Entrevue
Josu Txapartegi «Txapas»
Irakasle ohia eta musikaria

«Kantuen bidez umea mundu bat sentitzen ari da; hori da ederrena, hori da heziketa»

Euskara, musika, hezkuntza, herrigintza... Zaila da Josu Txapartegiren (Zarautz, 1946) ibilbidea hitz gutxitan laburbiltzea, baina «Txapasen kaxa magikoa» ipuin-diskoak balio dezake bere lana hurrengo belaunaldiei transmititzeko.

Txapas, argitaratu berri den ipuin-diska eskuetan duela, Zarautzen egindako elkarrizketan.
Txapas, argitaratu berri den ipuin-diska eskuetan duela, Zarautzen egindako elkarrizketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Elkarrizketa berezia da hau sinatzen duen kazetariarentzat. Askotan esker txarrekoa den ofizio honek hiru urteko gelan bere irakasle izan zena elkarrizketatzeko aukera eskaini dio 38 urte beranduago. Txapasek 77 ditu, eta osasun gorabehera batzuk izan ostean, bere ohiko agenda betearekin jarraitzen du: abesbatzak zuzentzen, gitarra erakusten, ostiralero ikastolako haurrak -tartean bere ikasle izandakoen seme-alabak- kantuan eta dantzan jartzen...

Bere ibilbideari omenaldi bat eginez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek “Txapasen kaxa magikoa” disko-liburua argitaratu dute, zarauztarraren lana inspiraziotzat hartuta eta berak sortutako dozena bat abesti bilduz. Arantxa Urbek idatzi ditu testuak, Irrimarrak (Karmele Gorroño-Irene Irureta) egin ditu ilustrazioak eta Xabier Zabalak musika moldaerak. Opari ederra, datozen gabon hauetarako.

Nola sortu zen ipuin-disko hau egiteko ideia? Harritu zintuen proposamenak?

Porrotxen gauzak dira. Oso lagunak gara eta okurritu zitzaion zerbait egin behar zela nire ibilbidearen inguruan. Egia esan, ez dakit zergatik, ni maisu bat izan naizelako, beste milaka bezalaxe. Horrelaxe jaio zen proiektu hau, duela sei bat hilabete.

Zer lan edo parte hartze eskatu dizu proiektuak?

Batez ere kantuen aukeraketa bat egin dut nik. Ipuina Arantxa Urbek idatzi du eta ederki ezagutzen nau. Esalditxoren bat esateko ere eskatu didate, baina batez ere kantuen aukeraketan hartu dut parte.

Aspaldiko lagunak dira proiektuan parte hartu duten asko. Horrek laguntzen du?

Talde ona daukate. Musikariak, idazleak, marrazkilariak... Denetik daukate. Lan handia egin dute, baina era berean erraza egiten da, jende oso ona daukatelako.

Aurkezpena Zarautzen egin zenuten, baina zerbait gehiago ere izan zen, omenaldi ederra. Pozgarria izango da maitasun hori jasotzea.

Oso pozgarria. Ez naiz gehiegi emozionatzen, adin hauetan emozioak nahiko neurtuak izaten direlako. Gauza asko ikusten dituzu eta emozionatzeko zerbait oso berezia izan behar du. Nik hau lagun arteko opari bat bezala jaso nuen, ederra izan zen eta oso pozik hartu nuen. Aurten antzeko beste batzuk ere izan ditut. Lehenik ikastolan egin zidaten omenaldi bat, gero herriko danborradan makila eman zidaten, eta orain hau. 77 urte bete ditut eta zahartzaroa esker onez beteta daukat.

Seinale jendeak egindako lana eskertzen dizula.

Nik ez dut uste ezer berezirik egin dudanik, nire lan eta ofizioan aritu naiz eta norbaiti lagundu ahal izan diodanean laguntzen saiatu naiz, baina uste dut jendeak eskertzen duela horrelako pertsona bat parean duenean, eta saiatzen dela esker on hori adierazten.

