Hondarribiako jaietako ekitaldi nagusiak irailaren 6a eta 11 bitartean ari dira ospatzen. Txupinazoa, beraz, asteazkenean bota zuten eta ostegunean hiriko Urrezko Intsignia jarri zioten Carol Atxukarro herritarrari, bera izan baita aukeratua herritarren artean egindako galdeketan.
Jaietako egun nagusia, urtero bezala, irailak 8a da (ostirala), eta goizeko 6retatik aurrera alardeetan parte hartzen duten soldaduek herriko kaleak zeharkatuko dituzte, 1638an izandako gertakariengatik esker ona adierazteko.
Larunbatean (irailak 9) sokamuturra, erraldoi eta buruhaundiak eta ezpata dantza izango dira, besteak beste. Igandean (irailak 10) kuadrillen arteko jolasak eta bazkaria, haurrentzako parke erraldoia edota Meakako Adixkideak dantza taldearen emanaldia izango dira. Eta astelehenean (irailak 11) baserritarren eguna ospatuko da, azienda, fruta eta barazki lehiaketekin. Egaña eta Peñagarikano bertsolariak ere arituko dira eguerdi partean eta arratsaldean profesional mailako pilota partiduak eta euskal erromeria daude iragarrita.
Musika arloan, honako talde hauek arituko dira Hondarribiako jaietan: Gozategi (ostirala 8), Puro Relajo (larunbata 9), Bulego (igandea 10), eta Sorotan Bele gogoan (astelehena 11).
Gipuzkoako jaien erreleboa Donostiako Egia auzoko Porrontxoek hartuko dute astelehenean bertan. Izan ere, egitaraua irailaren 11n abiatuko da eta zazpi egunez luzatuko da, irailaren 17ra arte. Lehenbiziko hiru egunetan haurrentzako ekitaldiak antolatu dituzte batipat eta txupinazoa ostegun arratsaldean izango da (irailak 14), lehenbizi haurrentzat eta ondoren helduentzat.
Datorren ostirala (irailak 15) gazte eta helduei eskainitako eguna izango da eta bertan ez dira faltako herri bazkaria, jolasak, afari-merienda, zezen suzkoa eta kontzertuak.
Larunbatean (irailak 16) elkartasun eguna antolatu dute eta bertan pala partidak, jotak, kantujira, danborrada eta "Denak Etxera" herri bazkaria antolatu dituzte egunaren lehen zatian. Arratsaldeko egitaraua ere oso zabala da: haurrentzako jokoak, antzerkia, elektrotxaranga, zezen suzkoa, kuadrillen arteko afaria, erromeria eta kontzertuak.
Azken egunerako (irailak 17, igandea), pilota partidak, sagardo dastaketa, herri bazkaria, herri kirolak, kontzertuak, kalejirak eta azken traka iragarri dituzte.
Porrontxoetako establezimendu laguntzaileak: Zumy elektrogailuak, MU harakinak, Ipar Komunikazioa, Drunkat, Apal estudioa, Camacho instalaciones.
Lezon ere datorren astean ospatuko dituzte santakrutzak, irailaren 13tik 17ra hain zuzen. Asteazkeneko alkate txikien pregoiarekin hasi eta igandeko zezen-suzkoarekin amaitu bitarte, jai giroan gozatzeko bost egun izango dituzte herri honetan. Mota askotariko ekintzak antolatu dira, lezoar guztiek parte hartzeko eta gozatzeko modukoak.
Santakrutz eguna ostegunean ospatuko dute (irailak 14) eta bertan ez dira faltako, besteak beste, herri kirol erakustaldia, herri bazkariak, Josetxo Etxandiren omenezko pilota partidak, txarangaren kalejira, DJa eta zezen suzkoa. Ostiralean (irailak 15) baserritarren eguna ospatuko dute ganadu feria, idi dema, baserritarren bazkaria eta bertsolarien saioarekin.
