GALDER PEREZ
IRITZIA

Beti gazte, beti nerabe

Telesailak streaming bidez ikusten hasi ginenetik denbora asko pasatu da. Oso ohiko kontua bilakatu da, ia derrigorrezko ohitura izan arte. Gutako nor ez dago telesail batera, pare batera edota hirutara engantxatuta? Pop kulturako beste edozein esparrutan bezala, telesailen munduan modak dira. Garai batean fantastikoak gailentzen zirela zirudien, eduki sozialekoak gero, ilunak eta apokaliptikoak. Baina denbora luze honetan jarrerarik mantendu bada, nerabeen telesailak dira. Betidanik izan dira nerabeak protagonista duten telesailak. Gure belaunaldiko zenbat ez gintuzten izugarri markatu, egun guztiz zaharkitua den “Verano azul”-ek hasieran, “Beverly Hills” pedanteak gero edota, Hegoaldera berriz etorrita, “Fisica o química”-k, esaterako. Baina egun, ustez nerabezaroa urruti dugun garaiotan, gutako zenbatek ez dugu nerabeak protagonista dituzten telesailak ikusten izugarri gozatzen? Gugandik antipodatan daudela dirudi, higuingarriak izateraino askotan, baina zerbait gertatzen da erakarpen horrekin.

Egunotan nerabe telesail nabarmenik bada, “Stranger Things” dela esango nuke, nora eta hain zuzen ere, gure nerabezarora begiratzen duen telesaila, laurogeiko hamarkadako ikonoen gainean eraikitako kontakizuna. Garaiotakoa den beste kontakizun bat Ingalaterratik dator, “Sex education” zoragarria, sexu heziketa, nerabe hormonak eta zalantzak biltzen dituen drama eta komedia soziala. Azken boladan fenomeno ederra bilakatu da “Heartstopper”, bi mutil neraberen arteko maitasun istorio goxoa, samurra eta delikatua. Eta zerrendak oso luze jo dezake: espainiar gazte pijoak izanagatik erakargarria den zerbait duten “Elite”-ko pertsonaiak, Ipar Irlandako “Derry Girls” komedia, komikia bezain zoragarria den “The End Of The Fucking World” eta nerabeen arteko sexuz eta drogaz bustitako “Euphoria”.

Arrazoi asko izango da, ziurrenik, nerabeen telesailak ustez nerabe ez garenean horren gogoko izateko, gu hain ondo sentiarazteko edo engantxatzeko. Izan daiteke irudizko atzerako begirada bat, garai zaharrak birbizitzea balitz bezala. Baina ez genuen sexualitatea libre bizi, eta drogek beste modu batean dantzan egiten zuten gurekin. Baliteke inbidia izatea, guk egin ez genuena egiten dutelako, ausartzen direlako. A, eta askoz ederragoak direlako igual? Izan daiteke ere sekulako zurrunbilo emozionala direlako istorio guztiok, hainbestetan kritikatu ditugun kulebroietan bezalaxe hain justu. Agian bada itxaropen izpiren bat islatzen digutela ere, jendarteak nolabaiteko bilakaera positibo eta irekiagoa izan duelakoan. Baina askotan benetako arrazoiak gure nerabezaroan daudela uste dut: garai hura zentzu askotan ez zela guk nahi genuen modukoa izan. Edota, hori ondorioztatuta, guk desio genuen hura hala izan ez bazen, nerabezaroaren grinatik askatu ezinik, ziurrenik oraindik ere aski nerabe izaten jarraituko dugula eta, ondorioz, halako sexua, lagunak, drogak, abenturak eta emozioak beharko ditugula. Jarrai dezagun pasioz gezurrak eta fantasiak bizitzen eta, batez ere, idealizatzen, haiekin amets egiten jarrai dezagun.