Berezia da, Jokin Pinatxoren hitzetan, ‘Lore’ diskoa. Berezia, Janus Lester bere lehen biran murgilduta zegoen bitartean sortu eta konposatutako diskoa delako, eta nolabait musika talde baten loratzeak sortu dizkien sentipen eta emozioak biltzen dituelako. «Ehun kontzertuz betetako bi urteko bira izan da; sentipen asko sortu dizkigu eta hori islatzen saiatu gara», azaldu du musikari beratarrak Donostiako Victoria Eugenian egin duen aurkezpenean (diskorik gabeko aurkezpena, DANAren eraginez banaketa arazoak izan baitituzte, baina bihar bertan disko-dendetara iritsiko dela ziurtatu dute).
«Euskal eszenan gure tokitxoa egin dugu eta lehen bira hau emozioen errusiar menditxo baten modukoa izan da, Euskal Herrian, Estatuan eta Finlandian, jende askoren aurrean jotzera pasa gara. Ez nuen sekula imajinatuko ‘Maitasuna tabu’, gitarrarekin nire logelan sortutako kantu bat, milaka pertsonaren aurrean jo eta nirekin kantatuko zutenik», esan du, eskertuta.
Diskoak une horietako zirrara biltzen du batetik, baina baita bakardadearen iluna ere, batez ere «barrenak askatzeko oihu bat» izan baita, emozioen koktelera horretatik eratorria.
«Baina mezua esperantzaz betetakoa da –egin du ñabardura–. Ez da inoiz erraza egoera batzuetan egotea, baina horiek bizi egin behar dira gero daukazuna baloratzeko. Diskoan saiatu naiz islatzen zer den alde ilun hori, baina elkar zaintzara deituz», azaldu du, eta ‘Lore’ izenaren zentzua ere hortik datorrela gaineratu du, «loreak baduelako denetik: ahula da, erraz apurtzen delako, baina ematen ahal duen arren hila dagoela, ur eta argi pixka batekin indartu daiteke. Badu dualitate hori, eta ni islatua sentitzen naiz», aipatu du.
Horrek guztiak diskoari «erritmo lasaiagoa» ekarri diola argitu du Pinatxok, «ez da aurreko diskoa bezain dantzagarria», eta horrek «kezka» sortzen diola aitortu du: «Lehen diskoa sortzeko gogo batetik etorri zen eta horrek eraman ninduen modu bateko abestiak egitera, eta bigarrenak barrena askatzeko behar batetik etorri da. Lehen diskoa presiorik gabe sortzen duzu eta, bi urte geroago, eszenan kokatuta, ekidinezina da pentsatzea jendeak zer esango duen», nabarmendu zuen. Hala ere, lasai dago Pinatxo, «oso gustura geratu garelako».
Neomak eta Izaro
Kolaborazioei dagokienez, luxuzko bi gonbidatu izan dituzte diskoan: Izaro eta Neomak. Azken hauekin ‘Etxean’ grabatu du: «Abesti hau idatzi nuen lehen egunetik, ahotsak grabatu eta grabatu nenbilen, eta Neomakek bere egin dute abestia. Nork esango zidan niri estudioan sartzean bukatuko nuela Neomakekin irrintziak botatzen!», aipatu du.
Izarorekin ‘Nola hartu arnasa’ grabatu du. «Nire minak sendatzeko idatzi dudan abestia da eta, berak ez jakin arren, bere entzule oso aktiboa izan naiz eta asko lagundu dit», aiitortu du, eta bitxikeria bat ere kontatu du: «Izarok ‘edzddh’ grabatu zuenean deitu ninduen amaierako koroak egiteko, eta hura bere minak sendatzeko kantua zen. Eta, hau, nireak sendatzeko».
‘Lore’ diskoa antzoki donostiarrean aurkeztuko du lehen aldiz zuzenean Janus Lesterrek, abenduaren 30ean, eta kontzertua ere, diskoa bezala, berezia izango dela ziurtatu du Pinatxok. «Sorpresak egongo dira; hor emango diogu hasiera loraldiari, eta etorriko denari», ziurtatu du. Kontzertu bira urtarrilean abiatuko dute, 2an Bilbon, 25an Azpeitian eta otsailaren 4an Gasteizen eskainiko dituzten saioekin.