Sugebizi: beldurra kentzeko, hurbiltzea onena
Suge handienak eta pozoitsuenak ikusten ditugu hedabideetan. Ez ditugu animalia batere maiteak. Kondaira eta mito ugari daude haien inguruan, guztiak txarrak, guztiak gezurrak, edo arrunt esajeratuak. Euskal Herriko errealitatea hagitz bertzelakoa da, eta ez dugu ezagutzen. Gurekin 11 suge espezie bizi dira, eta Aranzadiren Sugebizi kanpainan horietako hamar dokumentatu dituzte 149 sugezainek. 238 aipu jaso ditu zientzia elkarteak ikerketa eta dibulgazioa, biak batzen dituen ekimen parte hartzailean.
Sugebizi kanpaina egin du Aranzadi zientzia elkarteak laugarren urtez. Apirila eta ekaina bitartean hiru irteera gidatu eta bi tailer gauzatu ditu Euskal Herriko bost udalerritan. Horrez gain, herritar ugarik parte hartu du sareetan, ikusitako sugeen argazkiak igoz eta zein espezietakoak izan daitezkeen azalduz. Datu bilketa uztailaren amaieran itxi zen, baina ekimena ez da amaitu, eta udazkenean ingurumen hezkuntzako jarduerak eskainiko dituzte.
149 sugezain izan izan ditu aurten Sugebizik, eta hagitz eskertuta dago Aranzadi. Guztira 238 aipu jaso ditu, Euskal Herrian bizi diren 11 suge espezieetatik hamarrenak. Ikusitako suge guztietatik %76 ale biziak izan dira eta %24 hilda zeuden arrazoi ezberdinengatik, %16 nahi gabe hildako aleak izan dira, eta %8 apropos hilak.
Gehien ikusitako espeziea Eskulapioren sugea izan da. Jarraian datoz, hurrenez hurren, suge gorbatadun iberiarra, suge biperakara, sugegorri kantauriarra, hegoaldeko suge leuna, Aspis sugegorria, iparraldeko suge leuna, suge berdehoria, Montpellierko sugea eta eskailera sugea. Ez da Lataste sugegorriaren aipurik jaso.
Ia lau hilabete iraun duen kanpainak bi helburu nagusi izan ditu: zientzia herritarraren bitartez animalia ikusgarri horien informazioa lortzea, eta dibulgazio-hezkuntza eginez ezagutzan sakontzea eta pertzepzio okerrak eta jokaera ankerrak aldatzea.
SOTOAN
Ion Garin Barrio eta Iñaki Romero Iraola biologoak zain ditugu Donostiako Zorroagagaina kaleko eraikin zabalean, Aranzadiren egoitza nagusian. Bertan, ezagunagoak ditugun antropologia, arkeologia, mikologia edo astronomiarekin batera, badute herpetologia saila ere, anfibio, narrasti eta habitaten kontserbazioa zaintzen duena.
Sotoan hasi dugu bisita, bilduma herpetologikoan. Alde batetik, 1980ko hamarkadan hartutako sugeen aleak daude; bertzetik, orain jaso duten bultzada berri bat, errepideetan zapalduta hildako aleak. Nafarroako basozainek, adibidez, betebeharren artean dute horiek jaso eta Aranzadiri ematea.
Adituek azaldu digutenez, teknika berriak erabiltzen ari dira ikerketarako, besteak beste genetika. Eta laginak hartzeko aukera handia ematen du errepideetan hildako aleak gordetzeak, betiere ongi kontserbatzen badira. Garai batean formolean gordetzen ziren, baina formolak DNA degradatzen du. Orain denak alkoholetan kontserbatzen dituzte.
Romero Iraolak, adibidez, hemengo ale dezente baliatu ditu suge berdehoriaren bere ikerketarako. «Suge berdehoria Europa osoan hedatua da. Mutazio tasa altuagoa eduki ohi dute mugakoek, eta, Aiako Harrikoak mugakoak direnez, horiek aztertu nahi izan genituen. Azkenean, jatorriko lurraldetik edukitako hedapen azkar baten ondorioz dena bat zela ikusi genuen».
Bertzalde, hagitz kezkatuta daude gaitz bat sugeak erasaten ari delako. Berria dela uste dute, eta lagin hauek baliatu ahalko dituzte ikusteko ea eritasuna benetan berria den edo noiztik zegoen hemen.
