NAIZ

Adingabeen %66k pantailen aurrean egiten ditu otorduak eta horrek eragina du elikadura ohituran

Eroski Fundazioak egindako inkesta baten arabera, 8 eta 12 urte arteko haurren %66k pantailaren aurrean jaten du eta haien elikadura ohituretan eragina dute kontsumitzen dituzten influencer-en edukiek. Bestalde, azterketa honen arabera, kaloria askoko elikagaiak normalizatuta daude haien dietan.

Eroski Fundazioko arduradunek adingabeen elikadura ohiturei buruzko inkesta aurkeztu dute.
Eroski Fundazioko arduradunek adingabeen elikadura ohiturei buruzko inkesta aurkeztu dute. (Jon URBE | FOKU)

Gailu teknologikoak eta, oro har, pantailak, haurren elikadura ohituretan eragiten ari dira: 8 eta 12 urte arteko adingabeen %66k telebistaren aurrean egiten ditu otorduak, eta heren batek aitortzen du tabletak, bideokontsolak edo antzeko gailuak erabiltzen dituela jaten ari den bitartean.

Eroski Fundazioak Lehen Hezkuntzako ikasleen elikadura ohiturei buruzko inkesta aurkeztu du ostegun honetan Donostian, eta ondorio kezkagarrien artean, pantailen erabilera nabarmendu du. Ez soilik otorduak egin bitartean: gehienentzat (%90) gurasoak dira elikaduran erreferenteak, baina %14k kontsumitzen dituzte influencer-en edukiak, eta horiek eragina dute haien jateko ohituretan, inkestaren arabera. Estatu espainiarraren iparraldeko bederatzi erkidegotan jasotako erantzunei dagozkie datuak, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak barne.

Bestalde, azterketan parte hartu duten ikasleen %90ak dio bost otortu egiten dituela egunean, baina gainontzeko %10ak ez du askaririk egiten. Gainera, gosaria eta askaria dira bakardadean maizen egiten diztuten otorduak, %18 eta %25 hurrenez hurren, eta ohitura horren kalteez ohartarazi dute Eroski Fundazioko arduradunek ostegun honetako aurkezpenean: «Ohitura hori ez da ona, otorduak ez baitira bakarrik nutriziorako; gizarteratzeko ere badira, eta, konpainiarik ez dagoenean, pantailetara jo ohi dute gehiago».

Jaten duten horri begiratuz gero, inkestak erakusten du dentsitate kaloriko handia duten elikagaiak normalizatuta daudela 8 eta 12 urte arteko haurren dietan: ikasle gehientsuenek, %92k, aitortzen du astero jaten dituela hanburgesak, pizzak, saltxitxa ogitartekoak edo patata frijituak, eta %44k opilak edo gozoak jaten dituzte astean hiru aldiz baino gehiago. Edatekoari dagokionez, %94k gehienbat ura edan ohi dute otordutetan, baina, zukuak (%27), freskagarriak (%19) eta gasik gabeko beste edari batzuk (%22) ere hartzen dituzte.

Elikadura eta emozioak

Emozioek elikaduran duten eraginean arreta jarri du Eroski Fundazioaren inkestak. Azaldu duenez, galdetutako haurren ia erdiek (%47) adierazi dute gehiago jaten dutela pozik daudenean. Era berean, aitortzen dute gutxiago jaten dutela triste (%45) edo haserre daudenean (%34). Estres egoeretan, %30ek gutxiago jaten dutela diote; %14k, berriz, gehiago jaten dutela.

«Funtsezkoa da haurrek pixkanaka emozioak identifikatzeko gaitasuna garatzea; izan ere, horri esker, kontzienteagoak izango dira elikatzeko ohitura horietan nola eragiten duen urduritasunak, antsietateak, estresak eta euforiak. Bizikidetza emozional hori giltzarri izango da helduaroan harreman orekatua izan dezaten janariarekin», agertu du fundazioak.