Modelo aretoan egindako aurkezpenean ateratako argazkia (KATXIPORRETA)

Atzera begira jarriz, urte asko izan dira irakasle lanetan, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari oso lotuta. Irakurri izan dizut zuen belaunaldiko irakasle gehienak euskara eta euskal kultura bultzatzeko helburuz sartu zinetela hezkuntza munduan.

Halaxe da, gure belaunaldiaren historia da hori. Guk beste edozein ofiziotan amaitu genezakeen, baina gazte garaian kezka berezi bat geneukan, ikusten genuelako nola gure herriak erabat erdaldunduta zeuden, batez ere haurren kasuan. Manolo Urbietak ere pentsamendu horixe bera izan zuen. Hura Arantzazutik etorri zenean, umeak euskalduntzera dedikatu zen, musikaren bidetik. Eta nik ere, Tolosako Sacramentinoetatik etorri nintzenean, 24-25 urterekin, horixe pentsatu nuen, ahal nuena egingo nuela gure herriko haurren artean euskara zabaltzeko.

Musika zaletasuna lehenagotik zetorren...

Niri musikako lehen gauzatxoak, notak eta halakoak, Don Fernandok erakutsi zizkidan hemen, Zarautzen. Komentura 9 urterekin joan nintzen eta ordurako banekien solfeatzen. Pianorako afizioa gazte bat jotzen ikusi nuenean sartu zitzaidan, 13 bat urte izango zituen hark. Ni harrituta geratu nintzen, nola litekeen esku batekin nota batzuk jo eta bestearekin besteak. ‘Nik hau ikasi egin behar diat’, pentsatu nuen. Eta halaxe izan zen. Salbador Garmendiak erakutsi zizkidan aurreneko nozioak pianoan, eta gero pixkanaka jarraitu nuen. Pianoa ikasten baduzu, eskusoinua erraza da, antzekoa delako, organoa jotzea ere bai. Eta horrelaxe joan nintzen ikasten. Baina ez ni musikaria kontsideratzen naizelako. Nik beti pentsatu izan dut musikak balio behar duela beste helburu batzuen mesederako. Musikarekin gauza asko egin daitezke gure herri honetan, beste zaletasun askoren artean gure herria musikazalea ere badelako.

Eta urte askoan ardatz horiek, euskara, hezkuntza eta musika, batera joan dira zure ibilbidean. Zergatik da horren garrantzitsua musika haurren hezkuntzarako?

Nik musikari baino garrantzi handiagoa eman diot kantugintzari. Kantuak badu musika, doinua, baina hitzak ere bai, eta horrek oso elementu konpletoa bilakatzen du. Zuk haurrak jartzen badituzu abesten, ez zara ari bakarrik beren erritmoa edo zentzu musikala lantzen. Noski, horretan ere ematen dizkiozu baliabide batzuk, badaudelako melodia hutsarekin haurra jantzi egiten duten abestiak. Baina horrekin batera, melodia horri letra egoki batzuk eransten badizkiozu, poesiaz beteta daudelako edo umeak dituen kezkak lantzeko balio dutelako, ez duzu heziketa hoberik aurkituko. Manolo Urbietak oso ongi asmatu zuen horretan. Kantu horien bidez asko esaten ari zara umeari eta umea mundu bat sentitzen ari da. Hori da ederrena, hori da heziketa.

Galdera prestatuta neukan, baina jada bi aldiz aipatu duzu Imanol Urbieta. Zer ikasi zenuen harengandik?