Garin donostiarrak 20 urte beteko ditu aurten Aranzadin. Anfibio eta narrastien kontserbaziorako ikerketa, kudeaketa eta dibulgazioan ibili izan da. Romero Iraola hernaniarra, aldiz, Ameriketako Estatu Batuetan, Floridan ari zen ikasten Aranzadirekin gradu amaierako proiektua egiteko aukera sortu zitzaionean. Sugebiziren zati kontzientziatzaileaz arduratzen da, hitzaldiez eta tailerrez.
OROKORREAN EZ DIRA ARRISKUTSUAK
Agertu dutenez, lan gehiago egiten da txoriekin edo ugaztunekin, politagoak eta mediatikoagoak direlako. Gutxietsitako espezie ugari dago, zer erranik ez ornogabeen artean, eta ornodunen artean gutxien estimatu izan direnak anfibioak eta narrastiak izan dira. Justu horiek ikertzen dituzte haiek, eta puskaz proiektu gehiago dituzte anfibioekin narrastiekin baino, onarpen handiagoa dagoelako. Beharbada informazio gutxiena narrastien inguruan dugu, eta horien artean fama txarrena sugeek izan dute.
«Beti txartzat jotzen badira, galdetu dezakezu: zertarako mantendu? Baina ez da horrela inondik ere. Ez da animalia gaiztorik existitzen. Bakoitzak bere funtzioa betetzen du», baieztatu du hernaniarrak. «Arriskua eduki badaukate, baina beste zenbait espeziek duten bezala. Jende gehiago hiltzen dute oso maitatuak diren animaliek».
Ondoko mezua eman nahi dio zientzialari gazteak jendeari: «Suge batzuk pozoitsuak dira, bai, baina orokorrean ez dira arriskutsuak. Herrialde batzuetan suge oso pozoitsuak daude, antidotoak ere ez daude nonahi, eta jende asko hiltzen da edo anputazioak jasaten ditu. Baina Euskal Herriko errealitatea oso bestelakoa da. Kondaira eta mito asko daude sugeen gainean. Denak gezurra dira, edo oso esajeratuak».
LEHENDABIZIKO ARGAZKI BAT, GUTXIENEZ
Sugebizi proiektuak bi adar ditu. Alde batetik, ezagutzan sakontzea, gabezia handi bat dagoelako, biologoek ere arazoak dituztelako espezie hauen ikerketak martxan jartzeko. «Egia da azken urteetan Euskal Herrian lan dezente egin direla. Ikasle multzo batek gradu amaierako lana sugeei buruz egin du, eta espezie batzuen ezagutzan sakontzen lagundu digu horrek. Baina oraindik gabezia handia daukagu informazio bilketa horretan. Adibidez, ez gara gai esateko suge gehiago edo gutxiago dauden. Horretarako, lehen argazki bat behar dugu gutxienez», esplikatu du donostiarrak.
Bigarren partea hezkuntza lantzea da, «beste espezie guztiek dituzten mehatxuez gain, jazarpen zuzena pairatzen dutelako animalia hauek. Historia modernoan erasotu egin dituzte, eta oso ohikoa da ezagutu gabe makilkadaz hiltzea».
Romero Iraola EHUrekin egiten ari den ikerketa bukatzen ari da. «Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean sugeen pertzepzioa zein den aztertu dugu. Ikusi dugu ez dituztela Euskal Herriko sugeak ezagutzen. Kanpoko batzuk bai. Eta gehienek jarrera txarra dute haiekiko. Nire iritziz, arazo handiena dituzten eraginak dira. India, Costa Rica, Australia eta beste herrialde batzuetako sugeak bai dira arriskutsuak egiatan, baina haien informazioa edukita bakarrik pentsatzen dute hemengoak ere berdinak direla, eta txartzat jotzen dituzte guztiz».
«Erreferentzia oso txarrak izan ditugu hedabideetan eta sare sozialetan ere», erantsi du Garinek. «Sentsazionalismoa da nagusi: suge handiena, pozoitsuena, azkarrena erakutsi da. Mundu frenetiko batean bizi gara, eta gaurko gizarteak ez dauka hemengo sugeen errealitatearen berri».
PARADISUTIK ATERA GINTUENA
Jende guztia beldur da sugeez; benetan gaitza da haiek ikustea, ordea. Kontuan izan behar da Aranzadikoek beraiek ere zailtasunak dituztela lanak egiteko.
