako hiriburua da, baina ez da handia, 400.000 biztanle baino zertxobait gehiagokoa, eta ipar-mendebaldeko kostaldean dago, Kyushu uhartean, Japoniako lau uharte nagusietako hirugarren eta hegoaldekoenean, zehazki Honshuren hegoaldean.
Dolu hiria
Alfred Schnittke ez zen oso konpositore ezaguna izan, baina Sobietar Batasunaren azken etapako musikagile garrantzitsuenetakotzat jotzen da. 1958an Nagasaki Oratorioa (op. 19) egin zuen. Horren lehen mugimendua, “Nagasaki, dolu hiria”, datorkit gogora. Gerra nuklearraren aurkako eta bakearen aldeko garrasia da. Izan ere, ezin da Nagasakiri buruz hitz egin heriotza garraiatzen zuen "Bockscar" izeneko B29a aipatu gabe: Fat Man bonba, 468 metroko altueran eztanda egin zuena eraikin, kale eta parkeen gainean, 1945eko abuztuaren 9an. 80.000 lagun baino gehiago hil zituen.
Bonbardaketarekin lotutako bisitek Urakami auzoa dute erdigune. Han izan zuen eztandak eragin handiena. Deflagrazioaren puntu zehatza monolito batek markatzen du, Epizentroko Parkea esaten dioten horretan dago eta harri lau eta beltzezko zutabe bat da, onddo hiltzailearen metafora gisakoa. Hondamen haren oroitarri-zerrendako lehena baino ez da. Bigarrena Bonba Atomikoaren Museoan aurkituko dugu: ia 4.000 graduan urtutako Daliren estiloko horma-erloju bat. Haren tik-taka, hiriko guztiena bezala, 11:02an gelditu zen.
Une horretan Shomei Tomatsuren argazkia agertzen da; haren erloju bakartia minaren ikurra da. Hirugarrena Shiroyamako Lehen Hezkuntzako ikastetxean dago. Han, bake- eta itxaropen-sinbolo den kurriloa da protagonista: origami-artearekin eginiko 1.000 kurrilok gogorarazten dizkigute kolpetik itzali ziren 1.400 haurren irribarreak. Laugarrenak pilare baten toriian harrapatu gaitu. Gaur egun, hashira bat anputatuta duela, ez du markatzen Sannoren santutegi suntsitura zeraman sando edo bidearen sarrera; atsekabearen eta erresistentziaren ikurra da.
Bosgarrena Bakearen Parkean daukagu zain: Seibou Kitamuraren brontzezko estatua handia. Seigarrena eta zazpigarrena Maria Sortzez Garbiaren katedraleko aurrien inguruan topatuko ditugu. Kanpandorrea lurrean mutu etzanda dago, Takashi Nagai medikuak bere “Nagasakiko kanpaiak” liburuan idatzi zituen hitzak gogorarazten: «Nahiago nuke beste inoiz jotzeari utziko ez baliote!» Bere museo-memoriala 300 metro eskasera dago, Nyokodo-ren, leherketaren ondoren biktimei laguntzeko berreraiki zen banbuzko etxearen, ondoan. Baina bihotza agure zahar baten hitzek astindu digute. Begiratoki batean eserita gaudela, Bakearen Oroitzapenezko Ar
etotik ez oso urruti, hurbildu eta hizketan hasi zaigu, bere ingeles herdoildua praktikatuz. Eta gauza bati eta besteari buruz ari ginela, bizirik atera zen haur baten oroitzapenak kontatu zizkigun. Bonbardaketari lotutako leku guztiak bisitatzea izugarri hunkigarria da, baina hura bizi izan zuen norbaiten testigantza entzuteak bihotza, kontzientzia eta arrazoia nahasten ditu.
