Jon Ormazabal
Entrevue
Iñaki Osa Goikoetxea
PILOTARI OHIA

«Publiko honekin urte batzuk jokatzea polita izango zen, baina gorputzak atsedena behar du»

Iñaki Osa Goikoetxearen ibilbide profesionala eta hainbeste eman dion kirol honen osasuna ez dira urte askoan norabide berean joan. Askorentzat historiako puntistarik onenak -XXI. mendekoen artean onena izan den zalantza gutxi dago- frontoiak erdi hutsik zirela jantzi ditu bere palmareseko txapeletako asko.

(Andoni Canellada FOKU)

Iñaki Osa Goikoetxeari (Zumaia, 1980) zestaren loraldi betean egokitu zaio agur esatea, baina lasai doa, bide aldrebes hori zuzentzen ari den itxaropenarekin eta etapa ilusionagarri honetan ere bere aletxoa ipintzeko asmoz. 27 urtez pilotari izan ostean, Eraman Jai Alai enpresako kirol zuzendari lanetan hasia da dagoeneko eta gazteei aukerak ematea izango omen da bere erronka handienetako bat. Zestaren gainbehera eta azken urteetako loraldia kantxa barrutik bizi ostean, etorkizunari itxaropenez begiratzen dio, bere belaunaldiari erreleboa hartzeko moduko gazteak egon badaudelako, nahiz eta denbora apur bat beharko den. Zumaian hartu gaitu bere ibilbideaz eta paraleloan joan den zestaren azken urteetako ibilbide gorabeheratsuaz aritzeko.

Tira, Iñaki, etapa luze bat amaituta, nola zaude? Lasaiago pisu handi bat kenduta, azkenean urte asko izan dira eta gero beti tokatu zait motxila handi bat gainean eramatea; presioa, aldaketak... eta orain nahiko lasai.

Gainbeheran zegoen kirol baten erreferente nagusi izate hori presio gehigarri bat izan da? Ez dakit erreferentzia nagusia izan naizen. Nik bai sartu diodala presio bat nire buruari, kantxan %100ean egon behar nuelako, eta kantxara irten aurreko lan guzti horiek ondo bete behar nituen maila emateko.

Zesta horren kinka larrian egoteak ere suposatzen zuen karga bat garaiko izar handientzat? Ez, ni kantxako lanetan zentratzen nintzen, nahiz eta jende gutxi egon harmailetan, nik nire mailarik onena eman behar nuen partida guztietan eta horretarako prestaketa guztiak egin behar nituen topera egoteko.

Gogorrena agian Gernikako finalaren aurreko aste hori, elkarrizketa piloa...? Ez, nik esango nuke agurra iragarri nuenetik egin zaidala bereziki gogorra. Luzatu egin zait eta nik uste luzeegi geratu dela; txapelketak zirela, entrenamenduak zirela, dokumentala zela... dena betetzen karga bat sortu zait eta disfrutatzeko modua izan dut, baina nahiko larri heldu naiz.

Bere azkeneko partidan, Iñaki Osak ez zuen bere palmaresean falta zaion Gernikako Winter Serieseko txapela janzterik izan, baina berak nahi zuen bezala, maila gorenean agurtu zuen horrenbeste eman dion kirol hau. Oskar Matxin Edesa | FOKU

Denbora asko lehenago iragarri zenuen zure agurra. Denbora gehiegi agian? Bueno, ez dakit noiz den momentu egokiena horretarako. Hala erabaki nuen eta, nahiz eta pixka bat luzea egin, gustura nago hartutako erabakiarekin.

Kirolari, eta batez ere txapeldun handiek palmaresari, erretiratutakoan begiratuko diozuela esan izan duzue. Eman dizu horretarako astirik? Ez, oraindik nahiko gertu dago jokatzeari utzi nion eguna eta ez dut denborarik izan ezer egiteko, baina espero hemendik pare bat astera gauzak normaltasun batera helduko direla eta orduan atzera begira jarriko naizela, irudi batzuk ikusi, partida batzuk... eta gehiago zentratuko naizela nire ibilbideari kasu pixka bat egiten.

Zure kasuan ere ez dago oso argi buruz buruko 12 edo 13 txapel izan diren... Benetan esaten dizut, 12 edo 13 izan ez didala inolako buruko minik suposatzen. Badakidana da Ameriketako Estatu Batuetan ditudan lorpenak zeintzuk diren, jende askok ez dituenak ezagutzen eta askoz ere garrantzitsuagoak izan direnak.

Balio handiagoa ematen diezu 15 buruz buruko haiei edo 5 Hiruko koroei? Nik bai, azkenean sei hilabeteko denboraldiak dira, Miamiko frontoian; koadrorik indartsuena zegoen bertan eta banaka irabaztea, kiniela gehien irabaztea edo binakako txapelak irabaztea oso garrantzitsua zen, ikusten zelako zein zen frontoiko nagusia, «triple corona» deitzen zitzaion hori. Eta han lortutako denak oso bereziak izan ziren.

