NAIZ

Markina-Xemeingo Larruz ahuntz gaztak irabazi du Esneki Euskal Herriko gaztarik onenaren saria

Guztira 85 gazta eta jogurt aurkeztu dira larunbat honetan Tolosan egin den bigarren Euskal Herriko gazta eta esneki lehiaketara. Markina-Xemeingo Gorka eta Iban Muniozgurenen Larruz ahuntz gazta hautatu dute gaztarik onena. 14. frisoi txapelketan, Karrantzako Casa Nueva-ra joan da sari nagusia.

Markina-Xemeingo Muniozguren anaien Larruz ahuntz gazta aukeratu dute Euskal Herriko gaztarik onena Esneki azokako lehiaketan.
Markina-Xemeingo Muniozguren anaien Larruz ahuntz gazta aukeratu dute Euskal Herriko gaztarik onena Esneki azokako lehiaketan. (TOLOSAKO UDALA)

Gazta eta esneki ekoizle nahiz zaleen erreferentziazko tokia izan da Tolosa, Esneki azoka bereziaren bigarren edizioari esker. Tolosako Udalak hainbat eragilerekin batera antolatutako ekitaldian, Euskal Herriko gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan da bi egunez.

Ostiralean sektoreko profesionalak elkartu ziren Tolosako Beotibar Pilotalekuan antolatutako kongresuan. Larunbatean, berriz, elkarrizketak mokadu bilakatu dira: denera, 25 ekoizlek jarri dute postua Tolosako erdigunean ospatu den azoka berezian. Bestetik, 85 gazta eta esnekik hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herriko gazta eta esnekien lehiaketan. Gastronomia munduko 30 lagunek osatu dute epaimahaia.

Zortzi kategoriatan banatu da txapelketa (gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak eta jogurtak), eta horietako kategoria bakoitzean, beste bi azpi-kategoria banatu dira: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik. Azpi-kategoria bakoitzak izan du bere sariduna.

Ondoren, gazta kategoria bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu du epaimahaiak txapeldunen artean txapelduna. Markina Xemeingo Muniozguren-en Larruz ahuntz gaztak jaso du Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori. Pozik, hunkituta eta berarekin batera gaztak ekoizten dituen Gorka anaiarekin gogoratuz jaso ditu trofeoa, diploma eta txapela Iban Muniozgurenek. «Salmentetan laguntzeaz gain, batez ere errekonozimendua egiteko balio du; ahuntz gaztek esnekien artean bere tokia izateko balio izango du». 

Dastaketa gidatuek arrakasta itzela izan dute. (TOLOSAKO UDALA)

50 behi frisoi txapelketan

Nekazaritza elikagaien industriarentzat erabakigarria da, horrekin batera, Esneki azokaren epizentroa osatzen duen beste lehiaketa: Euskal Herriko 14. frisoi txapelketa. Hau ere larunbat goizez egin da Tolosako Ferialekuan. Hobekuntza genetikoari eta ganaduzaleen eguneroko lanari esker eman dituzten pausoak sektoretik kanpo dagoen jendartera gerturatu dituzte.
 
Lehiaketan, Hego Euskal Herriko bost ganadutegik hartu dute parte, 50 abelbururekin. Lehiaketa zortzi ataletan banatu da, eta sari nagusiaz gain, beste lau sari berezi banatu dira.

Behien txapeldunen txapelduna, Karrantzako Casa Nueva izan da. Bigarren sari berezia, berriz, Cascanteko Planillok irabazi du. Errape hoberena duen behia Karrantzako Casa Nuevakoa izan da. Ganadutegi hoberenaren ohorezko garaikurra, azkenik, Cascanteko Planillok eraman du.

Esnegintzan murgilduz

Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduerak ere egin dira Esnekiren baitan. Beotibar Pilotalekuan, esaterako, harrera bikaina izan dute dastaketa gidatuek.

Esnekiak ezagutu eta dastatzeko aukera aparta izan da Tolosan bi egunotan. (TOLOSAKO UDALA)

Tolosako Trianguloan jarri den ‘Esnetan’ espaziora ere familia ugari gerturatu da. Besteak beste, txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu edo esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte etxeko txikienek.

«Arrakasta» hitza erabiliz definitu du Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko merkataritza, turismo eta azoken saileko zinegotziak Esnekiren bigarren edizio hau. «Bigarrenez eragile ezberdinen artean elkarlanean antolatutako topaketa hau indartsu dagoela ikusi ahal izan dugu. Sektoreak ere erantzun du, eta Euskal Herriko gazta eta esneki ekoizleen lana balorean jartzea denez ekimen hauen helburuetako bat, emaitzarekin kontentu gaude», azaldu du Agirresarobek.