Astebete barru izango da Alzheimerraren Nazioarteko Eguna eta prestatu dituzten programazioen zein aldarrien berri eman dute Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen, eta haien senideen eta lagunen Nafarroako (Afan) zein Gipuzkoako (Afagi) elkarteek. Aste osoko egitaraua prestatu du Afanek eta baliabideak eskatuko dituzte, ikerketarako, besteak beste. Afagik ere larunbat honetan hasi eta hilaren 23ra bitartean hainbat ekintza antolatu ditu, gaixotasunari ikusgarritasuna eman eta «konpromiso partekatua» galdegiteko.
Afanek jendarteari, oro har, eta administrazioei, bereziki, «gaixotasunaren aldean» egoteko eskatu die, eta, horretarako, ikerkuntzarako aurrekontu-zuzkidura handiagoa, gaixoen eta zaintzaileen profil berrietarako baliabide espezifiko handiagoak, endekapenezko gaixotasun horietarako laguntza handiagoa eta prebentzioan eta detekzioan prestakuntza eta inplikazio handiagoa duen gizartea aldarrikatu dute, ‘Berrikuntza erantsi’ lelopean.
Afagik 2023ko kanpainarako aukeratutako leloa ‘Konpromiso partekatua’ da, Alzheimerrak hura pairatzen duen pertsonari, familiari eta gizarte osoari eragiten dielako. Egoera horri aurre egiteko, Afagik uste du konpromiso partekatua hartu behar dela, «erantzukizunetik» eta «erantzunkidetasunetik» abiatuta, gizarte osoa hartzen duena, administrazio publiko eta erakunde pribatuak, komunitatea, boluntarioak eta gizarte erakundeak barne direla.
Afanek antolatutako Alzheimerraren Astea larunbatean hasiko da Tuteran, 12.00etan kalejira eginez elkartearen egoitzatik, Alde Zaharreko Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin, Tuterako gaitariekin, Muga Kultur Elkarteko dantzariekin eta Tuterako Txistu Eskolarekin. Gainontzeko egunetarako hitzaldiak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte Tuteran bertan zein Iruñean.
Ostegunean, irailak 21, Alzheimerraren Munduko Egunean, astea amaitzeko, 12.00etan elkartea Nafarroako Parlamentuan izango da, eta La Alfombra Negraren kontzertua egongo da 19.00etan, Iruñeko Burgoen plazan.
Afagiren lehenengo informazio mahaiak irailaren 16an jarriko dira, Ordizian, Arrasaten eta Oñatin; 17an, Pasai Donibanen; 18an, Errenterian; 21ean, Alzheimerraren Nazioarteko Egunean, Oriora eta Hondarribira joango da; 22an, Irunera, Mutrikura eta Zarautzera; eta 23an, Donostiara.
Donostiako informazio mahaia Cervantes plazan egongo da, eta eguerdiko 12.00etan Afagik urtero antolatzen duen X. Giza Kate Solidarioarekin bat egingo du; katearen bidez, Alzheimerraren kontzientziazioa, prebentzioa, detekzioa, diagnostikoa, tratamendua eta dolua lantzearen garrantzia aldarrikatu nahi da.
Era berean, irailaren 20an, 18.30ean, ‘AFAGI eta estimulazio kognitiboko tailerrak’ topaketa antolatu da Oñatin, eta, ondoren, Ganbara Faktoria taldearen kontzertu bat izango da. Gainera, Zarautzen ‘Paquita Embil’ jardunaldiak antolatu dira; lau hitzaldi eskainiko dira gaixotasuna hainbat ikuspegitatik aztertzeko, diagnostikoa, familien laguntza, dolu aurreratua, eta baita estimulazio kognitiboa ere. Jardunaldiak amaitzeko, antzerkia eta kontzertua egongo dira.