16 urterekin egin zenuen debuta profesionaletan Milanen. Salto handia behar du. Bai, dudarik gabe. Ume bat nintzela joan nintzen eta itzuli naiz 30 urte beranduago, emazte eta bi seme-alabekin. Nire gurasoentzat ez zen batere erraza izan; 16 urte nituen, justu Gabonen bueltan zen, lau edo bost eguneko epearekin erabaki behar nuen, eta nik argi nuen joan nahi nuela, esperientzia probatu eta zer zen ikusi. Banekien Zumaiara itzuliko nintzela eta bizi normalarekin jarraituko nuela. Aukera irten zen AEBetara joateko eta bertan geratu nintzen beste 19 urtez.

Era eta mota guztietako txapelak jantzi ditu Euskal Herriko pilotaleku ia guztietan. Argazkian, 2023an Donostian Gorkarekin. Jon Urbe | FOKU

Milanera moldatzea ez zen erraza izango. Ez, ni umemoko bat nintzen, jende nagusiagoarekin nenbilen eta bidaltzen ninduten lekura joaten nintzen isilik; zer esaten zuten entzun eta bizitzari buruz ikasi. Zumaia bezalako herri txiki batetik irten eta Milanen egotea sekulako talka zen, eskolan nire lagunekin egotetik bizitza aurrera ateratzera pasa nintzen, jende nagusiagoarekin ibili behar nuen eta jakin behar duzu euren baldintzetara moldatzen; horrek zaildu egiten zaitu. Denak ni baino nagusiagoak ziren. Gazteenak uste dut 23 izango zituela eta hortik gora denak. Bazeuden nire oraingo adineko batzuk, 43 bat urtekoak, eta gazteenak, esandakoa, 23 izango zituen.

Bizimodua frontoian egiten zenuen? Bai, frontoian ordu pila bat eman nituen eta ez nintzen kalera asko irtetekoa. Ez nuen ezer ezagutzen, helduagoekin bizi nintzen, eurak gehiago irteten ziren, erraztasun handiagoa zuten hiritik mugitzeko... ni joaten nintzen eurekin erosketak egitera, gauza desberdinak ikustera... baina ez nintzen kalera asko irteteko pertsona. Nire giroa topatzea kosta zitzaidan, baina denbora gutxi zen eta azkar pasa zenez, gero AEBetan askoz errazago egin zitzaidan.

Salto txikiagoa orduan, nahiz eta askoz urrutiago egon? Bai, azkenean jende gazteagoa ere bazegoen han eta Italiako batzuk ere joan ziren eta erraz moldatu nintzen. Newporten bi denboraldi egin nituen, Orlandon lau eta beste denak Miamin.

2002an Bereikuari irabazitako Buruz Buruko finaleko podiumean. Monika del Valle | FOKU

Zure ibilbidea batez ere Miamin egin zenuen, hortaz. Hori da, koadrorik indartsuena hangoa zen, frontoi ederra ere bai eta nire jokatzeko erarako frontoi egokia.

«Goiko» kirol izena ere AEBetan hartu zenuen, ezta? Bai. Orlandon izan zen. Justu bertan Osa izeneko pilotari bat zegoen, bere bigarren abizenarekin jokatzen zuena. Nirea lehena zen eta apustuetan nahasmenik ez sortzeko, esan zidaten beste izen batekin jokatu behar nuela, eta amaren abizena aukeratu nuen.

Apustuak aipatuta, nola da giro hori? Ez zarete zenbaki hutsak bihurtzen kiniela sistema horrekin? Bai, hori da, zenbaki hutsak, zakurrak eta zaldiak bezala. Zortzi bikote edo zortzi pertsonak jokatzen zuten kinieletan eta jendeak apustu egiten zuen ea nork irabaziko zuen, nor geratuko zen bigarren, hirugarren... apustuak egiteko era desberdin asko zegoen. Egia da batzuk besteak baino faboritoagoak zirela, eta orduan bai pertsonak kontuan hartzen ziren, baina zenbakiak bezala ginen.

Baina han ere izango zen zesta zalerik, ala? Apustua egin behar zuenak ezagutuko zintuzten. Bai, dudarik gabe, niretzat gehien ulertzen dutenak Miamiko zaleak ziren, Dania-n [frontoia] ere bai. Egunero-egunero han ziren apustuak egiten. Bazekiten nola zindoazen frontoira, ze jokatzeko modurekin irteten zinen kantxara, egun askotan jokatzen zenez, egunen batean nekatuago zeunden, atseden gutxi... bazekiten bakoitzari nola eragin %100a ateratzeko.