Komentutik itzuli nintzenean, Manolo niretzat deskubrimendu bat izan zen. Nik beti esaten dut hiru pertsona aurkitu ditudala nire bizitzan oso bereziak -gizonezkoak aipatuta, emakume oso bereziak ere topatu ditudalako-. Baina gizonezkoen artean bereziak izan dira Manolo Urbieta, “Mendi” eta Oteiza. Oteiza ezagutzeko aukera izan nuen, eta esango dugu hura berezia bakarrik ez, hura oso [nabarmentzeko moduan ahoskatuz dio] berezia zela. Eta hirurak nik ildo berean ikusten ditut: herritarrak, beren jakinduria eta ahalmen guztia erabiltzen zutelako jendeari on egiteko; zorrotzak, beraien azterketak egiterako orduan; eta beti emateko prest zeuden pertsonak. Manolo Urbietak bazuen aukera banketxe batean zuzendari izateko, baina dena utzi zuen haurrekin euskara eta kantuak lantzeko. Nola ulertzen zituen pedagogia eta hezkuntza, horixe izan zen utzi zidan irakaspen handiena.

Aipatu duzun «Mendi» (Juan Luis Mendizabal) ipuinean agertzen da, eta berari egin zenion kantua ere bai diskoan; Gorritirena ere sartu duzue; Oteiza goraipatu duzu... Behar besteko garrantzia ematen al zaio arteari eta artisten lanari ikastetxeetan?

Arteari bi alderdi ikusten dizkiot nik. Batetik, uste dut artistak gizartearen aurretik joaten direla, duten intuizio berezi horrekin zer etor daitekeen usaindu egiten dute. Artistak horretan dira onak, gizarteari pauta batzuk markatzen dizkiote nondik joan daitekeen erakusteko, ditugun korapilo horiek nola aska daitezkeen pista batzuk ematen dituzte. Beste aldea da, kasu batzuetan, artista batzuk oso kontserbadoreak izan daitezkeela, beren buruari begira jarri eta beste zerbait bilaka daitezkeela. Baina Manolo eta mota horretako artistak, beren ahalmen artistikoa herriaren defentsan erabiltzen dutenak eta herriaren mesedetan jartzen dutenak, horiek oso inportanteak dira. Beti aurretik doazelako, markatu egiten dutelako nondik etor daitezkeen gure inguruan ikusten ditugun hainbat arazo, askotan oso gogorrak direnak. Horregatik maite ditut nik artistak. Gaur egun ez zaie kasu askorik egiten artistei, baina beraien lana behar-beharrezkoa da.

Txapas, Zarautzen (Andoni CANELLADA / FOKU)

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ere ibilbide luze eta oparoa egin duzu. Mundu ikuskera konpartitu batetik abiatutako elkarlana da?

Uste dut Pirritx, Porrotx eta Marimototsek egindako lana asko eskertu beharko genukeela guztiok. Nahikoa da konparatzea egunero komunikabideen bitartez jasotzen ditugun mezuak eta ikusten dugun mundua, eta beraiek planteatzen duten mundu eta gizarte eredua. Zuria eta beltza konparatzea bezala da, eta horregatik nabil ni beraiekin. Edo Pirritx, Porrotx eta Marimototsek proposatzen duten bidetik egiten ditugu gauzak: elkarrekin lan egin, elkarri begira bizi, gaur egun zaintza deitzen zaion hori balioan jarriz, solidaritatea, komunitatea... Edo bestela, zoritxarrez ikusten dugun mundua izango dugu: bakoitzak berea defendatu, besteak bost arma egin baditu nik zortzi eduki, bestea baino gehiago izan... Bi dinamika horien artean aurrenekoaren alde egin behar dugu, mundua desarmatu. Askotan pentsatzen dut: nik zergatik izan behar dut errusiarren kontrakoa edo ukrainarren kontrakoa? Ba ez, nik denak onartu behar ditut eta denen laguna izaten saiatu beharko dut. Edo Israelen ikusten ari garena. Nolatan ez dugu lortzen denon arteko elkarbizitza bat denontzako lekua dagoen mundu honetan? Horregatik laguntzen diet ahal dudanean Pirritx, Porrotx eta Marimototsi beste mundu hori bultzatzen.

Aurkezpen ekitaldian egin zenuen gogoeta bat gustatu zitzaidan. Zenion politikak ez duela onartzen hutsik egotea. Esperantzaz ez bada betetzen gorrotoz betetzen dela.

