Amagoia Bilbao

Odolostez beteriko aza hostoak

Osagaiak 4 lagunentzat
12 aza hosto, gatza. Betegarria: 300 g barazki odoloste, tipula bat, porru bat, olioa, gatza. Saltsa: tipula bat, baratxuri ale bat, azenario bat, 3 aza hosto, tomate heldu bat, salda, olioa, gatza.

Zailtasuna                            3

1. Aza hostoak garbitu eta osorik utzi.
2. Eltze batean ur ugari eta gatza irakiten jarri. Aza gehitu eta 15 minutuz egosi. Ur hotzetan freskatu, eta xukatu.
Betegarria:
1. Eltze batean tipula erdia, porruaren atal berdea, gatza eta odolostea urarekin 30 minutuz egosi, su eztitan eta estali gabe.
2. Odolostea atera, azala kendu eta papurtu.
3. Geratzen diren tipula eta porrua txikitu. Olio pixka batekin erregosi.
4. Odolostea gehitu eta arin erregosi.
Saltsa:
1. Eltze batean zerrendatan moztutako tipula, baratxuria eta azenarioa olio pixka batekin erregosi, su eztitan.
2. Zerrendatan moztutako aza eta zatitutako tomatea gehitu eta erregosi.
3. Bi baso salda bota eta 15 minutuz egosi. Behar adina gatz bota.
4. Irabiagailuarekin nahasi eta txanotik pasatu.
Bukatzeko:
1. Betegarria aza hostoen erdian jarri eta bildu.
2. Labean sartzeko azpil batean bilduak jarri eta saltsarekin estali. Labe beroan sartu, 190 gradutan, ondo berotu arte.