Azalean
Egun eguzkitsua. Bidegorri patxadatsu bat; zuhaitzek itzala janzten diote baratze arteko bideari. Naturaren boza gailentzen da. Pauso txikiz dabiltzan oinezkoen hitzek gutxiago pisatzen dute.
Batzuetan pausoa eta arnasa bizkortu behar dira lasaitzeko, arnasa egiatan hartzeko. Jaiegun eguzkitsu batean, mundutik pixka bat apartatu direnen pausajea antzekoa da; «egun on», «egun on». Lasai.
Bidegorrian, trenbideari begira, kirol-jertsearen txanoa jantzita ikusi dut, bizkarrez. Ez du hotzik egiten, txanoa jantzita izateak atentzioa eman dit. Gizonezko altu bat, tokiz kanpo bezala, bazter batean geldirik, baina egonezinez. Jaiegun eguzkitsu batean atzera-aurrera gabiltzan ibiltarien pausajerik ez dauka. Norbaiten zain dago? Zergatik begiratzen du alde batera eta bestera? Zergatik dago hain urduri?
Arnasa sakon hartu eta ondotik pasa naiz. Pasa gara. Bi lagun goaz. Gorroto dut gorputzean beldurrak esnatzen zaizkidanean, amorratu egiten naiz beldurtzen ari naizela sentitzen dudanean. Lagunari esan diot ez naizela oso lasai pasa gizon horren ondotik, zerbait ezkutatzen duela. Lagunak -gizonezkoa- berdina pentsatu du. Lapurtuz gero, poltsikoetan daramagunak zenbat balio duen kalkulatzen aritu gara txantxetan. Bueltan, berriz haren ondotik. Gerturatzen ari gara eta begira-begira daukagu. Bihotza azkartzen zait. Lagunari ahapeka esan diot, «zerbait esango digu». Eta bai, zer ordu den galdetu digu, telefonoa hautsi zaiola. Hamaika eta erdiak. Atzean utzi dugu, nahi gabe pausoa bizkortuta.
Paseotik bi bat astera, emakume baten testigantza irakurri dut. Abuztuko jaiegun eguzkitsu batean, bidegorri batean, eraso matxista jasan du. Kirol-jertsearen txanoa jantzita zeraman gizonezko batek eraso egin zion, eguerdi partean. Berriro tentetu zait beldurra gorputzean. Egutegian begiratu dut eta berehala konturatu naiz egun horretan eta ordu buelta horretan gu ere bidegorri horretan ginela. Eta txanoa jantzita zuen gizona ikusi genuen. Ordua galdetu zigun.
Batzuetan, erasotakoak zure adina dauka eta zirrara sentitzen duzu. Batzuetan, akabatu duten emakumeak zure izena dauka eta arnasa mozten zaizu. Batzuetan, joan den astean zu egondako aparkaleku publikoan bortxaketa bat gertatzen da eta sabela zulatzen zaizu. Batzuetan, zure atzetik paseoan lasai zihoan emakumeari erasotzen diote eta ezin duzu lorik egin.
Erraza da eraso matxista sufritu duenaren azalean jartzea, emakume guztiok partekatzen dugun azala delako, gehiegitan ikaratzen den gorputzean.