Goiz Eder Iturain Aramendi
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Nazka

 

Arratsalde on, amatxo: Akaso arraroa egingo zaizu nire gutuna jasotzea, baina kontatu nahi dizudana azaleratzeko bide egokiena dela uste dut. Bide bakarra, une honetan.

Azken boladan ez dut zurekin egoteko denborarik hartu, zure falta sumatzen dut. Ikasturtea ateratzeko liburu artean denbora asko pasa behar dugula ondo ulertzen duzu, eta asko eskertzen dizut. Gainera, aurten, pertsona berezi bat ezagutu dut. Gaurdaino ez naiz ezer kontatzera ausartu, baina bai, badakit zerbait sumatu duzula, nigan aldaketaren bat izan dela ohartu zara, ezta?

Dena duela hilabete batzuk hasi zen. Ixone gustuko nuen mutilarekin hasi zen. Bai, ama: Iñakirekin! Beti nire bikotekide desiratu izan dudan Iñakirekin hasi da. Nola liteke? Lur jota utzi ninduen. Benetan tuntuna izan nintzen. Ixonek pausoa ni baino lehen eman zuen. Zer egingo diogu! Aiorak ere mutil laguna topatu du: Ekaitzekin hasi da. Eta presioa sentitzen hasi nintzen, ama! Presioa, kezka… Bat-batean, Iker azaldu zen nire bizitzan. Mutil ederra, ama. Ez dut inoiz ahaztuko haren irribarrea ikusi nuen lehen eguna. Irribarre xamurreko mutila, itxura ederrekoa, mutil katxarroa! Ni baino hiru urte gehiago zituen, fisikoki erakargarria, baina haren hitzak izan ziren armiarma sarean harrapatu nindutenak. Guztiz liluratuta nengoen, eskerrak Iker ezagutu nuela, Iñaki baino askoz interesgarriagoa zen, maitemintzea zer zen ezagutzen ari nintzen.

Apirilaren 6an, eskolatik ateratzean Ikerrekin gelditu nintzen. Zipriztin tabernaren aurrean zain nuen, aitaren kotxe dotorean, Audi A3an. Eskolako orduak guztiz aztoratuak emanak nituen. Leihotik kanpoko zirimiriari so, hura ikusteko ordua noiz iritsiko zain, ezin nuen burutik Ikerren irudia kendu. Txirrinak jo zuenean, lagunak agurtu eta presaka abiatu nintzen; Iker nire zain egongo zen. Han zegoen Audi A3 urdina, kristalak tindaturik zituen eta barnera sartu nintzen. Barrura sartu bezain laster kotxeko atearen segurtasun ixtea sumatu nuen. «Iker!» ahoskatu nuen, ahots dardartiz. Aurrean nuen gizasemea ez zen Iker, berrogeita hamar urteko gizon heldua zen. Kotxea abiarazi, eta ezagutzen ez nuen toki ezkutu batera eraman ninduen. Han, kotxea gelditu bezain laster, alkandora askatu eta titiak ukitzen hasi zitzaidan, hitz lizunak esaten zituen bitartean. Ni geldirik. Ez nintzen behatz bat mugitzera ausartzen, ezin nuen sinetsi gertatzen ari zitzaidana. Burua martxa bizian zihoan, baina gorputza kieto. Ahotik hitz erdirik ere ez! Mugiezin nengoen. Nire gorputzak ez zuen ezer sentitu nahi. Gogoan dut haren izerdi usaina. Atzeko aulkian amaitu genuen biluzik. Arropa kenarazi zidan, berak galtzak jaitsi eta nire gainean nola mugitzen zen gogoratzeak oka eragiten dit oraindik. Nazka, goragalea, higuina, ikara, beldurra, baina ez nuen hitzik esan, ez garrasirik egin, nire gorputza izoztu egin zen bat-batean, ez zuen sentitu nahi. Haren esperma zuria ondo gogoratzen dut, Audi A3ko tapizeria ez zikintzea zen axola zitzaion bakarra. Eta ni hotz, mutu.

Etxetik pare bat metrora utzi ninduen A3 urdinak, eta arauak garbi utzi zizkidan:

—Zer kontatuko diezu lagunei?

—Iker pentsatzen nuen modukoa da, izugarrizko xarma du. Nik uste dut, datorren astean berriro elkartuko garela —ordura arteko nire lehen hitzak. Esatera behartuak.

—Oso ondo, maitia. Eta zure gurasoei ere horixe esango diezu zerbait galdetzen badizute, hitzez hitz. Ulertu duzu, ezta?

Etxera bueltatzean, ez nuen ezer esan, dutxan sartu nintzen, dutxa beroak gorputza lehengora bueltatuko zidan esperantzaz. Baina, ezer ez zen lehengora bueltatu. Telefono mugikorra etsai sentitzen nuen, entzuten nuen bakoitzean ikara gailentzen zen gorputz osoan. Iker ezagutzen lagundu zidan, tramankulu zitala gorrotatzen nuen: Kaixoetorri.com. Errudun zela sentitzen nuen.

Beste bi aldiz sartu behar izan dut A3 urdinean, baina amaitu da. Nire ahoa hitz egiteko gai ez da oraindik, baina eskuak abian jarri dira, buruko senari kasu eginda. Aurre egin behar diot bizi dudan gezur honi. Manipulatua izan naiz, erabilia, baliogabetua, baztertua eta bortxatua izan naiz. Hau irakurtzen duzun bitartean, nire gelan izango naiz, zure zain, mahaian eserita, kikilduta, lotsatuta eta guztiz beldurtuta, ama.

Zure babesa behar dut, zure indarra, kemena. Amesgaizto honetatik ateratzeko behar zaitut.

Lagun iezadazu, ama.

 

Idazleari buruz...

Goiz Eder Iturain Aramendi. Zumaia (1973). Psikopedagogian lizentziatua. Irakasle eta aktorea. Sortzearen bide emankorrean murgilduta dihardu Bergarako Idazle Eskolan.