NAIZ
Ordizia

La Leze gaztandegiak eskuratu du Ordiziako Gazta Txapelketako sari nagusia

La Leze gaztandegiko Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategik eskuratu dute Ordiziako LI. Gazta Txapelketako sari nagusia. Ondoren egin den enkantean 5.000 euro ordaindu du gazta erdiagatik Azkue Gourmet enpresak.

La Lezeko Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, gazta erdia erosi duen Josema Requena ordiziarrarekin.
La Lezeko Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, gazta erdia erosi duen Josema Requena ordiziarrarekin. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ilarduiako La Leze gaztandegiko Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategik ondutako gaztak irabazi du Ordiziako LI. Latxa Ardi Gazta Txapelketako lehen saria. 2.000 euro, txapela, Kutxaren garaikurra, 12.000 Idiazabal etiketa eta diploma jasoko dituzte.

Biak ala biak oso pozik agertu dira sariagatik, eta gaztandegian laguntzen dieten beren seme-alabei eskaini diete.

Bigarren saria Lekarozko Kortaria gaztandegiarentzat izan da. 1.000 euro jasoko ditu, Ordiziako Udalaren garaikurra eta diplomarekin batera.

Hirugarren Segurako Eneko Goiburu sailkatu da, iazko edizioko irabazlea. 500 euro eskuratuko ditu, garaikurra eta diplomaz gain.

4. postuan Egozkueko Loperena geratu da (250 euro), eta 5. Abadiñoko Urien gaztandegia (200 euro).

Epaimahaian hainbat sukaldari sonatu izan dira, Pedro Subijana buru zutela: Martin Berasategi, Hilario Arbelaitz eta Elena Arzak, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendaria, baita zenbait kazetari ere.

Guztira ardi latxa edo Karrantzako ardiaren esnearekin egindako 47 gazta aurkeztu dira Beti Alai pilotalekuan egin den lehiaketara, horietatik 24 keatuak. Gipuzkoako 20 gaztandegik, Nafarroako 12k, Arabako 9k eta Bizkaiko 6k hartu dute parte.

5.000 euro enkantean gazta erdiagatik

Irabazleak jakinarazi ondoren, enkantean jarri dute gazta irabazlea; lehen aldiz online parte hartzeko aukera ere izan da. Azkue Gourmet enpresak erosi du La Lezeren gazta erdia eta 5.000 euro ordaindu ditu, iaz baino 1.450 euro gehiago.