Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School da Tolosako lehiaketako garaile eztabaidaezina

55. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketak garaile eztabaidaezina du: Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School. Bi atal nagusietan, polifonia eta folklorea, lehen saria eskuratzeaz batera, euskal interpretazio onenaren saria, Kutxa Sari Nagusia eta publikoak ematen duena ere eskuratu dituzte.

Rigako abesbatzako kideak, pozik, sarietako bat jasotzen.
Rigako abesbatzako kideak, pozik, sarietako bat jasotzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irabaz zitzakeen garaikur guztiek besapean utziko du Tolosa Mixed Choir of Riga Cathedral Choir School abesbatzak. Ganbera abesbatzen polifonia zein folklore ataletan lehen postuak eskuratzeaz gainera, publikoaren saria, euskal interpretazio onenarena eta Kutxa Sari Nagusia ere eskuratu ditu Estoniako abesbatzak eta, hala, 55. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren irabazle eztabaidaezina bilakatu da. 

Bigarren eta hirugarren postuetan ere ez da sorpresarik egon: lehiaketako bi atal nagusietan, polifonia eta folklorea, Suediako Storkyrkans Chamber Choir izan da bigarren postua eskuratu duena eta hirugarren egin du, aldiz, Estatu frantsesetik hurbildu den Mikrokosmos abesbatzak.

Lehiaketa amaierako ekitaldia goizeko hamaikak pasatxotan abiatu da Tolosako Leidor antzokian eta hasieratik bertatik ohartarazi dute aurkezleek: Rigako abesbatza oholtza gainean hainbatetan ikusteko –eta entzuteko– aukera izango genuen ikusentzuleek. Publikoaren saria jasotzera igo dira lehenik, Xabier Sarasolaren ‘Neskatx’ ederra’ kantuaren bertsio hunkigarria eskainiz.

Ostean, haurren sariketari ekin zaio, lehen hiru sailkatuen saioarekin (sei haur abesbatzek hartu dute parte 55. edizio honetan): orain zazpi urte ere garaitu zuen The Rezonanz Children’s Choir (Indonesia) nagusitu da, eta ‘Ama begira ezaz’-ren bertsio dibertigarri eta koreografiatua eskaini dute, publikoaren gozamenerako. Bigarren eta hirugarren egin dute World Vision Korea Children’s Choir eta Children’s Choir Lielvarde letoniarrek.

Publikoak, ohi denez, zutik agurtu du Rigatik etorritako abesbatza, abeslariak entzule eta entzuleak abeslari bilakatuz, emanaldiari amaiera ‘Agur Jaunak’ kantuarekin emateko

Atseden labur baten ostean, helduen sariketa nagusiari ekin zaio, eta orduan hasi da Rigatarren festa. Oholtzara igo den aldiro, Jurgis Cabulis abesbatzaren zuzendariak gogoz eta eskertuta jaso ditu sariak, eta abesbatzako kideen eskuetan utzi ditu banan banan, garaikurrak taldelanaren fruitua direla nabarmenduz.

Rigako Katedraleko Abesbatzaren Eskolako kideek erregistro ezberdinetan defendatzen badakitela erakutsi dute, izan polifonian ahotsaren kontrolak eta jokoak bikain josiz, izan folklorearen atalean, leuntasunez zein jostari, kantuak eskatzen dienari erantzun eta publikoarengana iristeko aparteko gaitasuna dutela erakutsiz.

Izan ere, oholtzara hainbatetan igo diren arren estilo ezberdinetako piezak proposatu dizkiete entzuleei, Valentin Zubiaurreren ‘O Quam Suavis’ gozotik abiatuta Jekabs Jancevskisen ‘Atsalums’ iradokitzaileraino, non xuxulark, barreak, txistuak... aho-kordek ematen dezaketenaren mugetan nabigatu duten.

Eskertu egin du saiakera publikoak, hainbeste non, Kutxa Sari Nagusia jada eskuartean azken txalo zaparra jasotzen ari zirela, Jurgis Cabulisek, eskertuta, azken kantu bat eskainiko zutela iragarri duen.

Publikoak, ohi denez, zutik agurtu du Rigatik etorritako abesbatza, abeslariak entzule eta entzuleak abeslari bilakatuz, emanaldiari amaiera ‘Agur Jaunak’ kantuarekin emateko.