CONTENU SPONSORISÉ

Sanfaustoak iritsi dira, puntual, Basauri eta Durangora

Urriaren 13a San Fausto eguna izango da eta hori ondo dakite Basauri eta Durangoko biztanleek. Bizkaiko bi herri horietan zaindariari eskainitako jaiak ostiral honetan bertan hasiko dira (urriak 11) eta bietan, baita ere, hamar egunez luzatuko dira, urriaren 20ra arte hain zuzen.

Txupinazoaren ondoren, kuadrillek Basauriko kaleak hartuko dituzte.
Txupinazoaren ondoren, kuadrillek Basauriko kaleak hartuko dituzte. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Basauriko jaiek aurten kirol kutsu berezia izango dute. Alde batetik, Kirolaren Europako Hiri gisa hainbat ekitaldi antolatzen ari direlako bertan, eta bestetik, jaietako txupinazoa Kirol Egokitutako Javi Conde klubak botako duelako, estatu zein nazioarte mailan irabazitako dominengatik. Beraiek zurrakapoterik probatuko ez badute ere, herritarrei ongi pasatzeko deia egin diete.

Txupinazoa baino lehen, ordea, herriko jaietan protagonismo berezia duten 16 kuadrillak Udaletxean elkartuko dira (ostiral arratsaldeko 19.00etan) pregoilariei omenaldia eskaintzeko eta Eskarabilerari ongi-etorria egiteko. Pregoia eta txupinazoa bera 20.00etan izango dira eta ondoren Basauriko 16 kuadrillek jaitsiera egingo dute Eskarabilera, fanfarre, dultzainero eta txistulariek lagunduta.

Ohikoa den bezala, jaitsieraren amaieran Eskarabilera saria emango zaio jaitsiera onenari eta gero lonjak irekiko dira. Gauean, kalejira, Disko Festa gazteentzat eta La Regadera eta La Resistencia taldeen emanaldiak izango dira.

Larunbatean, urriak 12, Indaba eguna ospatuko dute eta bertan ez dira faltako txistularien kontzentrazio eguna, garagardo azoka, herri kirolak, indaba jate herrikoia, kuadrillen arteko jokoak eta Gozategi taldearen emanaldia, besteak beste.

Igandean San Fausto egun nagusia ospatuko dute, pilota txapelketa, soka-dantza, prozesioa, kuadrillen bazkaria, irrintzi eta sokatira txapelketa eta trikitilarien emanaldiarekin.

Egitarauak datorren aste osoan jarraituko du, eta aipatzekoak dira osteguneko kuadrillen arteko tortilla txapelketa, larunbateko paella txapelketa, herri kirol jaialdia, nekazari erakusketa eta gotibehera txapelketa, eta igandeko artisautza azoka eta marmitako lehiaketa, beste askoren artean.

Basauriko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Basauriko Udala, Txokomex taberna-kantina, Restaurante Politena, Bar Amaia, Estanco Arriluzea.

Durangoko jaietako txupinazoa Vanessa Goikoetxea sopranoak botako du aurten. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Durango, atzo eta gaur

Durangon ere hamar egunez luzatuko dira festak, ostiral honetan hasita, eta jaietako egitarau ofizialak publiko mota guztiei zuzendutako 160 jarduera baino gehiago eskainiko ditu, tartean kultur arloko ekitaldi ugari. Txupinazoak ere kultur kutsua izango du, aurten Vanessa Goikoetxea sopranoa izango baita suziria botako duena, ostiral arratsaldeko 20.00etan, San Antonio ikastetxeko txiki txupineroek lagunduta.

Aurten, txupinazoan zehar Udaletxe plazan edukiera kontrola ezarriko da berriro, bertaratuen segurtasuna bermatzeko. Gainera, sartu ezin direnek ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango dute Andra Mari elizako arkupearen azpian kokatutako pantailatik. Nobedade gisa, San Fausto jaietako argazki historikoen bilduma erakutsiko da, garai batean nolakoak ziren eta haien bilakaera gogoratuz.

Txosna batzordeak ere egitarau zabala prestatu du datozen egunetarako eta txupinazoa ostiral iluntzeko 21.00etan izango da txosnagunean, herriko euskalgintzaren eskutik. Larunbatean gazte eguna ospatuko dute eta igandean paella txapelketa, erreka jaitsiera eta bertso poteoa, besteak beste.

Auzo elkarteek ere protagonismoa izango dute jaietan, durangarren hurbiltasuna eta parte hartzea indartzen duten jarduerak eskainiz. Aipagarrienen artean, Muruetatorre Auzo Elkarteak proposamen berezi bat aurkeztuko du Dantza Maratoiarekin, non bachata, kizomba, salsa eta afrodance tailerrak eskainiko diren, guztiak giroa dinamizatuko duten vermut musikatuez lagunduta. Nobedade handietako bat Durangoko I Mendi Martxa izango da, Alpino Tabira Mendizale Elkarteak antolatuta.

Azkenik, eta ohikoa den bezala, musika izango da San Fausto jaien zutabeetako bat, gustu guztietarako emanaldiekin. Kontzertu nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Shinova, Esne Beltza, Puro Relajo, Haize Arrosa, DJ Markelin...

Durangoko establezimendu laguntzaileak: Intxaurre Herriko Taberna, Opticalia.