Herri txikietan jakintza handiagoa dago, naturarekiko erlazio estuagoa dagoelako. «Proiektuan kontzientziazioa bultzatzeko tailerrak eta hitzaldiak egin izan ditugunean, ohartu gara 60 urtetik gorako jendeak beharbada ez diela sugeei beldurrik, baina hiltzeko joera handiagoa dute gazteek baino, dauden mito guztiengatik: behien esnea edaten dute, hipnotizatzeko gai dira... Badakite sugegorriak daudela, baina sugegorria den jakin gabe hiltzen dute sugea. Berdin gertatzen da tamainarekin: zenbat eta handiagoa izan, arriskutsuagoa dela pentsatzen da, baina ez da horrela. Sugegorriak 55 zentimetro neurtzen ditu gehienez», adierazi du Romero Iraolak.
Belaunaldi helduenetan gaur egun baino errotuago zegoen erlijio judu-kristaua, eta sugea izan zen paradisutik atera gintuena; beti izan du irudi gaizto hori, deabruaren lagunarena. Pertzepzio oker hori eraldatzeko hitzaldi, irteera eta tailerrak egin dituzte udaberrian, eta udazkenean ere aukera zabalduko dute interesa duten eskola edo udalentzat. Adibidez, irailaren 14an Ordiziako Oiangu parkean narrastiei buruzko tailerra eskainiko dute Aftersun jaian.
«Animalia hauekiko beldurra kentzeko, onena haiengana hurbiltzea da. Ez dira arriskutsuak edo gaiztoak. Beren lehendabiziko erreakzioa ihes egitea da. Haientzat ez gara harrapakin bat, mehatxu bat baizik. Beste portaera bat izan daiteke babespean egotea, inork ez ikusteko».
ZER EGIN HOZKADA JASOZ GERO
Urtero gertatzen da hozkada bat edo bertze, eskua sartu duelako norbaitek justu sugea zegoen leku batean edo sugea xaxatzen ibili delako. Gaizki emandako mezu baten adibide bat jarri du Garinek: «Gaur egun sugeekiko ditugun erreferentziak telebistakoak dira, eta hor ikusten dugun errealitatea Australia, Afrika edo Ameriketakoa da. Hor egia da bizitza jokatzen duzula hozkada bat jaso eta gero. Garrantzitsua da jakitea zein espeziek hozka egin dizun, antidotoa sartzeko. Baina hemen, Euskal Herrian, pozoia daukan espezie bakarra daukagu, sugegorria; hortaz, ez da alerik hartu behar. Ez da lehen kasua ez bigarrena deitu gaituztela ospitaletik, esanez hozka egin dion pertsona animalia harrapatzen saiatu dela. Arriskutsua da, berriz kosk egiteko aukera ematen diozu, eta ez da beharrezkoa».
Hozkada jasotzen badugu, zauria urarekin garbitu, lasaitu, eta 112ra deitu behar dugu. Ausikia eskuan badugu, beso-euskarria jarri, eta beti baxu eduki behar dugu, bihotzetik hurbil. «Gaur egun baditugu bitartekoak lehenbailehen artatzeko. Oso-oso kasu gutxitan izaten dira hozkak arriskutsuak. Normalean aurretik beste patologia batzuk izaten dira, edo pozoia osatzen duten proteinekiko alergiak».
Suge bat ikusten dugunean nola jokatu behar dugun galdetuta, hala erantzun digu Iñaki Romero Iraolak: «Txori bat ikusten dugunean bezalaxe, disfrutatu. Begiratu, nahi baduzu argazki bat atera, distantzian beti, eta joaten utzi».
Suge bat geldirik baldin badago, berotzen ari delako da. Aktibatzeko eguzkiaren energia behar du. Eguerdian, goiza eguzkitsua izan bada, ia ez duzu ikusiko, hagitz bizi ibiliko delako. Aldiz, gaua harri baten azpian igaro badu eta hortik ateratzen ari bada, berotasun hori baliatuko du lehendabiziko mugimenduak egiteko, baina ez da horren azkar ibiliko. Eguraldiaren, urte sasoiaren eta orduaren arabera portaera bat edo bertze izanen du, iheskorrago ala motelago ibiliko da, nahiz eta beti ohikoena izanen den ez oldartzea, baizik eta eskapo egitea.
ERREKAN EDO SASTRAKAN
Badira espezie batzuk errekasto edo putzuetara egokitzen direnak. «Kontraesan bat da, beroa optimizatu behar dutelako, baina uretan sartzen dira bertan bizi diren animaliez elikatzen direlako. Suge gorbataduna ur gainean ibiltzen da, apoak jaten. Biperakara ere oso urtarra da».
Animalia guztiek behar dute ura, beroa bezala. Eta egun sargorietan, edo bero boladetan, errekan topa dezakegu sugegorria ere ura edaten, nahiz eta normalki sastrakatan bizi den.