2009an bere ibilbidean oso garrantzitsua izan den Imanol Lopez herrikidearekin. Juan Carlos Ruiz | FOKU

Eskola bat ere izango zen hura. Egunero jokatze horren falta sumatzen da gaur egun? Hori da gaur egun beharko litzatekeena, leku bat, ez asteko zazpi egunetan, baina bai gutxienez lau edo bost egunetan jokatzeko, kantxan egoteko, gazteak hobetzen joateko... Lehiatzen zaudenean akats gutxiago egiten saiatu behar duzu, jokatzeko era desberdin batera moldatu behar duzu, ez duzu aurkari bakarraren aurka jokatzen, zazpiren aurka ari zara eta hurrengo kinielan beste zazpi datoz, jende desberdin askorekin jokatzen duzu eta denekin ikasten duzu zerbait.

Nolakoa zen zuen egunerokoa AEBetan? Miamin nengoela jaiki eta goizean lasai ibiltzen nintzen. Ordu bietarako frontoira joaten nintzen, bostetan irteten ginen eta gero beste zerbait egiten genuen.

Zestatik bizi ahal izan duen azkenetako bat izango zinen? Bueno, bai, oraindik badaude batzuk bizi direnak. Badaude zestatik bizi diren pilotari batzuk eta beste batzuk bizi ahalko luketenak baina lanean dabiltzanak bizitzako hurrengo etaparako ere prestatzen. Gutxi dira, baina egon badaude.

Hemendik aurrera zailagoa izango da zestatik bizitzea? Bueno, igual errazagoa. Nik uste zestak buelta bat eman duela eta poliki-poliki aukerak egongo direla pilotarientzat koadroan sartzeko eta zestatik errazago bizitzeko.

Aitzindaria ere izan zinen; Red Bullen publizitatea daramazu, Loeweko kanpaina batean modelo ere izan zinen... Nola izan ziren kontu horiek? Azkenean aukerak sortu zitzaizkidan; bat nahi gabe eta bestea hala tokatu zen, elkar ezagutu genuen eta poliki-poliki hartu-eman bat izan genuen Red Bullek eta nik. Loewerena, eurak etorri ziren. Denek esaten dute «ze ondo, ze zortea», baina pauso hori eman egin behar da. Ez dakit denek emango ote zuketen pauso hori publizitate kanpaina batean irteteko, kaskoa margotzeko, denek zuria zeramatenean zuk zure izena zeraman gris eta urdin bat jartzeko... aldaketa horiek denak etorri egin behar dira, aztertu, zer ekar diezazukeen eta zer kendu eta ausartu egin behar da. Ni ausartu nintzen eta nik uste dut onak izan direla, niretzat eta kirolarentzat ere bai.

Zumaiako kaian hartu gintuen bere ibilbideaz aritzeko. Andoni Canellada | FOKU

Zer kendu aipatu duzu eta zuk udaren bat ere galdu zenuen kaskoko publizitatea zela eta. Bai, hemengo txapelketa batean ez zidaten jokatzen utzi, baina Iparraldean-eta bai ibili nintzela. Gero jokatzeko aukera eman zidaten, baina ez nuen jokatu. Urte zaila izan zen, nik marka defendatu nuen sinatuta nuelako eta aurretik ere enpresariekin hitz eginda nuen markarena... baina historia luzea da eta ez daukat gogo handirik harekin bueltaka hasteko, oso luze emango luke dena azaltzeak. Ez jokatzea tokatu zen; nik nirea defendatu nuen.

Mundu nahiko tradizional batean aldaketa ekarri zenuen? Bai, nik uste hala tokatu zela. Aukeratu nuen, gainera, marka bat nirekin asko identifikatzen zena; mendiko bizikleta eta surfa oso gustuko ditut, eta baiezkoa esateko ez nuen askorik pentsatu. Igual Loewerekin gehiago kosta zitzaidan, ze modelo lanak egitea ez zitzaidan burutik pasatzen; ni pilotaria izan naiz beti eta izango naiz, baina nire burua ez dut modelotzat hartzen.

Red Bullekin ere abiadura errekor bat hautsi zenuen karbonozko saski batekin pilota jaurtita. Beharbada, errekorra zerbait anekdotikoa izan daiteke, baina etorkizuna material horretatik etor daiteke? Nik uste materialarekin zerbait egin beharra dagoela, ze zestak egiten dituztenak gutxi geratzen dira eta aldaketa batzuk gertatzen ari dira; plastikozko batzuk egin dituzte gazteentzat. Karbonozko hau ahal da moldatu profesionaletan aritzeko, baina denek erabili beharko genuke. Gauzak ari dira egiten, lan handia geratzen da oraindik zerbait egiteko zesta modelo berrian eta zestagileak desagertu baino lehen zerbait topatu beharra dago.

