NAIZ

Inurri batzuek antibiotikoak sortzen dituzte beren zauri infektatuak tratatzeko

Saharaz hegoaldera ohikoak diren matabele inurriek kideen zauri infektatuak identifikatu eta antibiotikoekin tratatu ditzakete. Gizakiontzat ere erabilgarriak izan daitezkeen antibiotikoak aurkitzen lagun dezake aurkikuntza honek.

Matabele inurri bat, zauritutako kide bat artatzen.
Matabele inurri bat, zauritutako kide bat artatzen. (Erik FRANK | UNIVERSITÄT WÜRZBURG)

Afrikako matabele inurriak zauritu egiten dira termitekin izandako borroketan eta kide horiek badakite zauri horiek noiz infektatzen diren, antibiotikoekin tratamendua hasteko.

Hala jakinarazi du ‘Nature Communications’ aldizkarian Würzburgen dagoen Julius-Maximilians-Universität (JMU) unibertsitateko Erik Frank doktorea eta Lausanako Unibertsitateko Laurent Keller irakasleak zuzentzen buru dituen talde batek.

Saharaz hegoaldera oso zabalduta dagoen espezie horrek (Megaponera analis) oso dieta mugatua du: termitak baino ez ditu jaten. Ehizarako egiten dituzten espedizioak arriskutsuak dira, termita soldaduek beren kideak defendatzen dituztelako eta baraila indartsuak erabiltzen dituztelako hori egiteko. Beraz, oso ohikoa da ehizaldi horietan inurriak zauritzea.

Zauriak infektatzen badira, hiltzeko arriskua handia da, baina matabele inurriek osasun sistema sofistikatua garatu dute: infektatutako eta infektatu gabeko zauriak bereiz ditzakete. Azken horiek beraiek sortutako antibiotikoekin modu eraginkorrean tratatzeko gai ere badira.

Hilkortasuna nabarmen murrizten du

«Zauriaren infekzioaren ondorioz, inurriaren kutikularen hidrokarburoen profila aldatu egiten dela erakutsi dute analisi kimikoek», adierazi du Erik Frankek komunikatu batean. Hain zuzen ere, aldaketa hori da inurriek antzeman dezaketena eta, beraz, zauritutako habiako kideen infekzio egoera diagnostikatu dezaketena.

Tratamendurako, mikrobioen aurkako protein eta gaiak aplikatzen dizkiete infektatutako zauriei. Antibiotiko horiek toraxaren alboan dagoen guruin metapleuraletik hartzen dituzte. Jariakinak 112 osagai ditu, eta horien erdiek eragin antimikrobiano edo orbaintzailea dute. Eta terapia oso eraginkorra da: hilkortasun tasa %90 murrizten da, ikerketa taldeak nabarmendu duenez.

«Gizakienak izan ezik, ez dut ezagutzen zaurietarako hain tratamendu mediko sofistikatuak egin ditzakeen beste izaki bizidunik», nabarmendu du Erik Frankek. Halaber, Kellerrek gaineratu duenez, aurkikuntza horiek «inplikazio medikoak dituzte, inurrien zaurien patogeno nagusia, Pseudomonas aeruginosa, gizakiengan infekzioaren arrazoi nagusietako bat ere badelako, eta hainbat andui antibiotikoekiko erresistenteak direlako».

Würzburgeko ikertzaileak orain beste inurri espezie batzuen eta beste animalia sozial batzuen zauriak zaintzeko portaerak aztertu nahi ditu. Halaber, inurriek erabiltzen dituzten antibiotikoak identifikatu eta aztertu nahi ditu, ikerketa kimikoko taldeekin lankidetzan. Horrek gizakiongan ere erabil daitezkeen antibiotiko berriak aurkitzea ekar dezake.