Azkar pasa zaizkio CodeSyntax Eibarko enpresari bost urte hauek. 2019an ‘Egunean Behin’ APP-a sortu zuen eta, «harrigarria» iruditzen bazaio ere, 220.000 jokalari ezberdin baino gehiagok 50 milioi partidatik gora jokatu dituzte ordutik. Galdera-erantzunen jokoa 160 astez egon da martxan azkenengo bost urteetan.
Kaleratu zenetik, ‘Egunean Behin’ «Euskal Herriko entretenimendu kulturaren zutabe» izan dela ikusi dute, adin eta jatorri guztietako jokalariak erakarri baititu. «Bere sinpletasunak, dibertimenduarekin eta galdera eta erantzunen erronkarekin batera, ‘Egunean Behin’ gizarte bileren, jaien eta familia ekitaldien artean denbora-pasa gogokoenetarikoa bihurtu du», baloratu dute sortzaileek.
Pozik ari dira ‘Egunean Behin’-en bost urteak ospatzen. Denbora honetan zenbat hazi eta garatu den ohartzen dira, gainera. Josu Azpillaga jokoaren sortzaileetako batek adierazi duenez, hasieratik izan dute helburu jokalari guztiei esperientzia dibertigarri eta hezitzaile bat eskaintzea. Jokalari komunitatearen etengabeko babesa eskertu nahi dute, baita lagun izan duten enpresa eta erakunde sare zabala ere.
50 milioi partida baino gehiago jokatu izanak ‘Egunean Behin’ askok maite duten denbora-pasa dela erakusten du. Lotura sozialak sendotzeko eta erronka intelektualaren bidez lagunartea sustatzeko jolas baliagarria da, sustatzaileen esanetan. Luistxo Fernandez edukien arduradunak hala aipatu zion NAIZ Irratiari elkarrizketa batean: «Gutxi gorabehera euskaldunen %10ak jokatzen du egunero ‘Egunean Behin’ jokoan».
Finalak jokatzeko festak antolatu izan dituzte, arrakastaz antolatu ere. Duela urtebete, adibidez, euskal trivialaren ospakizunak 110 zale elkartu zituen Donostian.
‘Egunean Behin’-en parte hartu duten lagun gehienak Euskal Herrian bizi dira, baina mundu osoko 45 herrialdetako euskaldunek ere jokatu dute.
Era berean, jokoaren bertsioak ere sortu dira bertze hizkuntzetan. Galesez ‘Cwis Bob Dydd’ izenarekin eta katalanez ‘Un Cop al dia’ izenarekin.
Zaldieroaren kamiseta esklusiboak
Mugarri hau ospatzeko, «zozketa bereziak, sari zirraragarriak, Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariaren kamiseta esklusiboak, eta jokalarientzako galdera berriak» prestatu dituzte.
Sortzaileek ospakizunarekin, ‘Egunean Behin’-ekin eta euskarazko kultura digitalarekin bat egitera animatu dute. Informazio gehiago eskuratzeko eta bosgarren urteurrenaren ospakizunera batzeko, webgunea bisitatzea proposatu dute: https://eguneanbehin.eus/5urte/ .