AMAIA URIBE
IRITZIA

Arrazakeria

Ez dezagun arrazakeria zuritu. Ez naiz Vinicius zalea, baina futbol jokalari bat bere azal koloreagatik iraintzeak ez dauka inolako justifikaziorik. Ez zioten “harroputz” edo “flipatu” deitu. Ez. “Tximino” eta “puto negro” deitu zioten, azal ilunagoa izateagatik zale zuriak baino gutxiago balitz bezala. Eta ez da lehen aldia. Futbol ligako lehen mailan ez ezik, beheragoko kategorietan ere egon izan dira antzeko kasuak. Zourdine Thior oriotarrarena da adibideetako bat. Logroñesen jokatzen du eta taldea txarto zihoan unean bere taldeko zaleek egin zizkioten irain arrazistak. Berak aurre egin zien eta taldeak apartatu egin du.

Uste duguna baino errotuago dago arrazakeria. Ozen salatzen dugu eta behin eta berriro diogu ez garela arrazistak baina, tamalez, gizartean iltzatuta dago oraindik. Irratian entzun nuen lehengoan, Donostiako ikastetxe batean esperimentu sozial bat egin zutela. 5. mailako umeei bi panpina erakutsi zizkieten: bata zuria eta bestea beltza. Eta, ostean, panpina horiei buruzko galdera batzuk egin zizkieten. “Ze panpin da gaiztoagoa?”. “Beltza”. “Bi panpina hauetatik zein izango da medikua nagusitan?”. Zuria. Eta bitxiena da ikastetxe horretako ume beltzek eta latinoek ere erantzun berberak eman zituztela.

Telebistan, George Floyd afro-amerikarra polizia zuri baten eskuetan hiltzen ikusi genuenean aztoratu egin ginen denok. “Black lives matter” edo “beltzen bizitzak inporta du” hashtag-a erabiltzen hasi ginen Twitterren. Barack Obama Estatu Batuetako lehen presidente beltza bihurtu zenean, aldiz, lorpen historiko modura ospatu genuen. Ahoa bete zitzagun, “garaia zen” esanez. Baina argi dago oraindik ez dugula arrazakeria gainditu.

Norberarengan hasten da arrazakeriaren kontrako borroka. Berdintasuna nahi badugu, has gaitezen azal kolore guztiak berdintzen. Eta, batez ere, has gaitezen estereotipo faltsuak apurtzen. Beltzak ez dira tximinoak. Ijitoak ez dira lapurrak. Latinoak ez dira alferrak. Tximinoek bezala jokatzen duten zuri asko ezagutzen ditut nik. Kartzelan dauden lapurrik handienak zuriak dira. Eta alferretan alferrenak zuriak dira.

Geroz eta gizarte pluralagoan bizi gara eta gure seme-alaben ikasgeletan geroz eta arraza gehiagotako umeak daude. Arraza-aniztasuna aberastasuna da. Arrazakeria, berriz, gizarte moduan porrot egitea da. Eta oraingo honetan ere porrot egin dugu.