CONTENU SPONSORISÉ

Mungiako Sukalki egunean 300 talde baino gehiagok parte hartuko du

Sukalki eguna Mungiako jaien egutegian klasiko bihurtu den lehiaketa gastronomikoa da (56. edizioa) eta aurten 3.000 pertsona inguru biltzea espero dute, ekitaldian parte hartuko duten 300 talde baino gehiagotan banatuta.

Sukalkia prestatzeko Bizkaiko sukaldaritza tradizionaleko osagaiak erabiliko dira.
Sukalkia prestatzeko Bizkaiko sukaldaritza tradizionaleko osagaiak erabiliko dira. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Asteburu honetan ospatuko diren jai bakarrak ez dira Iruñea eta Lesakako sanferminak. Bizkaian ere jaietan murgilduta daude hainbat herri, hala nola Zaldibar, Amoroto eta Mungia. Uribeko herri horretan bigarren asteburua dute eta bukaera ezinhobea emango diote, igandean, sukalki egun handiarekin.

Ostiralean hainbat ospakizun izan da, tartean Ingule Gazte Asanbladak antolatutako gazte bazkaria edota Orkestra elekrotxaranga, eta eguna amaitzeko Zetak eta Eire taldeen emanaldiak izan dituzte.

Larunbatean (uztailak 6) nagusien eguna izango da, Bentades ikastetxean egingo duten lagunarteko bazkari eta erromeriarekin, eta arratsaldean bertsolariak ibiliko dira kalez kale: Iratxe Ibarra, Jone Larrinaga eta Koldo Gezuraga. Ondoren, musika izango da nagusi, kale desberdinetan eta txosnetan antolatuta dauden kontzertuekin, tartean Kuttune, Mizz Helio eta Mafalda.

Aurtengo jaietako azken eguna igandekoa izango da (uztailak 7). Ohikoa den bezala, Euskadiko Sukalki Txapelketa ospatuko da Uriguen parkean, Larramendi ikastolak antolatuta. Izenematea 10.00 eta 11.30 bitartean egin beharko da eta kazuelen aurkezpena 13.00etatik 14.00etara egin beharko da. Antolatzaileek gogorarazi dute sukalkia okela-gisadua dela, ez erregosia, eta kazuela hori prestatzeko Bizkaiko sukaldaritza tradizionaleko osagaiak erabiliko direla: behi-okela, patata, piper txorizerua, tipula, idarrak, zanoriak, tomateak, berakatza, oliba-olioa edo txerri-koipea, gatza eta ardo txuria.

Sukalki Egunean sortzen diren hondakinen gaikako bilketaz kontzientziatzeko eta bilketa mota hau bultzatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mungiako Udalak  ekimen bateratua garatuko dute. Horrela, hondakinak modu eraginkorrean bereizteko "kit"ak banatuko dituzte: ontzi arinak, organikoa, beira, papera eta kartoia, eta hondar-frakzioa. Aldundiak karpa bat ere jarriko du umeentzako dibulgazio-materiala eta jolasak banatuz ekitaldi horretan parte hartzen duten pertsonak hondakinen gaikako erretiratze egokiari buruz sentsibilizatzeko.

Giroa alaitzeko, goiz guztian zehar dultzainero, txistulari, trikitilari eta fanfarriak ibiliko dira eta gaueko 22.00etan erromeria hasiko da Lorratz taldearekin. Gauerdian, San Pedro jaien amaiera ekitaldia egingo da Udaletxe aurrean: Marijatari agur esan eta paineluak erreko dira.

Sukalki eguneko erakunde eta establezimendu laguntzaileak:
Trapuzarrak, Butroi Bizkaiko Txakolina, Artza Kirol Moda, Iturburu Inmobiliaria, Talleres D. Elgezabal, Torpedo Gorria Taberna, Mume Taberna, Zorroza Excavaciones, Elena Modak.


Zaldibar eta Amoroto

Zaldibarren ere jaietan murgildu dira asteburu honetan eta egitaraua igandera arte luzatuko da. Txupinazoa ostegunean bota zuten (uztailak 4), aurten hogeigarren urteurrena bete duen gaztetxeko kideen eskutik, eta horren aurretik Jose Luis Mendilibarri esker ona adierazteko ekitaldia egin zen, herriko gazteek donien-atxa jaso eta gero.

Ostiralean (uztailak 5) herri kirolak, pilota partidak eta musika emanaldien txanda izan zen eta larunbatean (uztailak 6) herri-bazkaria izango da txosnagunean, eta arratsaldean kuadrillen arteko txallengearen final handia toki berean. Eguna amaitzeko, DJak eta Altxa Porru taldearekin erromeria izango da.

Iganderako (uztailak 7), euskal dantzak, bertsolariak, kale antzerkia, jaietako argazkien emanaldia eta su artifizialak daude iragarrita.

Amoroton egun bat lehenago hasi zituzten jaiak, uztailaren 3an. Hurrengo egunean (uztailak 4) San Martin eguna ospatu zuten eta ostiralean (uztailak 5) hirugarren adinekoen bazkaria, krono-igoera eta kontzertuak. Larunbatean (uztailak 6), kuadrillen arteko paella lehiaketa egingo dute eta arratsaldeko 20.00etatik aurrera ez da musika faltako: Elektrotxufla, Andoni Ollokiegi, Unidad Alavesa eta DJ Amataki & Lagunak.

Aurtengo jai egitaraua igande arratsaldean amaituko da (uztailak 7), frontoian jokatuko diren mus eta briska txapelketekin.