«Kanonetik aldendu gara, opera arraro eta bitxia da, harridura sortu nahi duena»
‘Badon*’ opera gaur ikusiko da agertoki gainean estreinakoz. Gasteizen da hitzordua. Marina Suarez Ortiz de Zarate aritu da zuzendari lanetan Mauriziak ez du inor hil kooperatibak ondutako ikuskizunean. Korrikaren lehenengo bekaren emaitza da.
Marina Suarez Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1988) arduratu da ‘Badon*’ operaren zuzendaritza artistikoaz eta Amaia Castañeda izan du ondoan. Hilabete luzeetako lanaren fruitua gaur ikusiko du publikoak lehen aldiz Gasteizko Principal Antzokian.
«Lehen lan fasean Ines Osinaga eta Lorea Argarate aritu ziren, musikatik datozenak. Handik urtebetera nirekin jarri ziren harremanetan. Hasieratik argi geneukan opera izan behar zuela, izan ere diziplina denak batzen ditu: musika, dantza, interpretazioa, argia, soinua, arte bisualak… artelan osoa da. Uste genuen hura zela bidea. Ez genuen antzezlana egin nahi, edo kontzertua, ezta dantza pieza ere, collagea baizik. Ez da antzerkia, ez da kontzertua, harago, ez da opera bat», azaldu dio NAIZi Suarezek.
Bi fase izan ditu proiektuak. Lehenengo fasean euskal kulturaren erreferenteen, kanonen eta plaza publikoan hartzen duten lekuaren inguruko ikerketa egin dute. Bigarrenean, berriz, forma eman diote ikuskizunari.
Talde sortzailea osatu zuten hainbat diziplinatako kideekin.«Apirilean ekin genion ‘katxarroa’ –hasieran etorri zitzaidan hitza– sortzeari, eszenaratze prozesuan. Bidean gauza asko sortu dira, pertsona askok parte hartu du, jende askoren iruditeria eta talentua dago».
Ines Osinaga da obraren sortzaileetako bat, berak konposatu du musika ere, Patxi Suinagarenarekin batera. Marina Suarez Ortiz de Zarate arduratu da zuzendaritza artistikoaz eta Amaia Castañeda izan du ondoan. Zuzeneko bideo sorkuntza Itziar Garalucerena.
Osinaga eta Suarezekin batera Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala igoko dira agertokira.
«Azpeitiako aurrestrenaldian, azaroaren 23an, lehen aldiz erakutsi genuen publikoaren aurrean eta konturatu ginen makina sortu dugula. Eta hasi gara ulertzen zelako makina sortu dugun. Orain arte prozesu eroa izan da. Alde horretatik esango nuke ez duela pertsona baten iruditeria islatzen, guztiona baizik. Gauden guztiok gu ez garen zerbait aktibatzen ari gara. Ipotxen moduan sentitu ginen emanaldian, uneoroko gauzak aktibatzen», esan du.
Alkimiaren kontzeptuarekin jolastu dute. «Sortze prozesuaren hasieran erreferente denak sartu genituen, ez euskaldunak bakarrik. Poltsa batean sartu eta nahasketak egin genituen. Eta irudi berriak sortu ditugu».
Bost koadro
Operaren aktu bakoitza mugimenduan dagoen koadroa da ikuskizunean. «Eta ibilbidea egiten dugu, koloreka. Koadro bakoitza munduaren zati bakoitzari dagokio. Genealogiari buruz hitz egiteko egitura eman digu horrek. Ez diogu ezer itxirik planteatu publikoari, ez dugu ezer ezarri nahi».
Hasieratik ikusi zuten egiteko ohiko moduetatik aldendu beharra. «Ni naiz zuzendaria, baina ez naiz autoritatea izan. Rolak beharrezkoa dira lana egiteko baina ez dugu modu bertikalean lan egin. ‘Badon*’en ardatzetariko bat da».
Ez du publikoaren hausnarketa piztu nahi. «Ez bereziki. Gure prozesuan presente egon da baina ez dugu inolako mezurik bota nahi. Gai asko landu ditugu, batez ere egiteko moduak, plazak nola tratatzen diren, nor dagoen plazetan… feminismotik gaitegia landu dugu baina emaitza askoz kriptikoagoa eta poetikoagoa da. Irekia da, ez da batere zurruna –egiteko modu maskulinoa–. Badu umoretik, energia altuko irudiak daude… munduan dauden gauzez hitz egin ahal izateko mapa osatu dugu».
Emozioetara doaz. «Emozionala izan da bidea. Ez da izan batere produktiboa, nahiz ‘katxarroa’ aurkeztu beharrak presioa sortzen duen. Zeregin tekniko ugari dago. Prozesua gertukoa izan da, bakoitzaren arima hor egon da. Nahiz langileak izan, pertsonak izan gara, pertsonen kontuekin».
Opera postdramatikoa. «Publikoak jakingo du ez dela buruan daukan hori izango, beste gauza bat baizik. Kanonetik aldendu gara, opera arraro eta bitxia da, harridura sortu nahi duena».
Puskatu. «Ezagutzen duzun horrekin apurtu eta beste bide bat hartu asmoz ‘hackeoa’ erabili dugu. Biolentziatik edo haserretik ez, jolasetik etorri da apurketa. ‘Zer gertatuko litzateke Mikel Laboa, Rosalia eta tomate bat elkartuko bagenitu?’ izan zen geure buruari eginiko galderatako bat. Erreferente piloa egon dira mahai gainean», dio. Eta buruari eta gorputzari eragiten, hogei bat lagun. Astebete edo hamar egonaldiak egin dituzte hainbat tokitan opera sortzeko bidean.
Asteazkeneko estreinaldia ez da helburua, bidearen parte baizik. «Uste dut ‘Badon*’-en esentzia prozesuari arreta jarri eta ireki dituen ate guztietara begiratzea dela, gauzak aldatzeko aukera emanez».
Gasteizko estreinaldiaren ostean hainbat emanaldi etorriko dira: Donostia, Bilbo, Irun, Iruñea, Baiona, Donapaleu, Tutera... Agenda webgunean kontsulta daiteke.