Donostiako Aste Nagusiaren hasiera itzela izan zen, ekitaldi guztietan izan zen parte-hartze handia lehen gau epelean. Flamenkan, esaterako, Akerbeltzen erromeria izan zen, Trinian Rukularen kontzertua eta Saguesen Amparanoia.
Igandean, ordea, termometroa 40 gradura arte berotu da eta horrek, jakina, eguna arras baldintzatu du. Udalak esan du «printzipioz ekitaldi guztiak normaltasunez» egingo dituztela baina jaietan kalean lanean ari diren pertsonei baldintza bereziak jarri dizkiete eta hirian aterpe klimatikoak non dauden ere jakinarazi dute. Gauean, pixka bat freskatzen duenean eta alerta laranja desaktibatzen denean, Esne Beltzak agur birako kontzertua emango du Saguesen eta Belek joko du Flamenkan.
Su artifizialei dagokienez, Mediterraneo su etxe valentziarrak egingo du gaur erakustaldia 59. txapelketan. Antonio Garcia kideak zehaztu duenez, 500 kilo pirotekniarekin argituko dute Kontxako badia. «Oso mediterranearra izango da proposamena, soinu eta indar handikoa eta anitza».
Ura, txapela eta egokitzapenak
«Gaur erronka beroa da», baieztatu du Ion Insausti Kultur zinegotziak. Horregatik, ura, eguzkitako krema, txapelak eta babesguneak jarri dituzte kaleko langileen eskura. Gainera, ekitaldi batzuen ordutegiak egokitu dituzte, pilota partidenak adibidez.
Erraldoi eta buruhandien kasuan hauek eramaten dituzten pertsonak maizago txandatuko dira Zurriola eta Gros arteko ibilbidean.
Abordatzea dator
Tenperatuek behera egingo dute, nabarmen, astelehen honetan. Beroa ez da oztopo izango Abordatze jendetsua egiteko: 24 gradu iragarri dituzte abiatzeko orduan (17.00etan).