Aurreko batean zientziaren inguruan ari ginela galdera bat sortu zitzaigun: armagintzari lotuta, zientziak eskubide osoa al dauka arma gero eta hilgarriagoak egiteko? Eta lagun batek aipatu zuen zuk ez baduzu armagintza hori egiten beste norbaitek egingo duela, eta orduan haren mende geratuko zarela. Gerora askotan pentsatu izan dut horretan, eta ikusten dut horrela ez dagoela irtenbiderik. Nik uste badut besteak baino arma hilkorragoak egin behar ditudala ez galtzeko, eta besteek ere berdin pentsatzen badute, emaitza txikizio hutsa besterik ezin daiteke izan. Orduan, soluzioa nonbaitetik etortzekotan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek planteatzen duten mundutik etorriko da, beste begirada batekin funtzionatuz eta armak gutxituz edo desagerraraziz. Baina badirudi denok ez gaudela horretan, azkena entzun duguna da udaltzainak ere armekin ibiliko direla. Eta mundu mailan ere indarkeriaren areagotze bat bizi dugu. Eskuineko indarrek gora egiten dute etengabe, ziklo horretan bizi gara, eta ziklo hori nolabait pasa egin beharko dugu. Baina etorri beharko du gogoeta batek, planteatuz bidea ezin dela izan gero eta arma gehiago egitea, baizik eta ulertzea elkarrekin bizi beharko dugula.

Horregatik da garrantzitsua haurrekin egiten den lana? Hor egongo dira etorkizuneko bidegileak...

Guk esaten diegu umeei elkar maitatzeko eta elkarri laguntzeko, baina etxera joandakoan telebista jartzen badute heriotza besterik ez dute ikusiko. Aurrekoan ere albiste bat ikusi nuen, haur bat larri zegoen norbaitek baloiarekin soinua ateratzen ari zelako bultza egin eta paretaren aurka kolpe bat jasota. Horrelako mezu eta irudiak zabaltzen dira eta horrek eragina du. Eskerrak beste mezu eta irudi batzuk eskaintzen dizkiegun guraso eta irakasleok!

Urte asko eman dituzu zuk haurrekin lanean. Gurasoa zara, aitona ere bai. Zer ikasi beharko genuke haurrengandik? Edo zer ikasi duzu zuk?

Haurra misterio bat da, eta erakusten dizun lehen gauza da beti dagoela soluzio bat. Berria da, landare berri bat bezala. Tomate hazia jartzea bezala da. Zuk badakizu gutxi gorabehera nolakoa izango den landarea, baina gero bakoitza desberdina da. Horregatik diot misterio bat dela. Hazi arte ez duzu jakingo zehazki nolakoa den. Gero bai, heltzen denean eta hiltzen denean esango duzu “halako altuera hartu zuen” edo “hainbeste tomate eman zituen”, baina jaiotzan ez. Eta horrek sekulako esperantza ematen du bizitza honetan. Umeak esaten dizuna da: “Bidea ongi markatuidazu, nik nire bidea egin behar dudalako”. Sekulako erantzukizuna da helduontzat, irakasle eta gurasoentzat. Kaka asko daukagu munduan, baina haur bakoitza esperantza berri bat da.

Zuk helduekin ere lantzen duzu musika. Desberdina al da musika jasotzeko eta bizitzeko modua haurren eta helduen artean?

Haurrentzat egiten den musikak oso berezia izan behar du. Imanol Urbieta izan zen maisu handiena horretan. Sustrai melodiko euskaldunak hartzen zituen, eta beti galdetzen zidan: “Kantu hauek euskal sustrairik ba al dute?” Nik beti baietz erantzuten nion, hala sentitzen nuela. Mundu guztian, haurrentzako abestiak oso sinpleak dira, baina armonia handia izan behar dute. Bukaerak, hasierak... osotasun bat izan behar dute. Ez joan oraingo gazteek entzuten duten musikarekin haurrengana. Agian hemendik 100 urtera balioko du, baina oraingoz ez.

