NAIZ

120 abeslari ez profesionalen bila dabil Euskadiko Orkestra

Euskadiko Orkestra 120 abeslari ez profesionalen bila dabil eurekin batera ‘Va Pensiero’, ‘Il Trovatore’ eta ‘Maite’ kantatzeko. Abestu Euskadiko Orkestrarekin ekimen berri honen baitan, hiru kontzertu eskainiko dituzte 2025eko martxoan Donostiako Kursaalen eta Bilboko Euskaldunan.

Euskadiko Orkestra, EGO eta Easo abesbatza, Kursaalen 25. urteurreneko galan.
Euskadiko Orkestra, EGO eta Easo abesbatza, Kursaalen 25. urteurreneko galan. (Jon URBE | FOKU)

Abestu Euskadiko Orkestrarekin egitasmoa abiatu berri du Euskadiko Orkestrak, eta 120 abeslari ez profesionalen bila dabil 2025eko martxoan Bilboko Euskaldunan eta Donostiako Kursaalean hiru kontzertu eskaintzeko.

Parte hartu nahi duten «120 ahots anonimo eta boluntario» horiek Euskadiko Orkestraren webgunean eman beharko dute izena abenduaren 10a baino lehen eta, Orkestratik zehaztu dutenez, ezinbestekoa da gutxieneko musika-prestakuntza izatea eta partiturak irakurtzen jakitea. Ondoren, 10 entseguetako ahalik eta gehienetara joatea eskatuko da. Aurreratu dutenez, lehen entsegua baino lehen, ahots- eta piano-partitura eta ahotsen grabazioak parte-hartzaileen eskura jarriko dira.

‘Va Pensiero’, ‘Il Trovatore’ eta ‘Maite’-ren interpretazioak (abesbatza misto eta orkestrarako) kontzertuen 10 eta 15 minutu artean hartuko ditu, eta Easo Abesbatzako 40 kide izango dira entsegu batzuetan zein eszenatokian aukeratutako herritarren abesbatzari laguntzeko.

Euskadiko Orkestrak «aparteko aukera hau baliatzera» animatzen ditu herritarrak: «Horietako batzuentzat agian amets bat da orkestra handi baten ondoan eta eszenatoki garrantzitsuetan zuzenean abestea». Parte hartuko duten abeslarien zerrenda abenduaren 18an jakinaraziko dutela ere zehaztu dute.

Ekimen hau ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu honetan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L’Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra, eta Pauko Orkestra.