Testua: Eli TXAPARTEGI Argazkiak: FOKU

Loizaga dorrea, Rolls-Royceren unibertsorik distiratsuena

Rolls-Royceren Europako bildumarik osoena eta munduko miretsiena. Horixe da Galdamesko Auto Klasiko eta Zaharren Museoak eskaintzen duena. Enkarterrin estrategikoki kokatutako Loizaga Dorrera hurbiltzen denak marka britainiarraren benetako harribitxiekin gozatuko du.

Bildumako pieza baten irudia.
Bildumako pieza baten irudia.

Dozenaka ibilgailu ikusi ahal izango ditu bisitariak Loizagako Dorrean, horietako asko XX. mende hasierakoak. Bilduma benetan berezia da, erakusten dituen auto kopuruagatik, kokapenagatik eta baldintza bikainetan kontserbatzen direlako. Museoa mundu mailan hain ezaguna izateko arrazoi nagusietako bat da 1910 eta 1990 urte bitartean Rolls-Roycek fabrikatutako modelo guztiak biltzen dituela, hasieratik, auto marka BMWk erosi zuen arte. Zehazki, 1972ra arte egindako Phantom serieko modelo guztiak aldi berean erakusten dituen munduko toki bakarrenetakoa da. 45 dira.

Enpresa honek ezaugarri duen estiloen aniztasunak badu bere azalpena, bitxia gainera: automobil enpresak ibilgailuaren txasisa, motorra, erradiadorea eta kapota ematen zizkion erosleari, jabe berriak gero maisu karrozari bat kontrata zezan, bere gustuko karrozeria pertsonalizatua diseinatuko ziona.

Kokapen pribilegiatua

Nolanahi ere, Loizaga Dorreak ez ditu Rolls-Royceak bakarrik hartzen; Europako eta Ameriketako 30 bat ibilgailu klasiko ere ikusgai daude, eta horiek ere, zalantzarik gabe, eragina izan dute Miguel de la Viak proiektatutako erakusketa honen arrakastan. Bizkaiko enpresaburu horren automobil zaletasunak bultzatu zuen denboraren poderioz munduko Rolls-Royce bildumarik onenetakoa bihurtu dena abiatzera. Horretarako, gainera, kokapen pribilegiatua aukeratu zuen: Loizaga Dorrea, balio arkitektoniko eta historiko handiko eraikina, paraje ikusgarriz inguratua. Ochoa Garcia de Loyzaga familiaren antzinako defentsa dorre baten zimenduen gainean eraiki zen, XIV. mendean aurkako bandoek suntsitu zutena.

Miguel de la Viak dorrea berreskuratu, zaharberritu, bitxien eszenatoki gisa egokitu eta publikoari ateak ireki zizkion, nahi zuen ororekin bere altxorrak partekatzeko. Baina ez zuen bakarrik egin; Angel Duran adituaren laguntza behar izan zuen, eta hark konpondu eta prestatu zituen ibilgailuak, jendaurrean jarri aurretik.

Eskola, gidariak prestatzeko

Suspertze lana, jakina, lan zorrotza izan zen. Baina Loizaga bisitatzen duenak Rolls-Royce unibertsoa inguratzen duen historiaren bitxikeria aurkituko du, ziurrenik Durani lana erraztu ziona: ibilgailu horiek, noski, ahalmen handiko jendeak bakarrik erosten zituen, eguneko 24 orduetan txofer pertsonala zuenak, garai hartan ez baitzen erraza auto bat gidatzea eta, are gutxiago, konpontzea, matxuratzen zirenean. Eta hori izan zen, hain zuzen ere, enpresak gidari profesionalak prestatzeko eskola bat sustatu izanaren arrazoi nagusia, askotariko ezagutzak ikasi behar zituztenei irakasteko: mantentze lanak, mekanika, maniobratzeko gaitasuna, segurtasuna, lehen sorospenak, etiketa arauak, baldintza txarretan gidatzeko ariketa bereziak...

Bitxikeria horien guztien azalpenak Loizaga Dorreko bisitaren parte dira. Sei ataletan sailkatuta, museoko arduradunek prestatutako ibilbideak eskaintzen du auto horien diseinuak mende batean zehar izan zuen bilakaeraren ikuspegi dinamikoa eta iradokitzailea; 1910eko Silver Ghost-etik –modelorik zaharrena– 1990eko hamarkadako Silver Spur batera bitarte.

Motorra, natura eta historia maite dutenek, beraz, hitzordu erakargarria dute Galdamesko Auto Klasiko eta Zaharren Museoan, 2000. urtetik jendearentzat zabalik dagoena.