NAIZ

Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztek 23 domina lortu dituzte ‘World Cheese Awards’ txapelketan

Idiazabal Jatorri Deiturak iragarri duenez, 16 gaztandegik «nazioarteko arrakasta izugarria lortu dute» mundu mailan izen handia duen ‘World Cheese Awards’ sarietan 23 domina lortuz, «haien kalitate handia egiaztatuz eta nazioartean gure gazten izen ona eta prestigioa zabaltzen lagunduz».

Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta zatia Euskal Gaztaren azokan.(Jon URBE / FOKU)
Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta zatia Euskal Gaztaren azokan.(Jon URBE / FOKU)

Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegiek urrezko lau domina, zilarrezko bederatzi eta brontzezko hamar domina lortu dituzte, Norvegian ospatutako ‘World Cheese Awards’-eko 35.edizioan.

Komunikabideei bidalitako ohar batean Idiazabal Jatorri Deiturako bulegoak azaldu duenez, joan den urriaren 27 eta 28an Norvegian ospatu zen munduko gazta ekitaldi honek «mundu osoko gaztagileak, minoristak, erosleak eta komentarista gastronomikoak bildu zituen, 40 herrialde baino gehiagoko 4.000tik gora gazta epaitzeko asmoz».

«Hainbat herrialde desberdinetako dastatzaileez osatutako epaimahaia izan zen aurkeztutako 4.000 gaztetatik 2023ko onenak aukeratzearen arduraduna. Horien artean, gure 23 saridunak nabarmendu dira, eta horrek are garrantzi handiagoa ematen dio sariari», nabarmendu du Idiazabal Jatorri Deiturak.

«Aurten ere, Idiazabal JIBko gaztak munduko onenen artean sarituak izan dira, haien kalitate handia egiaztatuz eta nazioartean gure gazten izen ona eta prestigioa zabaltzen lagunduz», gaineratu du.

Hauek dira urrezko domina lortu duten Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegien izenak: Buruaga Arditegia, Jose Inazio Ugartemendia, La Leze eta Xabier Azumendi.