Maite Ubiria
Entrevue
Eva Mutio
Euskal Moneta elkarteko euskara poloko arduraduna

«Euskoaren sarea baliatzen dugu, euskarari eta euskal munduari ate bat irekitzeko»

Egun ordainketak mugikorraren bidez edo ordenagailuan klik eginez hazten ari da euskoaren sarea. Hala ere, Baionako Bestetan billetekin ordaintzeko aukera eskaini du Euskal Monetak. Informazio gunean izan den Eva Mutio elkarteko langileak horren xehetasunak eman dizkio NAIZi.

Eva Mutio, euskoa erabiltzea proposatzen duen afitxaren ondoan.
Eva Mutio, euskoa erabiltzea proposatzen duen afitxaren ondoan. (Guillaume FAUVEAU)

Euskoa 2003. urtean sortu zen. Harrezkero ibilbide oparoa egin du Ipar Euskal Herriko tokiko diruak. Europa mailan gaur egun zirkulaziorik handiena duen txanpona da. Kasik 4 milioi eusko darabiltzate eskurik esku.

Egun ordainketak mugikorraren bidez edo ordenagailuan klik eginez hazten ari da sarea. Eusko Barter egitasmoaren bidez, geroari begira, mugaz gaindi enpresek tokiko moneta baliatu ahal dezaten jarduten dutela azaldu dio NAIZi Eva Mutio elkarteko langileak.

Bestetan Euskal Monetak dituen dozena bat langile horiek, tartean zu, lanean ari zarete.

Hala da, Ezpeletan ospatu genuen gure 10. urtemuga bereziki goxoa eta arrakastatsua izan zen Eusko Egunean. Handik aurrera, jende anitz biltzen duten ekimenetan izatea guretzat interesgarria da. Baionako Bestetan bi informazio postu kudeatzen ditugu, Patxoki ostatu parean eta Jacques-Portes plazan. Ohi bezala, dirua trukatu ahal da bertan, eta, era berean, euskora pasatzeko harpidetzak eskaintzen ditugu.

Euskokart baino, billeteak poltsikoan hobe.

«Baionako Bestak, euskoz hobe!» kanpaina 2019an abiatu genuen. Aurten 70 bat ostatutan eta elkarteetan euskoz ordaintzeko aukera izanen da. Karta (txartela) eta batez ere Euskopay app dira ordainketa molde garrantzitsuenak gaur egun, baina bestetan billeteekin bakarrik ordaindu ahal da ostatuetan eta elkarteetan .

Harpideduna izan gabe, euskoa baliatu daiteke Baionako Bestetan.

Oraindik ere euskoa erabiltzen ez duen jendeari billeteak estreinakoz erabiltzeko aukera eskaintzen diogu. Horrendako 18 edo 48 eusko dituzten gutun-azalak erostea proposatzen diegu. Lehen urratsa izan daiteke billeteak bestetan baliatzea. Jende anitz bada karriketan, eta hori aukera ona da gure proiektua eta gure baloreak hedatzeko. Bistan da, euskoaren sarea gero eta zabalagoa egiteko ere bai.

Nola uztartzen dira praktikan hizkuntza eta euskoa?

Euskaldunek hizkuntzaren erabileran urratsak egiteko engaiamendua baieztatzen dute, elkartearekin bat egiten dutenean. Euskaldunak ez direnek, adibidez, afixa elebidunak ezartzea edo euskara ikastaroak egitea hauta dezakete. Euskararen egoera zaila da Ipar Euskal Herrian, baina, hizkuntza gure helburuen artean sartuz, ekarpen bat egiten dugu. Gure indarraren arabera, euskoaren sarea baliatzen dugu euskara ahal bezainbeste garatzeko. Jende batentzat euskal munduan sartzeko bide bat erakusten du euskoak.