‘Marea arrosak’ Bilboko kaleak zeharkatu ditu aurten ere, bularreko minbiziaren aurkako martxa solidarioarekin. Acambi Bizkaiko Ginekologiako eta Bularreko Minbiziaren Elkarteak eta Urtzi gimnasioak antolatu dute eta, bederatzigarren edizio honetan, 55.500 euro bilu dituzte gaixotasun hori ikertzeko.
Lasterketa honetan parte hartzeko 10.000 izen-emateak agortuta zeuden eta, beraz, milaka lagunek bat egin dute ekimen solidario honekin. Bertan izan dira, baita ere, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzia eta Alvaro Perez Osasun eta Kontsumo zinegotzia.
Ekitaldiak goizeko hamaikak baino minugu batzuk lehenago hasi dira. Anabel Jimenez Acambico presidenteak hartu du hitza, lasterketari hasiera eman baino lehen, bertaratutakoei bularreko minbiziaren aurkako borrokan erakutsitako presentzia eta babesa eskertzeko.
Jimenezek nabarmendu du jardunaldi hori ere erreibindikatzailea dela, eta, horregatik, bularreko baheketa 45 urtera jaistea eskatu du, Europar Batasunean bezala 45 eta 74 urte bitartean ezarrita gera dadin.
«Ukitu zaitez»
Horrekin batera, esan du aurtengo mezua eta kamisetetan agertzen dena «ukitu zaitez» dela, «oso esaldi polita dirudi, baina oso esanahi garrantzitsua du».
Acambiko presidenteak 20 urtetik aurrera bularra esploratzera animatu du, «diagnostiko goiztiarra» egiteko garrantzitsua delako eta «gero eta minbizi gehiago saihestuko lituzkeelako». «Baheketarena gehiago dago erakundeetan, eta autoesplorazioarena geure baitan dago», adierazi du.
Anabel Jimenezek azpimarratu du «zorionez» gero eta «sendagai eta diagnostiko hobeak» daudela, baina bularreko minbiziaren eragina «gero eta handiagoa» dela, eta hemendik 2040ra «esponentziala» izango dela.
«Horregatik eskatzen dizuegu Acambitik autoesploratzeko, ukitzeko, emakumeak eta gizonak, badirudi gizonekin ez doala bularreko minbizia», adierazi du Anabel Jimenezek. Adibide gisa, Mikel Reyes aipatu du, bularreko minbizia duena.
Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Acambiko presidenteak nabarmendu du jendea «urtetik urtera gogotsuago» ikusten dutela, eta uste du lasterketa hau «klasiko bat» bihurtu dela. Aurten, astebete lehenago, 10.000 izen-emateak agortu zirela gaineratu du. «Gurekin daude eta denei gustatzen zaie», gaineratu du.
Maria del Mar Vivanco doktoreak nabarmendu du «beti beharrezkoa» dela «ikerketarako diru gehiago», horrek aukera ematen duelako «gaixotasuna hobeto ezagutzeko, terapia berria aurkitzeko eta tratamenduekiko erreistentzia maila txikiagoa izateko».
Jai giroan
Jai giroan eta familia askoren presentziarekin, lasterketa goizeko hamaikak jota abiatu da Guggenheim Museoaren zabalgunetik Euskalduna Jauregira iritsi arte, itsasadarraren ertzetik.
Euskalduna Jauregira iritsitakoan, bertaratutakoak Euskalduna Zubitik jaitsi dira, eta probak Campo Volantinetik jarraitu du udaletxerantz. Han zubia gurutzatu dute, Uribitarte Pasealekura jaitsi arte, eta berriro ere Guggenheimera itzuli dira.
Lehiarik gabeko proba da, 5 kilometrokoa, eta pertsona guztientzat irekita dago, korrika zein oinez egin daitekeelako. Lasterketaren ondoren, Zumba erakustaldia egin da.