Naroa Apaolaza

Gasteiztarrek itzaletik gozatu dute Andra Mari Zuriaren jaien azken txanpa

Beroak erabat baldintzatu du Andra Mari Zuriaren jaien azken eguna eta zenbait ekintza «moldatu» edo bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, bost eguneko jaien ondoren, gasteiztarrak Zeledon igo aurretiko orduak aprobetxatzeko «irrikitan» daude, ahal den neurrian itzalpean.

Piszinatxoa atera dute azken egun honetan Gasteizen, jaiari ahal den freskoen segida emateko.
Piszinatxoa atera dute azken egun honetan Gasteizen, jaiari ahal den freskoen segida emateko. (Jaizki Fontaneda | Foku)

40 graduko tenperaturak iragarri dira Gasteizko jaien azken egunean, eta horrek egitarauan «azken orduko aldaketak» ekarri ditu. Goizetik, gasteiztarrek egun batez gehiago, jantzia eta zapia jarri dute eta erdigunera hurbildu dira, jaien azken orduak gozatzeko asmoz. Hori bai, itzala da guztien «desioa».

Itzalpean dauden terrazak zein kaleko txoko freskoenetan pilatu da jendea. Jai hauetan zehar tenperatura aldaketa nabariak izan dira. «Zeledonen jaitsiera hotzenetik, igoera beroenera pasa gara», komentatu dute gasteiztarrek. Lehenengo egunean Zeledonek euriaz babesteko behar zuen aterkia, berriz gaur, eguzki izpiak ekiditeko erabili ahalko du jaien protagonistak.

Blusek eta neskek zenbait ekintza aurreikusita zituzten asteazkenerako; horien artean, azken egun honetan jada tradizioa bilakatu dena; Andra Mari Zuriaren plazako igerilekua. Inoiz baino hobeto etorri da aurten Jatorrak koadrilak antolatzen duen ekimena.

Beroa izan arren, jaietako jantzia «sakratua» da; urezko pistolekin elkarri bustitzen igaro dute goiza

 

Gasteizko monumentu famatuenak ematen zuen itzalean kokatu dira blusak eta neskak. Beroa izan arren, jaietako jantzia «sakratua» da, hori dela eta, beroa arintzeko «laguntzailea» ura izan da. Igerilekuan guztiak ez sartu arren, koadrila «ongi hornitua» zegoen, urezko pistolekin elkarri bustitzen igaro baitute goiza blusek eta neskek.

Hasieran txikienak izan dira plazako igerilekuan «murgil egin» dutenak. Hala ere, nagusi batzuk «gogoekin ez geratzea» erabaki dute eta «nahiz eta oso ongi ez kabitu» igerilekuan freskatu dira. Horretaz gain, igerilekuarekin batera, «ahateak ezin ziren falta». Goizean zehar Jatorrak taldeen eskutik «sormenari atea ireki» eta bakoitzak bere gomazko ahate txikia margotzeko aukera izan du.

Basatiak koadrilakoek ere «tradizioekin jarraitzea» erabaki dute, nahiz eta bere kasuan beroak mesede gehiegi ez egin. Koadrilak patatak txorizoarekin prestatu ditu, urtero Elikagai Bankuarekin egiten duen bazkari solidarioan. 30 gradu inguruak ez ditu Basatiak gelditu eta Plaza Berrian «bazkari beroaz» gozatu dute hauek.

20 gradu eskasetik hasi ziren jaiak ia 40 gradutara eman dute azken eguna; zeresan ugari eman du eguraldiak aurten

 

Gainerakoek itzalpean igaro dute eguna, abanikoa eskuartean eta ahal bada, mugimendu askorik gabeko eta itzalean izan daitezkeen planak nahiago izan dituzte azken egun honetan gasteiztarrek. Jada askok hiritik alde egin dute eta nabarmena izan da nola azken egunetan jende gutxiago igaro den Gasteizko txokoetatik.

Hala ere, askok oraindik jaien «azken uneak gozatzeko» irriketan daude, eta beroa izan arren, «dena emateko prest» daude hiritarrak. Jaien azken egunetan, ohikoa izaten den moduan, Gasteizko jaiak «gertukoentzat» bilakatzen dira. Asteburuan bisita ugari jaso ondoren, «gasteiztarrentzako egunak» izan dira azken hiruak.

Azken orduko aldaketak

Jaiek aurrera jarraitu arren, egitarauan azken orduko zenbait moldaketa izan dira. Goizean bertan, Blusen eta Nesken Komisioak jakinarazi du joateko kalejira ez dutela egingo, ordu horretan 40 gradu inguruko tenperaturak iragarri baitira. «Garbiketa zerbitzuan etengabe jaietan aritu diren langileak arriskuan ez jartzeko» erabaki du komisioak soilik itzulerako kalejira egitea. Federazioak, aldiz, beranduago erabaki du bertan behera uztea kalejira hau «txarangetako musikariak kontuan hartuta», baina koadrillen eskuetan utzi du kalejiran ateratzearen erabakia.

Horretaz gain, erraldoien azkeneko kalejiran ere azken orduko aldaketak izan dira, alegia San Antonio kalean zehar ibili beharrean, San Prudentzion agur esan diete aurtengo Gasteizko jaiei.