Eñaut Elorrietak ‘Bidasoa’ kantuaren bertsio berria sareratu berri du. Abestia ‘Fantasia’ (2022, Elkar) albumean argitaratu zuen eta, oraingo honetan, «luxuzko gonbidatuak» lagun dituela egin du grabaketa, Elkar-etik jakinarazi dutenez. Izan ere, Iban urizar ‘Amorante’-k eta Euskadiko Orkestrak hartu dute parte bertsio berrian; Amorantek tronpeta jo du kantuan eta Euskadiko Orkestra Fernando Velazquezen zuzendaritzapean aritu da. Orkestrarako moldaketa ere Velazquezena da.
Elkar-etik jakinarazi dutenez, kantuaren grabaketa 2023ko San Juan egunean egin zen Euskadiko Orkestraren Miramongo (Donostia) egoitzan, eta enkontru berezi hori Arriguri-k jaso zuen iruditan.
Nahasketak Haritz Harreguyk egin ditu Usurbilgo Hi gain estudioan eta masterizazioa, aldiz, Bartzelonako Cool V Mastering-en egin du Victor Garciak.
Kantuaren hitzak Uxue Alberdi idazle eta bertsolariarenak dira, eta Bidasoako muga zeharkatu nahi duten etorkinek bizi duten drama du hizpide. Horrela dio kantuak: «Zer eskatzen zaio paisaia bati?/ Zer ahazten du urak? Zer daramaki?/ Nola egin gorputz bat zati-zati?/ Zenbat hegi ditu Bidasoak?. / Muito obrigado, alaikum Salam:/ Baztango zainetatik ur beltza edan./ Muga ur xirrixta bat da, ilbeheran./ Nori abesten dio Bidasoak?. / Bidasoak, Bidasoak, Bidasoak daki».
Jakinarazi dutenez, kantu honen bitartez lortzen diren irabazi guztiak Irungo Harrera Sareari bideratuko zaizkio.