Uste dut euskal musikan badugula arazo bat. Euskal kantagintza historikoki lasaia izan da, “melodiosoa”, erritmo nahiko mantsokoa. Eta hor ongi konpondu gara orain arte. Baina mundu mailako beste influentziak etorri direnean, batez ere erritmo aldetik, txikitu egin dute. Disko honetan ere, nire kantuak harmonizatzerako garaian, Xabier Zabalak erritmoa sartu die. Gauza bat da guk "Boga-boga" abestea, akorde osoekin, baina gaur egungo musikan hori ez da ulertzen. Denak beste erritmo bat eduki behar du. Baina haurrena beste mundu bat da: melodia errazak eta errepikatzen direnak ongi ulertzeko.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, orain dela urte batzuk egindako ekitaldian (KATXIPORRETA)

Munduko egoeraz hitz egin dugu, egoera kezkagarria deskribatuz. Etxera begira, zure ibilbide militantetik nola ikusten duzu gaur egun Euskal Herriko egoera politikoa?

Iruditzen zait desberdina dela Estatu handi baten parte sentituz jaio den herritar baten egoera eta herri txiki batean jaio denarena. Guretzat "etnia" edo “nazioa" kontzeptuek balio dute oraindik. Guk horretan zortea daukagu, oraindik herri izaeratik, herritartasunetik, begiratzen diogulako munduari eta hori abantaila bat dela uste dut datorren munduari begira. Estatu handiek beraien artean borroka egin beharko dute ziurrenik eta, lehen aipatu ditugun arrazoiengatik, horrek arrisku handiak ditu. Guk beste ikuspegi bat daukagu, askoz ere orekatuagoa eta herritarrengandik hurbilagokoa, eta hor gauzak asko aldatzen dira. Nik Podemos, Sumar eta hauei ikusten diedana da ezin dutela erabaki Estatua diren, marxistek beti amestu izan dutelako Estatu handi baten ardura hartu eta modu horretan gauzak aldatzea, edo Euskal Herri mailan kokatzea, herri txiki batean, aldaketak txikitik eraginez, mantsoago. Zalantza horretan daude, eta ongi erabaki beharreko zerbait da. Ez da egia handian antolatuta aukera gehiago dituzunik txikian antolatuta baino. Marxistek egin beharreko gogoeta orokor bat da. Txikiak ere baditu bere arriskuak, noski, berean ixtea adibidez, baina esango nuke abertzaleok horretan abantaila dugula, munduari irekita baina txikitik eraginez.

Eta euskararen egoerari buruz zer esango zenuke?

Batzuetan naufragio bat iruditzen zait, itsaso erdian egur bati heldu eta bizirauteko borrokan. Bizitza guztia daramat euskararen alde egiten eta euskara bultzatzen, baina belarriak irekitzen ditut eta hori erdaraz entzuten dut [telebistan gaztelaniaz ari dira], kalean ere erdara entzuten dut... Oso borroka aspergarria da alde batetik, gure hizkuntzaren egoera latza delako. Era berean pozten naiz jendeak borroka horretan jarraitzen duela ikusita. Zarautzen adibidez oraintxe sortu dute elkarte berri bat, Zirika izenekoa.

Jende asko ikusten dut euskararen egoerarekin kezkatuta, baina agian politikan dago hutsunea. Uste dut erakundeek urrats bat eman behar dutela, eta argi esan euskara izango dela Euskal Herriko hizkuntza, legez, bai lanean, bai irakaskuntzan, bai beste esparruetan. Lotsarik gabe, gure hizkuntza delako. Ematen du pauso hori ematera ez garela ausartzen oraindik, eta Hezkuntza Legean ereduekin gertatu dena adibide ona da. Ematen zuen 30 urte eta gero iritsi ginela ulertzera A ereduak ez duela balio, eta azken unean berriz atzera. Horrek ez du esan nahi galdu egingo dugunik, egingo dugu aurrera, baina erakusten du urrats bakoitza zenbat kostatzen den.