Suge leunek narrasti txikiak jaten dituzte, sugandilak edo ziraunak. Hormaguneetan, sastrakadietan eta halako alderdietan bizi dira. Espezie honetan paradoxa bitxi bat gertatzen da: «Arraroa da genero bereko bi espezie lurralde berean bizitzea, bata besteari gailentzen zaiolako. Baina Aiako Harrietan iparraldeko eta hegoaldeko suge leuna, biak bizi dira, bakoitzak eguneko bere momentua topatu duelako; bat egunekoa da, eta bestea ilunabarrekoa».
11 espezie ditugu Euskal Herrian: hiru sugegorri, bi suge leun, uretako bi sugeak, eta lau suge handi. Baliteke espezie bakarra izan zitekeen hori, suge gorbataduna, bitan banatzea. Baina biologoek ez dute argi nola bereizi begi bistaz bata eta bertzea. Lau suge handiak dira Euskal Herrian babestuta daudenak. Atlantiar isurialdean ditugu Eskulapioren sugea eta suge berdehoria, eta Mediterraneoan Montpellierko sugea eta eskailera sugea.
Anakonda bezalako suge handiak, metabolismo geldoa dutenez, 25-30 urte bitarte bizi daitezke. Hemen ditugunen artean, sugegorriak 12 eta 14 urte bitarteko bizi itxaropena du. «Oro har, narrastiak, sugandila batzuk kenduta, urte dezente bizi dira, anfibio batzuekin konparatuz. Energia optimizatzen dute, ez dira saguak bezala estres batean bizi. Zenbat eta metabolismo mantsoagoa, gehiago bizitzen dira».
LOZORROA ETEN DIE BEROAK
Martxo-apirilean bikotetzen dira sugeak, eta udazkenean sortzen dira kumeak. Narrasti gehienek bezala lozorroan ematen dute negua. Baina azken negu epeletan hori aldatzen hasi da. Azarotik otsailera aipu batzuk jaso zituzten Sugebizi kanpainan, lozorro hori hautsi zaiela azalduz. Beroarekiko mendekotasuna dutenez, aurrezpen bat da lozorroa. Arazoa da abenduan bi egun hagitz berotan aktibatzea eta gero ez lokartzea. Beraien harrapakinak ez daude aktibo, ez dute zer jan eta hil egiten dira. Edo sekulako hotza dator bat-batean eta horrek akabatzen ditu.
Uda honetako lehen partean egun eguzkitsu jarrai gutxi izan direnez, eta izan direnak hagitz sargoriak izan direnez, bi astez luzatu dute Sugebizi, sugeei beroa gustatzen baitzaie, baina neurrian.
ZENBAIT ONDORIO
Laugarren urtea bete du Sugebizi kanpainak eta horrek aukera eman die bultzatzaileei, ondorio batzuk ateratzeko. Errate baterako, nahiko markatuta dago zeintzuk diren gehien aipatzen diren espezieak eta non topatzen diren. «Lehen urtean euskara hutsez egin zen kanpaina, gero elebitan, baina beti izan dira gehiago euskaraz erantzuten dutenak, eta horrek aipuetan eragin du: aipamen gehienak Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroa iparraldean bildu ditugu».
Lataste sugegorria Barde inguruan soilik topatu da, eta ez dute inoiz honen aipurik bildu Sugebizi kanpainaren bidez. Bertako basozainak espezie horren jarraipen zehatza egiten ari dira.
Gainontzeko espezie guztiak kasik urtero dokumentatu izan dira. Lehen aipatutako arrazoiarengatik, gutxien aipatzen direnak hegoaldekoak dira, Mediterraneokoak eta tamaina handikoak, Montpellierko sugea eta eskailera sugea. Errepidean zanpatuta hiltzen dira anitz, eta horien informazio ugari lortzen dute.
Suge berdehoria Aiako Harrietan eta Nafarroa ipar-ekialdean topatzen da, Nafarroako Pirinioetan izan ezik.
Isurialde Atlantikoan ohikoenak direnak aipatu dira gehien: sugegorri kantauriarra, suge gorbatadun iberiarra eta, gehien ikusi dena, Eskulapioren sugea. «Espezie mehatxatua den arren, horren informazio asko eskuratu dugu. Baso ertzeko espeziea da, eta zanpatuta bidaltzen dizkigute argazki asko, edo errepideak gurutzatzen. Metro eta erdi neurtzera hel daitezke, eta errazago ikusten dira sugegorriak edo suge leunak baino».
LORPENAK
Sugebizik sugeak jendearengana hurbildu ditu. «Ez dugu lortu sekulako aldaketa gizartean, baina bai pertsona gutxi batzuei pentsaraztea ez direla hain txarrak; aitzitik, onurak ekartzen dituztela. Nahiz eta ez maite, errespetatzea lortu dugu», nabarmendu du biologo hernaniarrak.