Larunbateko (irailak 16) ekitaldi nagusiak marmitako lehiaketa eta bazkaria, Muxiko Eguna, dantza sueltoko txapelketa eta patata tortilla lehiaketa izango dira; igandekoak (irailak 17), inude eta artzaien desfilea, haur jolasak, buruhaundi eta erraldoien kalejira, dantza emanaldia eta zezen suzkoa Udal Musika Eskolako bandarekin.
Altsasu eta Antsoain
Nafarroan ere hainbat herritan ospatuko dituzte jaiak datorren astean. Altsasun, esaterako, asteazkenean hasiko da egitaraua (irailak 13) 2022 urtean jaiotako haurrei eginiko harrerarekin, kartel lehiaketako sari banaketarekin eta festen eztanda handiarekin.
Hortik aurrera, eta igandera bitartean, herritar zein bisitari guztiei zuendutako ekitaldiak izango dira, tartean Sakanako herri honetan tradizio handikoak direnak: goizeko auzatea herriko elkarteek eskainita, eta arratsaldeko peñen jaitsiera, Altsasuko zortzikoa, zezensuzkoa eta Larrain dantza, Altsasuko txistulariekin eta Etxarriko gaita-jotzaileekin.
Azken egunean, bestalde, Altsasuko Gazteak peñaren 50. urteurrena ospatuko dute txarangak lagundutako kalejira eta bazkariarekin.
Musika arloan, honako taldeen emanaldiak iragarri dituzte: Ecléctic Celtic Band eta London orkestra (asteazkena 13), Goxuan Salsa, Mariachi Internacional Sí Señor, Guilty Brigade eta Kaos Etiliko (osteguna 14); Edelweis orkestra (ostirala 15); Haize Berriak banda, Kai Nakai eta Bulego (larunbata 16); eta Trasteando taldea eta Tapia eta Leturia (igandea 17).
Altsasuko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Portuko Okindegia, Txalaparta Taberna, Altsasuko Dendarien Elkartea, Arkangoa Taberna, Barcelo Bidaiak, Izara cortinas, Sakana Optika, Peio Fontaneria.
Antsoainen, azkenik, datorren ostegunean hasiko dituzte jaiak (irailak 14) eta igandera arte luzatuko dira. Aurtengo txupinazoa Ezkaba abesbatzak botako du, Udalak deitutako herri-bozketan babes gehien jaso duen hautagaitza izan ondoren.
Aurtengo egitarauak publiko guztientzako 40 jarduera baino gehiago biltzen ditu, herriko gune desberdinetan gauzatuko direnak. Berritasun gisa, txikientzako jarduerei dagokionez, ostiral goizean familientzako programazioa indartu eta larunbateko haurren parkea Sakanpean jarriko da osorik.
Larunbateko saiheski jana eta igandeko kaldereta, iaz bezala, Harrobi inguruan egingo dira. Antsoain LGTBI+ proiektuaren baitan, igandean bingo-trabesti bat egingo da txosnetan eta, besteak beste, Yogurina Borova eta Albina Stardust izango dira bertan.
Horretaz gain, Antsoaingo txosna batzordeak lau egunetako egitarau zabala prestatu du herriko eragile desberdinen laguntzarekin. Gazte txupinazoa ostegun arratsaldean izango da (irailak 14) eta hortik aurrera ez dira faltako kalejirak, kontzertuak, elektrotxarangak eta ekitaldi gastronomikoak (kostillada eta paellada).
Azkenik, Antsoaingo Udalak gogorarazi du jai hauetako hainbat ekintza euskaraz egingo direla eta euskaldunak jarduera horietan parte hartzera animatzen ditu. Era berean, txosnetan eta Antsoaingo hainbat taberna eta dendatan ere euskaraz hitz egin daitekeela gogorarazi du.
Antsoaingo establezimendu laguntzaileak: Zaldiko taberna.