NAIZ

Hirugarrenez, eskutik hartuta datoz NAIZ eta EZK Fest

Ezkerraldeko gizartearen ekosistema eraldatu asmoz sortu zen EZK Fest eta hori ikusarazteko jaialdia egingo da hirugarren urtez. Portugaleten eta Sestaon egin ostean, azaroaren 2an Barakaldok hartuko du testigua 2024koa antolatzeko.

Ezkerraldeari kolorea ematen saiatzen ari dira urtez-urte EZK Fest jaialdiko kideak.
Ezkerraldeari kolorea ematen saiatzen ari dira urtez-urte EZK Fest jaialdiko kideak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Azaroaren 2an, Barakaldon, izango da EZK Fest jaialdiaren hirugarren edizioa. Ansioko azoka-eremuan izango da, BECetik oso gertu. Horrek ere hartzen du esanahi berezia, orain arte jaialdia egin duten tokiak bereziak izan direlako Ezkerraldearen historia ulertzeko.

Aurtengo edizioan lau talde eta bi DJ izango dira oholtza gainean. Gatibu izango da horietako bat, 2025ean agurra esango dute Barakaldon bertan, metro gutxitara, eta azken biraren lehen geldialdia ere Bizkaiko langile-herrian izango da. ‘Agur esan barik’ esango dute agur, eta bide horretan lehen geltokia izango da EZK Fest.

Baix Penedes eskualdetik, Herrialde Katalanetatik, etorriko da Buhos taldea. Hatortxu bezalako elkartasun-jaialdietan ikusi ditugu oholtza gainean eta Euskal Herriarekin mantentzen dute halako harreman berezi bat. Zazpikote kataluniarra gogotsu dago Euskal Herrian berriz ere oholtzara igotzeko, En Tol Sarmiento taldeak haien ‘Volcans’ kantua euskaraz plazaratu zuenetik, gainera, zaletu gehiago dituzte bertan. ‘La nit està que crema’, 2023an ateratako diskoa, aurkeztuko dute EZK Fest-en.

Aniztasun musikala erakusten saiatzen dira Ezkerraldean egiten duten jaialdian eta horren adibide bada Ostikda taldea ere bertan izatea. Taldea edo elektrotxaranga, bietara egiten baitute beren emanaldia. Gainera, eskualdekoak dira eta horri ere garrantzia ematen saiatzen dira antolatzaileak, urtero-urtero beren herrietako ordezkaritza izaten baita jaialdiaren baitan.

Bukatzeko, Dupla talde aguraindarra ere bertan izango da. Elektronika eta doinu urbanoak, Aguraingo punka eta sekulako jarrera. Hori guztia da ‘De Un Pueblo Llamado Agurain’ aurtengo diskoan jaso dutena. Sekulako festa antolatzen duten doazen tokian Duplakoek eta EZK Fest ez da salbuespena izango, azaroaren 2an. Maricontiza eta Azeri DJek borobilduko dute jaialdia.

Sarrerak merkeago NAIZen harpidedunentzat

Sarrerak eskuratzeko moduan jarri dituzte duela bi astetik EZK Fest-eko kideek. Hala, NAIZen Harpidedunen Txokoan sartzen bazarete, harpidedunek %40ko deskontua izango dute sarrerak eskuratzerakoan, balio duten 22 euroen ordez, 13,2 euroren trukean eskuratu ahal izango dituzue.

Dena dela, Ticketic plataforman eskuratu daitezke sarrera orokorrak eta, horrez gainera, hainbat salmenta puntutan ere jarri dituzte lortzeko moduan. Santurtzin, Ahizpak-en; Barakaldon, La Union Sporten; Portugaleten, Casa Vicente-n; Sestaon, Kuttun Art-en; Bilbon, Errondabiden; Galdakaon, Herriko Bentan; Gernikan, Arranon eta Durangon, Oierdin.

Bizi ibili, sarreren hiru laurdenak salduta daude-eta dagoeneko.