Ura bezala berrituz doan musika eszenan, errota beti martxan
Ez da erraza izaten musikaren eszenan ibilbide luze bat garatzea. Proiektu handi zein txikiek agur esan digute 2023an, eta hala jarraituko dute datorren urtean ere. Zorionez, berriak ere agertu dira eta agertuko dira. Guztiei beren ekarpenarengatik eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen guri.
‘Ur goiena, ur barrena’ dio esaerak, urte berria ur berria edanez hasteko ohitura baita Euskal Herrian antzinatik. Uraren zikloak errota mugitzen duen bezala, musikaren errota ere musikari berriek jarriko dute martxan. Batzuk etorri egin dira 2023an, ongietorria eman behar diegu debutariak diren Eire, Ithaka, Lilo, Sukena, Deñe, Bele, Airu… eta gainerakoei. Kasualitatea edo ez, burura etorri zaizkidan izen guztiak emakumeek aurrera eramandako proiektuenak izan dira. Hori ere bada ur berria, freskoa, eta oasi izatetik ibai bihurtzen ari dena tantaz tanta.
Baina, batzuen emaria gero eta handiagoa den bitartean, badira lehortzen doazen errekak ere, tamalez. Uraren zikloan bezalaxe, bizitzaren zikloan ere aldaketak izaten ditugulako pertsonok, eta talde dinamiketan halakoak gertatzen dira.
Agur biretan murgilduta daude aurtengoan Euskal Herriko zenbait musika talde; batzuk entzutetsuagoak izan dira eta beste batzuk ez hainbeste. Ahal den neurrian, guztien berri ematen saiatu gara gure euskarri guztietan, izan paperean, digitalean edo irratian. Agurrek badutelako beren inportantzia eta inpotentzia.
Agur esatear direnak
Haritzaren hostoa izan da urte luzez lehen kolpean euskaldun batek modu errazean identifikatu ahal izan duena. Lau buruko hirusta formako beste bat oraindik ere ikusten dugu hainbat kamiseta eta pegatinatan. Baina, gazteenen artean huntzaren hostoa izango da akaso ezagunena. Huntza taldeak kontzertu bakarra falta du agur esateko, otsailaren 3an adio egingo digute, betiko edo ez, orain horrela izaten baita kontua. ‘Azkena balitz bezala’ izeneko kontzertu handia prestatu dute Bilboko Miribillan; festa giroan agur esan nahi dute, baina ziur hunkituko gaituztela. Haiek ere hunkitu samar ikusi baititugu urte honetan eman dituzten saioetan. Polita izan zen maiatzean 7Krako egin genien elkarrizketan NAIZ Irratiko estudioan sortu zen giroa.
Urtarrilaren 5ean izango da 2024ko lehen agurra, ordea. Ia hogei urteko ibilbidea osatu dute Xan Bidegain, Felix Buff eta Jurgi Ekizak Willis Drummond taldean. Aurtengo urtarrilaren 6an hasi zuten azken diskoaren bira Donostian eta hiri berean agur esango dute, sarrera guztiak agortuta, Intxaurrondo Kultur Etxean. Bagenekien taldeak geldialdia egin behar zuela, baina urtearen hondarrean jasotako whatsapp mezu hark aztoratu gintuen, geldialdia luzea delako.
Martxoan gauza bera egingo duena Liher taldea izango da. Willis Drummonden plaza bera aukeratu du talde donostiarrak etena egiteko bere bidean. Bi kantu eder utzi dizkigute beren azken urtean, eta aurreratu dute kontzertu benetan berezia emango dutela martxoaren 3an, Intxaurrondon. Aurretik, ordea, Bilboko Kafe Antzokian eta Gasteizko Jimmy Jazzen izango dira beren agur biran.
Euskal Herriko musikan ukitu berritzailea ekarri zuen Esne Beltza taldeak. Eta berritze etengabea izan dute diskotik diskora, baita ‘Esne bidea’ agurreko lanean ere. Diskoa azaroan kaleratu eta, segidan, hemezortzi urteko bideari bukaera emango zietela kontatu zuten. Aurtengo urtean plazaz plaza ibiliko dira, eta 2025ean, oraindik ez dakigun toki batean, festa handi batekin agurtuko dira betiko Xabi Solano eta konpainia. Belaunaldi oso batentzat berezia izango den agurra, ziur.
2023an joan direnak
Ez genituzke, baina, aipatu gabe utzi nahi dagoeneko agur esan diguten talde batzuk. El Columpio Asesino, Grises, Marlik, Pasadena edo Pleura taldeek adio egin digute azken urtean. Baina ziur gara haien emariek beste erreka batzuk ibai bihurtuko dituztela.