Nerea Lauzirika
Bilbo

Basabik gizakiak naturan izan duen esku-hartzeari heldu dio ‘Oma’ lan berrian

Bigarren diskoa aurkeztu du Basabi taldeak, ‘Oma’. Basoan gizakiak izandako esku-hartzeen inguruan hausnartu dute lanean eta Loraldia jaialdian aurkeztuko dute proposamena, hots, martxoaren 9an.

Basabiko taldekideek Campos Antzokian aurkeztu dute lan berria.
Basabiko taldekideek Campos Antzokian aurkeztu dute lan berria. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bigarren diskoa dakar Basabi taldeak: ‘Oma’. Basoa bezala jarri diote izena, hain zuzen ere, bertan gizakiak izandako esku-hartzeen inguruko hausnarketa delako lana. Loraldia jaialdian aurkeztuko dute publikoaren aurrean, hots, martxoaren 9an.

Duela hiru urte plazaratu zuten lehen diskoa, baina ez da izan ibilbidean aurrera atera duten proiektu bakarra, laugarrena baizik, taldekideek aurkezpenean azaldu dutenez. Bost musikari dira guztira: Iñigo Coto, biolina; Marina Barredo, biola; Ricardo de Lucas, kontrabaxua; eta Sergio Lamuerda eta Txomin Dhers, txalapartak. Basabi taldea 2018. urtean sortu zuten, musika klasikoa ezagutarazi eta txalapartarekin bere ohiko testuinguruetatik harago esperimentatzeko.

Diskoari eman dioten izenak entzuleak abestietan aurkituko duenaren pista bat ematen du. Izan ere, Josu Venerok egin zuen izen bereko dokumentalerako sortutako hiru abestiak izan dira bildumaren abiapuntua.

Hamar pieza ditu disko berriak: ‘Memento’, ‘Gau Urdinak’, ‘Laino Artean’, ‘Land Area’, ‘Zilar Mendia’, ‘Egurra’, ‘Nebula’, ‘Motius Stabilis’, ‘Latens’ eta ‘Occasus’. Kantuentzako egindako bideoklipak taldearen YouTube kanalean dauzka eskuragarri ikusi nahi dituenak. Deigarriak dira bideoak, Josu Begiristainek sortutako bisualek osatuak, eta musikari laguntzen diote gizakiaren esku hartzea irudikatzen duen soinu-paisaia berriak arakatzera bultzatzen duen bidaian.

Hain zuzen ere, gizakiak Omako basoan izan duen esku-hartzearen alderdi negatiboa ahaztu gabe, alde positiboari ere heldu nahi izan diote diskoan. Bertan dago Agustin Ibarrolaren artelana, baina baita pertsonen bestelako eraginak ere, azpimarratu dutenez, hala nola, Bolunzuloko errotak, Santimamiñeko haitzuloetako labar pinturak, Arrolako kastroa edo Gastiburuko santutegia.

Oso lan filosofikoa dela azaldu dute, hausnarketatik abiatu delarik, hain zuzen ere, ikus-entzulearengan hausnarketarako grina ere pizten duena. Disko fisikoa eskuratzen duenak, dakarren testuaren bidez jasoko du edukiaren azalpena.

Aurreko diskoarekin alderatuta, nabarmena da estilo aldaketa. Musika egiten ari diren artean sortzen duten estiloa dela azaldu dute, «ez dakigu nola deitu, Basabi ez bada». Ingelesezko work in progress esaera baliatu dute haien egiteko modua azaltzeko, eta adierazi dute estudioan lan sakona egin dutela.

Zuzenekoa nola egikaritu planteatzen ari dira oraindik. Izan ere, azaldu dute musika klasikotik eta folketik datozen musikariak izaki, soinua haiengandik zuzenean ateratzea nahi dutela. Ez da posible izango, ordea, eta aurretiaz grabatutako doinuren bat ere izango dute lagun taula gainean, baita harpa ere hiru abestitan. Hori bai, zentralitatea emango diote txalapartari.

Estreinaldia, Loraldian

Martxoaren 9an eramango dute taula gainera proposamen berria, Bilboko Campos Antzokian, hain zuzen ere, Loraldia jaialdiaren baitan. Horrela, Lorazain Eguneko plater nagusia izango dela adierazi dute antolatzaileek.

Loraldia Festibalak bere hirugarren edizioan sortu zuen Lorazain Eguna, eta harrezkero urtero ospatzen du. Lorazain Eguna Loraldiak sortutako komunitatearen ospakizun eguna da, hots, Lorazainak omentzeko eguna. Lorazainek prezio berezia izaten dute Loraldia Festibaleko ekitaldi guztietan eta Lorazain Egunean doakoa da ekintza guztientzako.

Lorazain izan gabe Basabiren emanaldiaz gozatu nahi dutenek, jaialdiaren webgunean bertan dauzkate eskuragarri sarrerak.