Markel Urrate Antia - Salto Training
KIROLA

Alde bateko ariketak

(Getty)

Indar entrenamendua programatzeko garaian ezinbestekoa da praktikatutako kirolaren eta eguneroko beharren analisi bat egitea, bertatik aterako baita eguneko entrenamendu saioaren funtsa. Behar hauek aztertuta, hurrengo pausoa ariketak proposatzea izango litzateke, eta ez alderantziz. Lortu nahi dugun hori lortzeko bidea besterik ez dira ariketak, eta ez dezakegu eguneko entrenamendua horien arabera egituratu.

Gaur egungo kirol praktiken jestu teknikoa aztertzean, kirol gutxitan topa dezakegu era berean bi gorputz adarrez (bi besoez edota bi hankez) burutzen diren mugimenduak. Honek esan nahi du egungo ia kirol modalitate guztiak era unilateralean burutzen direla. Oinez edo korrika burutzen diren desplazamenduetan lehenengo pauso bat eta ondoren bestea ematen dugu, baloiari ostikada hanka batekin ematen diogu, pilota ere esku bakarraz kolpatzen dugu eta bizikletan lehenengo pedal bat eta ondoren bestea zapaltzen dugu. Hortaz, hona hemen lehen arrazoia gure entrenamenduak unilateralki burutzeko.

Gimnasioetako lana mugimendu bilateraletan burututako ariketetan zentratu ohi izan da (hala nola sentadillak). Gorputzaren anatomiaren ikuspegitik ikerketa asko egin dira gure gorputzaren mugimendua eta zinematika aztertu dutenak. Hori dela-eta, gorputza bere osotasunean eta artikulazioen funtzioak aztertuz, ariketa aldebiko horiek zentzua galtzen dute gorputzaren mugimenduaren garapenean. Honek zenbait kontrairitzi sortu ditzake, baina ez dezakegu ahaztu ariketak norbere helburua lortzeko tresnak besterik ez direla eta, noski, gihar masa irabazteko unean era bilateralean kargak mugitzea ere aukera ona izan litekeela.

Era berean, alde bakarrarekin burututako ariketa hauek gorputzaren estabilizatzaileen (CORE-a osatzen duten giharrak, erdiko gluteoa bezalako aldakaren estabilizatzaileak…) askoz ere eskakizun handiagoa dute eta, bide batez, era bilateralean ager daitezkeen desorekak zuzentzeko irtenbide egokia ere bada. Edo esku batez bestearen pare jasotzeko gai zara?

Kirolaren beharrak, mugimenduaren anatomia funtzionala, gorputzeko estabilizatzaileen lanketa eta alde banako desorekak ez badira arrazoi nahikoa zure entrenamenduak era unilateralean lantzeko, agerian gelditu da alde bakarraren lanketak era bilateralean burutzen diren ariketetan onurak ekartzen dituela, baina kostata gertatuko da alderantzizko kasuan.