Gainera, garestiak dira zestak. Bai, eta ez dakizu zenbat iraungo dizun.

Alde horretatik, sarrera zaila duen kirola da zesta? Bueno, nik uste sarrera ez dela horren zaila. Plastikozko zesta hauekin edozein gaztek ahal du jokatu; zestek 50 euro balio dute gutxi gorabehera. Orduan edozeinek ahal du erosi zesta hori. Eta hasiera zaila dela? Baloi bati ostiko bat ematea erraza da, baloia zuk nahi duzun tokira joatea ere ez da erraza.

Zestaren egoera oso desberdinak bizitzea egokitu zaizu. Ni sartu nintzenean gainbeheran zegoen; nik uste lurra jo zuela eta orain goraka doa. Etapa guztietan egoten jakin izan dut; oso baxu egon denean eutsi egin diogu eta orain goraka doala uztea erabaki dut, baina oso pozik, ikusita ze lekutan dagoen orain.

Zumaian bere agurra iragarri zuenean, atzean bere umetako argazki bat duela. Gorka Rubio

Pena ematen du une gozo honetan uzteak? Ez, penarik ez. Nik uste lagatzeak lasaitasuna eman didala. Publiko honekin urte batzuk jokatzea polita izango zen eta pena da martxa egitea, baina gorputzak atsedena behar du.

Frontoi hutsean askotan jokatuko zenuen. Nire urterik onenetan frontoiak hutsik zirela askotan jokatu dut, Miamin, edo hemen ere bai, tokatu zait «triple corona» edo txapelketa bat irabazteko jokatzea frontoia erdi hutsik zela; barruko indar hori ateratzea kostatzen zen, baina ateratzen genuen.

Lesioekin, berriz, zorionekoa izan zara. Bai. Zorte handia izan dut. Nik uste 28 urte hauetan totalean 30 egun-edo huts egingo nuen eta bi aste izango ziren lesioren batengatik eta beste bi aste gastroenteritis, katarro edo halako zerbaitengatik.

Jokatu duzun partidarik gogorrena? Gogorrena ez dakit zein izango zen. Politena, bai; Alberdi-Felix ni eta Osaren aurka Markinan. Inork ez zuen uste partida hori guk irabaz genezakeenik eta egin genuen. Egia da Felixek orduan 38 urte inguru izango zituela, Alberdik ere beste hainbeste eta Osak 22 eta nik 19 edo. Gazteak ginen eta halako bikote handi baten aurka ipintzea bera sekulakoa zen. «Nola antola daiteke partida hau?», esaten zuten batzuek; «etxea jokatuko nuke hauen aurka», esan zuten askok.

Bada txapel berezirik? Nik uste denak direla bereziak.

Etorkizuna nola ikusten duzu? Oraintxe Gernikako «arbola»-k ez dakit basoa behar bezala ikusten uzten digun. Nik uste azken urteetan momentu polita ari dela pasatzen zesta Iparraldean, Gernikan, eta baita ere Markinan, Durangon... pilotaleku desberdinetan jende asko ari gara ikusten. Nik uste atzetik badagoela, gainera, pilotari harrobi bat. Indartsu dator. Agian bi edo hiru urte beharko dira egonkortzeko, baina badatoz.

Hor eten moduko bat dago zuen belaunaldiaren eta datozen horien artean? Bai, zulotxo bat bai, baina nik uste ari dela betetzen. Orain arte izen berdinak egon gara jokatzen eta nik uste aldaketa bat ere egongo dela. Batzuk joan ahala beste batzuk sartuko dira eta hartuko dute maila. Nik uste Iparraldean ondo ari direla lanean. Hemen ere badira pilotaleku batzuk oinarri on batekin. Kontua da denbora behar dela egokitzeko.

Orain kirol zuzendari ariko zara Eraman enpresan. Zein izango da zure egitekoa? Partidak antolatu, txapelketak... eta ahal denean lagundu. Nik nire esperientzia jarri nahi nuke. Pilotari guztiak ondo ezagutzen ditut, badakit bakoitzak nola jokatzen duen eta hori izango da nire lana. Gero, baita jende berriari lekua egitea ere; prest ikusten dudanari aukerak eman nahi nizkioke.

Eta frontoitik kanpo, zer egingo duzu orain lehen egiterik ez zenuena, edo zer egin nahiko zenuke? Ez dut asti handirik izan oraindik, baina snowean ibili, surfean ere hasi nahi nuke. Pentsatzen dut olatuak ere jaitsiko direla, ze itsasaldi handi bat izan dugu azkenaldian eta bai, ibiltzen naiz, baina 6 metroko olatuekin ibiltzeko ez dut neure burua ikusten. Aspertu ez naiz egingo.