«Un bel di, vedremo»
Nagasakin botatako bonba hiru egun lehenago Enola Gayk Hiroshiman jaurti zuena baino indartsuagoa izan zen. Hala ere, erdigunetik 3 kilometrora lehertu zenez, orografia menditsuak hondamen handiago batetik babestu zuen. Horri esker, hiriaren zati handi bat salbatu egin zen, eta, gaur egun, gerra aurreko Nagasaki nolakoa zen jakin ahal dugu, historiaz betetako hiria eta kontserbatu duen monumentu-multzoagatik harribitxia dena. Eta orain, Glover lorategietan paseatzen ari garela, Madame Butterflyren “Un bel di, vedremo” ariaren notak iristen zaizkit, Maria Callas zoragarriaren ahotsean. Minami Yamate mendiaren gailurrean, XIX. mende amaierako europar auzo zaharra dira, eta bertako bista ederretatik erraz imajina dezakegu Cio Cio San kataloxekin “Abrahan Lincoln” ontziaren, sarrera bilatzen, non Pinkerton iristen den. Mitsubisi eraikina eta Ringer, Alt eta Glover etxeak bezalako jauretxe ederren ondotik pasatu gara, plazatxo batera iristeko; hemen Pucciniren estatua eta Butterflyren estatua ikusiko ditugu, Tamaki Miura soprano japoniarraren irudian.
Portugaldarrek 1571n arrantza-herri baten gainean fundatu zutenetik, Nagasaki beti izan da portu-hiria. Eta Edo aldiko Tokugawa shogunatoko isolamendua, katolikoen aurkako jazarpen makurra, eta portugaldarren, espainiarren eta oro har atzerritarren kanporatzea gorabehera, nazioarteko merkataritzari irekitako bakarra izan zen, beren Holandako aliatuen eskutik. Horiek Dejima uharteko ghettoan bizi ziren; gaur egun, merkataritza-estazio zahar horri eskainitako parke tematiko txiki bat da. Gerora, irekieraren ondoren, bizitegi eremu berria eraiki zuten, Muino Holandarrak izenekoa.
Ourako eliza
Baina ez ziren herbeheretarrak bakarrik izan, txinatarrek ere izan zuten Nagasakitik salerosketan aritzeko pribilegioa, Japoniako auzo txinatar zaharrenean, Shinchi-n, ainguratuta. Saltokiz betetako kaleen artean hainbat espezialitate dastatzeko aukera dago: chanpon, sara udon, kakuni manju eta yori yori-a, esaterako. Eta auzotik urrun samar dagoen arren, hirian duen presentzia hobeto ulertzeko, Txinako Museo Historikoa eta Koshi byo tenplu konfuzianista bisitatu behar ditugu. Meiji garaia baino lehenagoko atzerriko presentziaren zirkulua itxiz, eta Erromarekiko harreman gatazkatsuei erreferentzia eginez, beste bi toki bisitatu behar dira: 1865eko Ourako eliza, Japoniako zaharrena, eta 1597an gurutziltzatutako 26 martirien monumentua -horietako bat zen Beasaingo Martin Loinazkoa-.
Bukaerarako utzi ditugu Nakashimako zubiak. XVI. mendearen amaieran ibaia desbideratzeko erabili zuten kanalaren ertz batetik bestera salto egiten duten hamaika altxor txikiren segida da. XVII. mendekoak dira, nahiz eta batzuk garai modernoetan berreraiki behar izan diren. Ederrena, ezbairik gabe, Megane bashi da, betaurrekoen zubia, eta bere arku bikoitza Meiji garaiko betaurrekoen itxuran islatzen da uretan. 1634an eraikia, Japoniako harrizko zubi zaharrena da.
Baina txokoak maite ditugunez, Momotani bashi barnekoi eta landarediaz inguratua maiteago dugu. Sofoku ji eta Kofoku ji tenplu ederrak eta XVII. mendeko Suwa Jinja santutegia bisitatu ditugu. Baina, orain, 11:02 dira eta gelditu egin gara. Soinu metaliko batek Fokusai ji santutegitik datorren zerua zeharkatzen du. Kannon, errukiaren bodhisattva, 18 metro altxatzen da harrizko dortoka handi baten oskolaren gainetik, eta egunero, ordu berean, kanpai-hotsen zain egoten da.