NAIZ

Hamar mila oin, bularreko minbiziaren ikerketa bultzatzeko

Bilboko kaleak arrosaz margotu ditu berriz ere Acambi Bizkaiko bularreko minbiziaren edota minbizia ginekologikoaren elkarteak. 10.000 korrikalarik hartu dute parte, 10.000 oin minbizia honen ikerketari oinarri sendoagoa emateko. Orotara 55.161 euroko ekarpena egin diote ikerketari.

Acambi ellkarteak arrosaz margotu ditu Bilboko Guggenheim inguruak.
Acambi ellkarteak arrosaz margotu ditu Bilboko Guggenheim inguruak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bost kilometroko lasterketa da Acambirena, eta ez da lehiakorra. Bizkaiko bularreko minbiziaren edota minbizia ginekologikoaren elkarteak Urtzi kiroldegiarekin batera antolatutako ekitaldiaren asmoa beste bat da: minbizia honen ikerketa bultzatzea eta eritasuna ikusaraztea. Badira bederatzi urte Bilbon egiten hasi zirela. Lehen edizioan, 2014an, Maria del Mar Vivanco doktoreak zuzenduta ikerketa bat abiatu zuten, eta horri laguntzea da asmoa.

Goizeko hamaiketan atera dira partaideak Guggenheim Museoko zelaitik, Vivanco medikuari jasotako diruaren txekea eman ondoren. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak moztu du zinta, udal zinegotziekin eta Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuarekin batera.

Baziren egun batzuk aurreikusitako 10.000 izen-emateetara iritsi zirela. Horrek lasterketan parte hartzeko kamiseta, dortsala, anoa eta asegurua ematen ditu.

50 urtetik behera ere bai

Orain arte bildu duenarekin, zortzi urtean 480.000 eurotik gora eman dizkio Acambi elkarteak bularreko minbiziaren ikerketari, Ana Jimenez elkarteko presidenteak nabarmendu duenez.

Lasterkari guztiei eskerrak ematearekin batera, ekitaldiak gaixotasun hau ikusgarri egiteko balio duela esan du. «Emakumeena da, baina baita gizonena ere», aipatu du.

«Gaur denok gaude arrosaz jantzita. Arrosak itxaropena adierazten du, diagnostikoan eta botiketan aurrerapausoak ematea. Baina botika hauek ez dira beti garaiz iristen. Horregatik, ahalik eta lasterren ailegatzea behar dugu Europar Batasunean onartzen direnean», azaldu du.

Bestalde, 50 urtetik beherakoen artean minbizia «asko» azaltzen ari direla aipatu, eta autoesploratzera animatu du jendea. Orain 50 urtetik gora hasten dira azterketak egiten. Elkartearen nahia, Europan egiten den bezala, aukera hori 45 eta 74 urte bitartekoei zabaltzea da.