NAIZ

Tumoreak eta zirkulazio sistemako eritasunak dira lehen heriotza kausak

Hego Euskal Herrian 28.135 pertsona hil ziren 2023an, INE estatistika institutu espainiarrak emandako datuen arabera. Lehen arrazoia tumoreak izan ziren, bereziki bronkio eta biriketako minbizia, eta bigarrena, zirkulazio sistemako gaixotasunak. Halere, bi kasuetan behera egin du heriotza kopuruak.

Onkologikoa, Donostian.
Onkologikoa, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

2023ko Heriotzen Estatistikaren berri eman du asteazken honetan INE institutuak. Bertan azaltzen denez, orotara 28.135 lagun hil ziren Hego Euskal Herrian, gehienbat tumoreen eta zirkulazio sistemako arazoen eraginez. Aipatzekoa da, hala ere, bi kasuetan jaitsi direla heriotzak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 22.291 pertsona zendu ziren, 2022an baino %7,9 gutxiago. 11.263 emakumeak izan ziren eta 11.028, gizonak. 6.243 lagunek tumoreen ondorioz galdu zuten bizia. Aurreko urtetik %2,1 jaitsi dira tumoreek eragindako heriotzak.

Bertze 5.609 pertsona zirkulazio sistemako gaixotasunen ondorioz hil ziren, 2022an baino %2,7 gutxiago.

Arnas aparatuko arazoek eragindako heriotzak, gora

Heriotzen hirugarren kausa arnas aparatuko eritasunak izan ziren. Kasu honetan, gainera, areagotu egin dira heriotzak: 1.639 pertsona hil ziren 2023an, aitzineko urtean baino %5,1 gehiago.

Nerbio sistemarekin lotutako arrazoiengatik 1.495 pertsona hil ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aitzineko urtean baino %5,3 gutxiago, eta liseriketa sistemako arazoengatik bertze 1.047 lagun, %7,9 gutxiago.

Covidaren eragina aunitz gutxitu da

Nabarmentzekoa da covid-19arekin lotutako heriotzen jaitsiera handia: 2022an 1.702 pertsona izan ziren; 2023an, berriz, 358 izan ziren, %78,9 gutxiago.

Heriotza guztietatik, 744 kanpo arrazoiengatik izan ziren: 192 pertsona erorketengatik hil ziren, 140 suizidioagatik, 109 itota (uretan murgilduta edota itolarriagatik), 60 trafiko istripuengatik eta bederatzi bertze norbaitek hilda.

Nafarroan 5.844 pertsona hil ziren 2023an, aitzineko urtean baino %7,5 gutxiago. 1.516 lagun tumoreen ondorioz hil ziren, baina 2022tik %3,5 jaitsi dira kausa honengatik gertatutako heriotzak. Zirkulazio sistemako arazoen eraginez 1.423 pertsona zendu ziren, %5,3 gutxiago.

Azpimarratzekoa da arnas aparatuko gaixotasunen ondoriozko heriotzek %11,5 egin zutela gora urte batean: 638 izan ziren 2023an. Joera hori orokorra da, gainera, ikerketa egin den Estatu espainiar osoan.

Bronkio eta biriketako minbizia

Estatu osoan agertzen dira tumoreak lehen heriotza kausa gisa. Heriotza guztien %26,6 eragin zituzten. Bronkio eta biriketako minbiziaren ondorioz hil ziren gehienak, 22.717 pertsona, eta kopuru hau berdin mantendu da aurreko urtetik. Koloneko minbiziak 10.891 heriotza ekarri zituen, %2,3 gutxiago.

Zirkulazio sistemako heriotzak %5,3 gutxitu ziren 2022tik: bigarren heriotza kausa izan ziren, heriotza guztien %26,5. Bihotzeko gaixotasun iskemikoak dira eragin gehien dutenak, eta jarraiandatoz eritasun zerebrobaskularrak. Bi kasuetan behera egin du eraginak.

Covidak eragindako heriotzak %75,1 gutxitu ziren: heriotza guztien %1,8 izan ziren. Arnas aparatuko arazoek ekarritako heriotzek gora egin dute, ordea. Neumoniak eragindako heriotzak %17,1 igo dira, eta behealdeko arnasbideetako eritasun kronikoek eragindakoak, berriz, %2,6.