«Honaino ailegatzen dira Bermeoko ituginak» esanez jaurti du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak teila uretara Izaro irlaren parean, tradizioak agintzen duen bezala, Madalenetako egun handian. Udalerriaren mugak berretsi eta aldarrikatzeko antzinatik egiten den ekitaldi sinbolikoa da, eta aurten Nestor Basterretxea herriko eskultorea izan dute gogoan.
Alkateak azpimarratu duenez, askorentzat Madalenaren Eguna «gure herriko itsas mugarria non dagoen eta gure teilatuko itoginak noraino iristen diren gogoratzeko eguna da».
«Zer hobe ospakizun hau gure herriko seme kuttunaren mugarri batekin lotzea baino: Nestor Basterretxea Arzadunen jaiotzaren mendeurrenarekin», adierazi du, eta zera erantsi: «Oraindik bizirik egongo balitz, mugarri ederra benetan».
Horrela, aurten uretara bota den teilak sinbologia «berezia» izan du, izan ere Basterretxeak 1982an diseinatutako ‘Izaro’ eskultura zeramalako inprimatuta, Gasteizko Legebiltzarraren ikurra.
«Bermeorentzat ohorea izan beharko luke Izaroren irudia bermeotar baten eskutik jaio izana, eta gure legeak egiten diren erakunde baten irudia izatea», adierazi du.
Basterretxeak Izaro uharteari «neskalaguna» deitzen ziola gogoratu du Bermeoko alkateak, «baina guk, mutil-lagun, neska-lagun edo beste barik lagun deitzen diogu Izarori. Gurean, askatasuna dago maite dugun horri etiketarik ez ipintzeko, bakoitzak maite dezala nahi duen moduan, norbera izan dadila nahi duena, sentitzen duena, guretzat denak dira kuttunak», nabarmendu du, askatasunaren, elkartasunaren eta tolerantziaren aldeko aldarria egitearekin batera.
Gaur, uztailaren 22an, Madalen Egunean, 퐁퐞퐫퐦퐞퐨퐫퐞퐧 퐢퐭퐬퐚퐬퐨퐳퐤퐨 퐦퐮퐠퐚퐫퐫퐢퐚 non dagoen 퐠퐨퐠퐨퐫퐚퐭퐳퐞퐤퐨 퐞퐠퐮퐧퐚 dugu. Horretarako, 퐈퐳퐚퐫퐨 퐮퐡퐚퐫퐭퐞 퐩퐚퐫퐞퐚퐧 gelditu eta itsasora 퐭퐞퐢퐥퐚 퐛퐨퐭퐚ko du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk. pic.twitter.com/Bg6WGJXulA
— Bermeoko Udala (@BermeokoUdala) July 22, 2024
«Madalenaren Egun ona» izatea espero duela gaineratu du.
Nadia Nemehk teila itsasora bota aurretik, Udalak Bermeoko bandera eta ikurrina jarri ditu Izaro uhartean. Ondoren, itsasontziak Elantxoberantz abiatu dira, eta bertan ohorezko aurreskua egin zaie ordezkari guztiei.
Besteak beste, Mundakako eta Elantxobeko alkate eta ordezkariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta Idurre Bideguren EH Bilduko senatari bermeotarra izan dira bertan.
Arratsaldean festak jarraituko du.