Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Domeinuak 10 euroan eskuratzeko eskaintza, lehen .EUS-aren hamargarren urtemuga ospatzeko

.EUS domeinuaren 10. urtemugako ekitaldian Puntueusek euskal Interneten izan duen eraginaz hitz egin dute adin eta esparru ezberdinetako 10 lagunek. 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da .EUS gaur egun, eta zifra hori handitzeko asmoz kanpaina berezia abiatu dute.

.EUS domeinuaren hamargarren urtemuga ospatzeko agerraldia, Bilbon.
.EUS domeinuaren hamargarren urtemuga ospatzeko agerraldia, Bilbon. (Endika PORTILLO | FOKU)

Apirilak 15 dituen honetan 10 urte bete dira lehen .EUS webgunea sareratu zenetik: domeinuak.eus izan zen lehen webgune hura. Urte berean, 2014an, izango ziren beste mugarri garrantzitsu batzuk ere. 2014ko ekainaren 28an sareratuko ziren lehenengo 92 .EUS aitzindariak eta abenduaren 3an aktibatuko ziren beste 1.292 .EUS. Egun berezi hau aukeratu du Puntueusek, bere domeinuaren 10. urteurreneko ospakizunei hasiera emateko. EITBren Bilboko egoitza izan da haututako topagunea eta adin eta esparru ezberdinetako 10 lagun elkartu dituzte solaserako.

Atzera begirakoan, Iñaki Goirizelaia Puntueusen lehendakariak azaldu du .EUS sortu arte bazirela proiektuak eta ekimenak baina «ezin zen esan euskal Internet bat zegoenik». «Bagenekien zerbait egin behar genuela, Interneten ez geneukan tokirik eta euskal nortasunak Interneten behar zuen tokia izan behar zuela erabaki genuen», gogoratu du.

«Urte askotako lana izan zen, baina erabaki egokia izan zela konturatu ginen berehala. Orain argi dugu erabaki hori hartu behar genuela. Bestela, nolakoa litzateke Internet, gaur egun, .EUS gabe?». Nabarmendu du Goirizelaiak.

Bide horretan, Josu Waliño, Puntueuseko zuzendariak, .EUSen etengabeko hazkundea goraipatu du: «.EUSen ia 15.000 gara. Ia 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da. Ingurune digital ziberseguru eta euskaldun baten hautua egin dutenen domeinua gara; eta, urtez urte gero eta gehiago gara. Izan ere, eraldaketa digital bete-betean gaude, punta-puntako teknologia dugu eta komunitate- eta partaidetza-sentimendua dugu. Enpresa eta ekintzailetza-proiektu berri askoren lehen hautua gara», azpimarratu du.

Horrez gain, .EUSek euskal Interneten duen eraginaren argazkia egin du. 2023an egin duten azken neurketak erakusten du Euskal Herriko Interneten dauden webguneen %15ek hitz egiten duela euskaraz .EUS diren webguneen %70 euskaraz dagoelako. «Beraz, Internetek duen aniztasun horretan euskarak eta euskal komunitateak berariazko tokia irabazi dute .EUSi esker. .EUS domeinua euskal gizarte digital hobe baterako tresna da: euskaratik kohesionatuz, segurtasuna indartuz eta inklusioa sustatuz», adierazi du Waliñok. 

Solasaldi berean, Nacho Amadoz, domeinuen nazioarteko komunitatearen ordezkariak .EUS domeinua mundu mailan «eredugarria» den domeinua dela azpimarratu du, «bai bere komunitatean duen eraginagatik, bai gizartean duen onarpenagatik, bai kudeaketa eredu arduratsuagatik eta Interneten euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren tresnak sortzen egindako lanagatik».

Hamar urte asko edo gutxi izan daitezke baina Interneten gauza asko gertatu dira eta belaunaldi berriak ere iritsi dira. Gaur egungo Interneteko profesional berriak ume ziren lehen .EUSak sareratu zirenean. June Ibarloza EHUko Adimen Artifiziala graduko lehen promozioko ikaslea da eta denbora laburrean aurrerapauso handiak emateko aukera ikusten du: «adimen artifizialean, gutxi arte, aritzen ginen oso maila globalean eta ingelesez eta ari gara euskararen erabilera normalizatzen. Iruditzen zait jarraituko dugula zabaltzen».

10. urteurrena mugarri garrantzitsua da Puntueusentzat, eta ospatzeko kanpaina abiatuko du. Lorea Arakistain, marketin zuzendariak aurkeztu ditu kanpainaren helburuak: «garrantzitsuena urteurren hau gizarte osoarekin ospatzea da. Era berean, komunitatea zabaltzeko ariketa ere bada: komunitate handi eta askotarikoa garatzen ari gara. Eta, baliatuko dugu azaltzeko .EUS domeinuak zein balio bereizgarri dituen, .EUS domeinuak erabiltzaile bati ematen dion guztia».

Horregatik, eskaintza berezia sortu du domeinuak: Kanpaina martxan dagoen bitartean, hau da, gaurtik 2024ko abenduaren 31ra bitartean, 10 euroan erregistratu ahal izango dira .EUS domeinuak. Gaur hasi eta urte amaiera bitarte hainbat ekimen garatuko dituzte.