NAIZ

Gastronomika kongresuak Zuberoa jatetxeko Arbelaitz anaiak omendu ditu

Donostian ospatzen ari dira pasa den igandetik asteazkenera bitarte San Sebastian Gastronomika kongresua. Bertan, Zuberoa jatetxeko Hilario, Eusebio eta Joxe Mari Arbelaitz anaiak omendu dituzte sukaldaritzan egindako ibilbideagatik. Asteartean, zenbait plater sukaldatuko dituzte haien ikasle ohiek.

Zuberoako Arbelaitz anaiak Kursaalean kongresuko omenaldian.
Zuberoako Arbelaitz anaiak Kursaalean kongresuko omenaldian. (Gastronomika)

San Sebastian Gastronomika kongresuaren 25. edizioa ospatzen ari dira aste honetan Donostian. Astelehen goizeko ekitaldian, Zuberoa jatetxea itxi eta ia urtebetera, Arbelaitz familiak jaso du sukaldari langintzaren omenaldia.

Hilario, Eusebio eta Joxe Mari anaiak agertu dira sukaldari eta gastronomia zaleen aurrean, eta Hilariok hartu du hitza; «Inoiz ez diot ezetz esan kongresu honi, hasiera-hasieratik sukaldean zerbait garrantzitsua egin nahi zuen jendea aurkitu nuelako. Oso harro eta eskertuta nago bertako kide izateagatik». Gaineratu du 52 urtez egin dutela lan Oiartzungo jatetxean, eta negozioaren ardura hiru anaiek hartu behar izan zutenean, amak ezarritako «bizi-arauak» gogoratu ditu: lana, sakrifizioa, konpromisoa, jarrera, konstantzia eta laguntasuna.

Amari beste hainbat aitortza sari eskaini izan dizkio sukaldariak, baina astelehen honetan, Kursaaleko eszenatokitik, beraien emazteei eta seme-alabei eskaini diete saria, beraiek pairatu baitzuten egunerokoan Arbelaiztarren «hutsunea».

Betiko euskal sukaldaritzaren defentsa egin du Arbelaitzek, uste baitu inoiz ez direla zapore horiek ahaztu behar, nahiz eta platerak modernizatu. Baina Zuberoari egingo zaion omenaldia ez da gaur amaitzen; izan ere, astearte honetan, kongresuko hitzaldi batek beraien jatetxeko plater onenetako batzuk ekarriko ditu gogora.

Ikasle izandakoak aurrez aurre

Bihar, asteartez, Arbelaitzen apopiloak izan ziren sei sukaldarik, Zuberoako «memoriak» plazaratuko dituzte, egun Espainiako eskaintza gastronomikoan jatetxerik onenen buru dira. Arbelaitzek adierazi du bereziki hunkitu duela bere ikasle izandako Jaime Uz, Javier Goya, Borja Sierra, Luis Lera, Maca de Castro eta Gorka Txapartegi sukaldariak Ribadesellatik (Asturias), Madrildik, Bartzelonatik, Castroverde de Camposetik (Zamora), Port D 'Alcúdiatik (Mallorca) eta Hondarribitik (Gipuzkoa) etorri izana bera omentzeko.

«Zure ikasleak zure platerak birsortzera hona etortzea da gerta dakizukeen gauzarik politena», azpimarratu du euskal sukaldariak. Dagoeneko etxean bakarrik sukaldatzen du, hain zuzen ere «orain arte gutxien egin duen lekuan».