«Aipuetan beldur bat sumatzen da pertsona batzuengan, jakin nahi dutelako ikusi duten sugea zer espezietakoa den. Hor ere lanketa bat egin dugu bereizten ikas dezaten. Izan ere, ez bakarrik sugeak, ziraunak ere akabatzen dituzte batzuek, jakin gabe musker bat dela hankarik ez duena. Erantzunetan bertan saiatzen gara arrazoitzen nola bereizi dugun espezie bat», esan du herpetologo donostiarrak.
Aranzadiri sekulako datu basea eman dio Sugebizik. «Gure bitartez inoiz iritsiko ez ginatekeen informazio sorta izatera heldu gara. Espezie hauen banaketa eremuaren eguneraketa bat lortuko dugu, beharbada uste ez genuen eskalan. Adibidez, Eskulapioren sugearen 300 aipu izango ditugu lau urteetan, eta horrekin oso ondo irudikatzen ahalko dugu nondik nora dabilen espeziea».
SUGEGORRIA BABESTU?
Espezieak gora ala behera doazen jakitea falta da. Horretarako eskala txikiagoetara joan behar dute. Behin espezie baten banaketa ondo markatua dutenean, etorkizunean puntu konkretu batzuetan jarraipen finago bat egin beharko da, eta gero estrapolatu. «Oso baliagarria izango zaigu, esaterako, suge berdehoriarekin, zabaltzeko joera izan dezakeelako. Egitasmo honekin lortu ahal dugu aipuren bat tokiz kanpo, eta lehen pista bat izan daiteke zabaltze horrena. Mediterranearrek ziurrenik goranzko joera bat izango dute klima aldaketarekin. Laginketa itsuan egin ordez, jakingo genuke non zentratu», erran du Romero Iraolak.
Suge batek espezie mehatxatuen zerrendan egon behar duen ala ez jakiteko, haren bilakaera eta habitata ezagutu behar dira, etazientzialariek hutsune handi bat dute hor, ez baitute oraindik aski datu. Gainera, arazo bat egon da sugegorriekin. «Sugegorri espezie batzuk Iberiar Penintsulan espezie mehatxatuen zerrendan sartu nahi izan zituzten, baina ez dituzte onartu. Horregatik, adituek sugegorrien jarraipen bat abiatu dute. Finkatu dituzten puntuetako batzuk Euskal Herrian kokatzen dira hain zuzen», kontatu du Ion Garinek.
«Gaur egungo gizartea ez dugu uste prestatuta dagoenik entzuteko sugegorri bat espezie babestuen katalogoan dagoela. Egia da Nafarroak eduki badaukala, lehen aipatutako Bardeetako espeziea babestua dago».
Aranzadiko zientzialariek lan eskerga dute egiteko: «Metodologiak hobetu, ikerketa genetikoak egin, espezie batzuk lagindu ez diren zona batzuetan lagindu.... Kontzientziatzen ere jarraituko dugu, tailer, hitzaldi eta bestelako egitasmoez, beste erakundeekin batera, gu hanka bat garelako baina gehiago beharko direlako azkarrago ibiltzeko».
PERTZEPZIOA ALDATZEA
Romero Iraolak jakinmina sumatzen du tailerretan. «Hasieran beldurtuta eta zalantzati datorren jendea interesarekin ateratzen da. Animalia politak dira. Batez ere oso gazteak, oraindik sugea txarra den pertzepzio hori ez dutenak, suge bat erakutsiz gero pila bat animatzen dira».
Belarretan mugimendurik bada, hor zeozer dagoela jakiteko institua jaiotzetikoa omen da. Baina ia natura zapaldu ez dutenek animalia ikusgarri hauek gorrotatzea, hori jasotakoa da erabat, Garinek baieztatu duenez. Bere esperantza da orain arte dena kontra izan duten bezala, orain guraso diren horiek, nahiko eremu urbanoan bizita, sugeekiko izan duten pertzepzioa aldatzea.
Etorkizunera begira proiektuak egonkortzea nahi dute, datu bilketa estandarizatu bat izateko. «Hau herritarren zientzia da. Benetan zientzia da? Jartzen duzun langaren arabera. Argi dut ez dugula espezie baten tamaina lortuko, baina jakingo dugu ze urte sasoitan ikusten den», egin du gogoeta. Lankidea bat dator: «Informazio oso baliagarria da, bere mugak non dauden jakinda ere».