Abenduaren 13ko azoka Erdi Aroan egiten hasi zen Ezkioko Santa Lutzi ermitaren ondoan, eta 1727an Urretxun egitera pasa zen. XIX. mendearen erditik aurrera, Zumarragara zabaldu zen eta 1994 urtetik bi herriek lankidetzan antolatzen dute Euskal Herrian garrantzitsuenetarikoa den nekazaritza eta ganadu azoka hau.
Ganadu feria ez ezik, azkeneko bi hamarkadatan arrakasta handia lortu duten beste hainbat erakusketa, lehiaketa eta ekitaldi ere egiten dira, hala nola oilasko eta kapoiak, barazkiak, frutak, eztia, artisautza… Baita kirol eta musika emanaldiak ere. Guztira, 201 postu jarriko dira Zumarragan eta 124 Urretxun.
Horrela, azoka goizeko 8.00etan hasiko da, egunsentiarekin batera, Urdaneta kalean erakusgai jarriko diren pottoka, Euskal Herriko mendiko zaldi eta haragitarako zaldiekin. Guztira, 140 buru inguru espero dira. Ondoan dagoen La Salle ikastetxeko patioan nekazal-tresneria erakusketa jarriko da eta Udaletxe aurreko Euskadi plazan, fruta eta barazkien postuak.
Zumarragako alkate den Mikel Serranok aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, aurten sagar urtea izan denez, fruta honek garrantzi berezia izango du azokan eta 14 postu jarriko dira.
Aurten ere nabarmentzekoa da oilasko eta kapoien sariketaren itzulera, iaz bertan behera geratu baitzen hegazti gripea dela eta. Guztira, 18 pare oilasko eta kapoi izango dira lehiaketan parte hartuko dutenak.
Urretxuko ekitaldiak, bestalde, aurten 30 urte bete dituen Arabako Errioxako ardoen azokarekin hasiko dira Santa Lutzi egunaren bezperan, eta asteazkeneko azokan, ardoarekin batera, eztia, ogia, gazta eta taloak ere izango dira protagonista. Eguerdiko 12.30etan herri kirolak izango dira Ederrena pilotalekuan eta jarraian, artzain txakur eta ardien erakustaldia, Zubimusu plazan.
Arratsaldeko 17.00etan profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira Urretxuko Ederena pilotalekuan, eskuz binakako txapelketaren barruan, eta 18.00etan idi-proben final handia jokatuko da Euskadi plazan. Bertan lehiatuko dira Iker Zubillaga "Igeldo", Asier Izagirre "Ipeñarrieta" eta Egoitz Armaolea.
Musika arloari dagokionez, egun guztian zehar honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Urretxuko Lizarriturri txistulari elkartea eta Iratzarri dultzainariak, Tolosako dultzainariak eta Zumarraga-Urretxuko trikitilariak, Secundino Esnaola musika eskolako trikitilariak eta Zumarragako Musika Banda eta Antxiñako Ama txistulari taldea. Arratsaldeko 17.30ean erromeria izango da Zatekeen taldearekin Areizaga-Kalebarren plazan.
Aurkezpen ekitaldian Urretxuko alkate den Jon Luqui eta Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatua ere izan ziren. Azken honek baserritarrek herrialdeko orekari egiten dioten ekarpena nabarmendu nahi izan zuen. «Baserritarrak Gipuzkoa lurralde orekatua izan dadin paper garrantzitsua jokatzen du, paisaiari egiten dion ekarpenagatik, klima aldaketaren aurrean egiten duen ekarpenagatik, ekoizten dituen produktuengatik, herri txiki eta landa auzoak bizirik mantentzen dituelako…».
Horregatik, azokan ikusi eta erosiko dituzten produktuez gain, Arrutik dei egin zien hiritarrei baserritarren lanaren atzean gordetzen diren balioak eta ekarpenak ere aintzakotzat hartzeko.
Udal agintariek, azkenik, garraio publikoa erabiltzeko deia egin zuten.
Santa Lutzi azokako establezimendu laguntzaileak:
Prest lan bertikalak, Eitza Consulting, Iraeta tabakoak.