CONTENU SPONSORISÉ

Euskal jaiak bueltan dira Donostian, Ordizian eta Zarautzen

Udari amaiera emateko antolatzen diren euskal jaiak bueltan dira berriz ere Donostian, Ordizian eta Zarautzen. Hiru herrietan datorren asteburura arte luzatuko dira jaiak. Ordizian irailaren 6a izango dute egun nagusia eta Zarautzen, irailaren 9a.

Sagardo egunak emango die hasiera, irailaren 2an, Donostiako Euskal Jaiei.
Sagardo egunak emango die hasiera, irailaren 2an, Donostiako Euskal Jaiei. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Euskal Jaietako egitaraua pasa den asteazkenean hasi zen Kontxako Banderarako emakumezkoen sailkapen estropadarekin eta, hamaika egun hauetan, guztira 60 ekitaldi antolatu dituzte adin eta mota guztiko publikoarentzat.

Ekitaldi nagusienetakoa den Sagardo Eguna larunbata goizean ospatuko da (irailak 2), Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik. Aurten, gainera, 35 urte beteko dira Konstituzio plazan egiten dela. Guztira 39 upeltegietako sagardoa dastatzeko aukera izango da goizeko 11etatik aurrera eta 12.30ean omenaldia egingo zaie Joxe Mari Alberrori, Satxota sagardotegiko Juan Ignacio Artola eta Ana Mari Pascuali, eta aurten ateak itxi dituen Setien sagardotegiko Eugenio Urruzolari.

Sagardoaz gain, larunbatean bertan Donostiako nekazaritza ekologikoaren XX. merkatua ospatuko da bulebarrean, Biolur elkartearen eskutik. Guztira, 17 ekoizle elkartuko dira azoka honetan eta bertan Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa ere egingo dira, Gatronomiako Euskal Kofradiaren eskutik.

Konstituzio plazan, arratsaldeko 19.00etan hasita esku dantza herrikoia eta erromeria ospatuko dira Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Udal Txistulari Bandak gidatutako saioan, eta igandean (irailak 3) dantza sueltoko txapelketa izango da arratsaldeko 18.00etan hasita.

Hurrengo ostiralean, irailak 8, marmitako lehiaketaren V. edizioa egingo da Trinitate plazan eta leku berean, gaueko 22.00etan, erromerai Gabezin taldearekin. Irailaren 9an (larunbata), gastronomi arloko beste lehiaketa egingo da eguerdiko 12.00etan: legatza donostiar erara, gastronomi elkarteen artean. Egun horretan bertan beste hainbat ekitaldi izango dira: Gaztelu eguna (1813an hiria suntsitu ondoren Donostia berreraikitzeko ekimena oroitzeko); Goizaldi dantza taldearen 75. urteurrena ospatzeko emanaldi eta kalejirak arratsaldeko 18.00etan hasita; eta bertso emanaldia gaueko 22.00etan Trinitate plazan.

Alderdi Ederren, bestalde, hirugarren artisautza azoka egongo da zabalik irailaren 10era arte eta bertan 23 artisau inguruk beren lanak erakutsi eta salgai jarriko dituzte. Egun horretan estropadetako bigarren jardunaldia jokatuko da Kontxako badian eta horrekin amaituko dira aurtengo Euskal Jaiak.

Ordiziako azoka berezia eta gazta lehiaketa irailaren 6an egingo dira. (Idoia ZABALETA | FOKU)


Ordizian, irailaren 2tik 10era
Ordizian ere Euskal Jaiak antolatu dituzte irailaren 2tik 10era eta, ohikoa den bezala, azoka berezia eta gazta txapelketa hileko lehen asteazkenean egingo dira, hau da, irailaren 6an.

Baina euskal jaietako egitaraua irailaren 2an (larunbata) zabalduko da "Emaneurre euskarari" egunarekin. Bertan, kuadrillen arteko herri kirol txapelketa, herri bazkaria eta musika emanaldiak izango dira, Gozategi taldearen erromeriarekin amaitzeko.

Irailaren 3an (igandea) jubilatuen eguna ospatuko da eta irailaren 5ean (asteartea), bertako produktuen XXX. sukaldaritza txapelketa eta Goierriko Odolkirik Bikainenaren XXVII. dastaketa-lehiaketa, Larrunarri elkartearen eskutik.

Asteazkeneko azoka berezian gazta, ganadu, lumagorri, fruta eta barazkien lehiaketak egingo dira, baita perretxikoen erakusketa ere. Gazta lehiaketaren sari-banaketa eta irabazlearen enkantea eguerdiko 13.45ean egingo dira Beti Alai pilotalekuan. Toki berean, arratsaldeko 17.30ean profesionalen arteko esku-pilota partidak jokatuko dira eta ondoren herri kirol jaialdia eta Eingo taldearekin erromeria izango dira egunari amaiera emateko.

Egitarauak datorren asteburuan jarraituko du. Ostiralean (irailak 8) kirol, dantza eta antzerki emanaldiak izango dira, larunbatean (irailak 9) sagardo festa 15 sagardogileren eskutik eta gauean Neomak taldearen kontzertua. Eta amaitzeko, igandean (irailak 10) Lazkao Txiki XXXII. Bertsopaper lehiaketaren sari banaketa eta Allur dantza taldearen emanaldia izango dira.

Ordiziako establezimendu laguntzaileak: Mujika liburudenda, Goierriko baratza.

Zarauzko Alproja taldearen antzerki emanaldia ez da faltako aurten ere. (Andoni CANELLADA | FOKU)


Zarautzen, egun handia irailaren 9an
Zarautzen irailaren 1ean (ostirala) hasiko dira Euskal Astearen 99. edizioko ekitaldiak, Bertsolari Gazteen Lizardi Sariaren finalarekin. Egun nagusia irailaren 9an izango bada ere (larunbata), aste guztian zehar egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek, beti bezala euskal kultura eta tradizioak aldarrikatzeko helburuarekin.

Horrela, irailaren 2an (larunbata), euskararen aldeko lasterketa, aurresku txapelekta, herri bazkaria eta kalejirak izango dira; irailaren 3an (igandea) haurren euskal jai eguna ospatuko da dantzari, txistulari eta trikitilarien kalejirarekin; irailaren 4ean (astelehena) helduen binakako dantza txapelketa egingo da; asteartean, herriko antzerki taldeen emanaldia; asteazkenean, trikitilari gazteen txapelketa; ostegunean, bikote gazteen dantza txapelketa; ostiralean, Alaken taldearekin dantzaldia eta salbea frantziskotarren elizan; eta larunbatean, Euskal Jai Eguna.

Egun handia goizeko 7.00etan abiatuko da dianarekin eta ondoren Goiztarrak taldea eta txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta ttuntturroak aterako dira kalez kale. Egunean zehar, ohiko ekitaldiak izango dira (Alproja taldearen kalejira, antzerki emanaldia, erromeriak, Larrain dantza…).

Arratsaldean, ohikoa den bezala, kalejira egingo da musika plazatik Iñurritzara eta bertan haurrentzako jolasak, erromeria eta Larrain dantza izango dira, iluntzean berriro musika plazara itzuli eta bertan erromeriarekin jarraitzeko.

Aurtengo edizioa 99.a da eta beraz, 2024ean mendeurrenera iritsiko da. Hori behar bezala ospatzeko, Udala egitarau berezia prestatzen hasiko da aurtengo edizioa amaitu bezain laster.

Zarauzko establezimendu laguntzaileak: Labegoxo, Zarauzko Arranoa, Pasquin señalizaciones, Euskalduna taberna, Eguzki taberna, Etxaiz jatetxea.