Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Entrevue
Maialen Oleaga eta Jaione Martinez
Perlatako kideak

«Sorkuntzan, trabatze eta haserreetatik gauza ederrak sortzen dira»

Perlata 2015an Arrasaten sorturiko taldea da. Maialen Oleaga, Ane Garai, Jaione  Martinez eta Txerra Bolinagak osatzen dute eta KuirPunk aren esparruan kokatzen dute beren musika. Arte espresio ezberdinak jorratzen dituzte, horren lekuko orain gutxi aurkeztu duten ‘Punkaren beste aldea’ dokumentala.

Perlata musika taldeko kideak.
Perlata musika taldeko kideak. (Deserto Productions)

‘Punkaren beste aldea’ Jesusi Etxeberriari buruzko dokumentala da. 81 urteko emakume honek musika akademia bat izan du 55 urtez Arrasaten, bertatik pasa dira hainbat eta hainbat arrasatear gazte eta guztiekin bat egiten jakin du. Besteak beste musikaren esparru guztietara zabaltzen jakin duelako, baita punkera ere. Bai, Jesusuik gustuko du punka, eta eskuek ez diote dardar egiten gitarra elektrikoa hartzerakoan.

Gaztetxe eta kultur-etxeetan zirkulazioan jarri dute dokumentala. Urtarrilaren 29an Orioko Etxeluzen ikusi ahalko da, eta otsailaren 7an Oñatiko Antixenan. Eta Perlata oholtza gainean ariko da urtarrilaren 27an, Tafallako Gabalzekan.

Zenbat aldiz entzun duzue punka hil dela?

Jaione Martinez: Guretzat, punka musika genero bat izateaz gainera jarrera bat da, bizitzari aurre egiteko modu bat. Erantzun bat, gizarte honetan ezarritako arau edo moldeetatik irteteko bide bat.

Zuek hor kokatzen duzue Perlata. Zer da Perlata?

Maialen Oleaga: Musika talde bat gara, baina baita arte sorkuntzarako espazioa ere. Beste formatu batzuetan ere sortzen dugu, adibidez dokumental bat egin dugu, ikusten dugulako gure kezkei edo gizartearen arrakalei modu ezberdinetan erantzun diezaiokegula.

Punka aipatu dugu. KuirPunk kontzeptuan kokatzen zarete.

M.O.: Bai, KuirPunka apurka ezagutzen joan garen espazioa da: hasieran etiketa batzuk jartzen dizkiozu zure buruari edo jartzen dizkizute kanpotik, punka, rocka… eta hor ez ginen eroso sentitzen, guk bat egiten ez dugun genero rol eta arau batzuk daudelako. KuirPunka da espazio bat non guk, gure gorputzekin eta gure musika egiteko eta sentitzeko moduekin nahi duguna nahi dugun moduan egin dezakegun.

J.M.: Espazio aske bat azkeenan, gu geu izateko.

Aipatzen zenuten, KuirPunkak eskaintzen dizuela testuinguru edo espazion hori, aske sentitzekoa, zareten bezala agertzekoa. Zuen kantuetan hori nabari da, oso musika zuzenda da, mezu gordin edo indartsuak dituena. Hori da zuen helburua, esan nahi duzuen hori argi eta zuzen iristea entzuleengana?

M.O.: Ez dakit helburua den, baina horrela irteten zaigu. Behar batetik idazten dugu, gure kezka eta zaurietatik, eta batzuetan goxotasunetik abesten dugu eta besteetan haserretik.

J.M.: Eta entzuleari iritsi eta ‘klik’ egiteko balio badio, zelakoak garen edo munduan egoteko dugun moduaren gainean hausnartzeko balio badu, ba gu pozik.

«Guretzat, punka jarrera bat da, bizitzari aurre egiteko modu bat. Erantzun bat, gizarte honetan ezarritako arau edo moldeetatik irteteko bide bat»

Kezkak, zauriak aipatu dituzue. Beharbada hortxe dago gakoa, zuen kezka eta zauriak badirela publikoaren kezka eta zauriak ere, egunerokoan eragina duten kontuak.

M.O.: Guk dokumentu bat dugu, guretzat kaxoi moduko bat dena, eta bertan konpartitzen ditugu gure kezkak, egun txarrak eta onak, ospatzeko ditugunak eta gorputzetik pasatzen zaizkigunak. Dokumentu horretan idatzi eta gero zirriborro horiek baliatzen ditugu sortzeko. Denon artean erabakitzen dugu zer landu, nahiko kolektiboa da gure sortzeko modua.

Eta inspirazioa askotan lekuek ematen digute: naturara edo itsasora joaten gara batera, eta hor sortzen dugu. Gero, lokalean hartzen du forma abestiak.

Perlata, zuzeneko betean. (Beñat ABASOLO)

Sorkuntza kolektiboak batidu bere alde errazak eta ez hain errazak. Elkarlan horretan eroso sentitzen zarete?

M.O.: Bai, eroso sentitzen gara. Lagunak gara eta denbora asko daramagu elkarrekin sortzen, beraz, oso ondo ezagutzen dugu elkar eta sorkuntza puntu oso politetara iristen gara. Bidean, haserretzen gara, eztabaidak izaten ditugu… baina beti iristen bakarrik helduko ez ginatekeen puntuetara. Trabatzeak eta haserreak ere politak dira, hortik gauza ederrak irteten dira. Eta bidea disfrutatu egiten dugu.

J.M.: Horrela lan egitea modu natural batean irteten zaigu, horrela ulertzen dugulako sorkuntza bera ere.

Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez abesten duzue. Zeren baitan egoten da hizkuntzaren hautua?

J.M.: Ideia bat, esaldi bat, hitz bat burura etortzen zaizunean zerbaitegatik iristen zaizu hizkuntza jakin batean. Eta hortik tiraka hasten gara gehiago idazten.

M.O.: Hizkuntza mantendu egiten dugu, askotan hizkuntza aldatzera bera ere kosta egiten delako. Batzuk euskaraz bizi gara, besteak erderaz… euskaraz bizitzea gustatuko litzaiguke, baina beti ez da posible. Eta ingelesez idazten ere ohituta gaude, gure erreferente musikal asko hizkuntza horretan datozelako. Baina egia da hori aldatzen ari dela: orain ingelesez egin ditugunak entzun eta ez gara horren lotuta sentitzen, beraz uste dut hurrengo diskoan ez dela ingelesik egongo. Hala ere, utziko diogu bizitzen etortzen den moduan, naturaltasunetik.

«Egun punk eszena potentea da, baina guk partekatzen ditugun eszenario gehienak oso maskulinizatuta daude. Aldatzen ari da, baina asko dago egiteko»

Punka, indar gehien zuen garaian, 80ko hamarkadan, oso maskulinoa zen. Hor izan da bilakaera positibo bat.

M.O.: Egun talde asko dago, eszena potentea da, baina guk partekatzen ditugun eszenario gehienak oso maskulinizatuta daude. Aldatzen ari da, baina asko dago egiteko. Denon artean gabiltza bidea egiten.

Horretan ere, erreferenteak izatea garrantzitsua da.

M.O.: Bai, eragina du, betidanik ikusi ditugun gorputz eta jarrera horiekiko ezberdinak direnak oholtzan ikusteak, horrek bideak zabaltzen ditu eta ‘nik ere egin nezake’ pentsatzera zaramatza.

Perlata musika talde bat baino gehiago da, sorkuntza espazio moduan deskribatzen duzue zuek.

M.O.: Sorkuntzarako espazio moduan bizi dugu Perlata, bidea ematen diguna barruan duguna ateratzeko, formatu ezberdinetan. Argi dago musika dela ardatza eta horren inguruan mugitzen garela, baina bideoklipak egin izan ditugu, horiek ere modu kolektiboan, ipuin erotikoak idatzi ditugu eta orain dokumental bat egin dugu, gure lehena. Eta ikusiko dugu bideak zer ekartzen digun.

Perlatako kideak, Jesusi Etxeberriarekin.

‘Punkaren beste aldea’ du izena dokumentalak, oso pertsonaia berezi baten ingurukoa: Jesusi Etxebarria.

M.O.: Jesusi izan zen gure musika irakaslea, 15-16 urte genituenean berak irakatsi zigun gitarra jotzen; guri eta Arrasarte erdiari.

J.M.: Akademia txiki bat zuen Iturrioz kalean, eta hor ikasi dugu musika jotzen. Arrasaten, Jesusirekin ikasi ez duenak haren partitura bat jaso du etxean, berak zabaldu du herrian musika eta musikarako grina.

M.O.: Orain 81 urte ditu, eta 70 urte arte egon zen musika irakasten.

Eta punk zalea da, gitarra elektrikoa jotzen du eta ez du inolako arazorik kantu hauek abesteko.

M.O.: Berari axola diona da bakoitzak nahi duena egiteko aukera izatea eta musika maitasunetik bizitzea. Punka erakutsi duen moduan beste mila estilo ere erakutsi ditu, ikasle bakoitzaren gustuetara egokitu izan da eta une horretan gazteen artean bazegoen punkerako grin hori. Berak, lagundu egin digu musika ikasten, gozatzen eta zabaltzen.

Zer jaso nahi izan duzue dokumentalean?

J.M.: Dokumentalak bere bizitza ibilbidea jasotzen du. Bere testigantza eta herriko jendeak beraz kontatzen duena bildu dugu. Gura izan duguna da argitara ateratzea Jesusiren historia eta balioa eman herri honi egin dion aportazioari. Azkenean, Arrasate historia musikal bat duen herria da, punk eszenan batez ere, eta horretan Jesusi gakoa izan dela uste dugu, nahiz eta orain artean ez den agertu inolako dokumental, fanzine edo dena delakoan. Horrelako jende barik beste gauza batzuk ez dira gertatzen.

«Jesusiri axola diona da bakoitzak nahi duena egiteko aukera izatea eta musika maitasunetik bizitzea; punka erakutsi duen moduan beste mila estilo ere erakutsi ditu»

Ze harrera ari da izaten?

M.O.: Estreinaldia Amaia antzokian egin genuen, familia, lagunak, musika taldeetako jendea..,. bildu ginen. Denok ikusi genuen batera eta asko disfrutatu genuen, Jesusiren esentzia oso modu freskoan jasotzen duelako dokumentalak: bera autentikoa da eta hor jasotzen da bere horretan, orduan barre pila bat egin genuen denok. Aktuazio batzuk ere egon ziren, eta oso polita izan zen.

Jesusik zer aipatu dizue?

J.M.: Bera oso pozik dago, halako errekonozimendu bat jasotzea, herriaren aldetik halako maitasun keinua jasotzea oso polita da.

Non ikusi ahalko da?

M.O.: Durangoko Azokaren ostean, gaztetxe eta kultur elkarteetan ari da ematen. Ibilbidea edukiko du herrietatik zehar.

Perlataren zuzenekorik bai?

M.O.: Laister disko berria prestatzen hasiko gara, udaberri aldean jarriko gara horrekin.