Herri-lotsa
Migratzaileen kontrako pankarta eta panfleto faxistak, euskaraz, gure plazetan eta buzoietan. Lauburuak eta baserritar jantzitako gazteak. Datu faltsuak eta alarma mezuak, gure herriak dituen arazo guztien ardura migratzaileek dutela zabaltzeko.
Euskarak katarroa duela eta makal dagoela osasunez? Migratzaileen errua. Izan ere, euskal herritar ‘puru-puruek’ beti egiten dute euskaraz, noiznahi eta nonahi. Horregatik dago euskara salbu, harro, handi, bizi. Eta indarkeria matxista ere, migratzaileena. Euskal herritarrek ez dute erasotzen, bortxatzen, akabatzen. Tira, orokorrean behintzat. Tarteka izaten da euskaldun ‘jatorren’ batek egindako hilketa matxistaren bat. Baina bizilagunentzat normala eta sinpatikoa da, Teleberrin kontatzen dutenez. Erotu egingo zen istant txiki batean... Gaiztoak, benetan gaiztoak, besteak dira, migratzaileak. Eta lapurrak. Euskaldunen bat ere izango da lapurretan dabilena, baina nezesidade hutsez. Besteak, migratzaileak, bizioz eta gaiztakeriaz, gure jendarte lasai eta zibilizatu hau hankaz gora jarri nahi dutelako.
Aukera bat hori da. Norbere gezurrak sinistu eta bertan gozo geratu, asaldatuta, beldurtuta, uzkurtuta, haserre.
Beste aukera bat da burua altxatu eta ingurura begiratzea, begirada gardenez. Pertsonak ikusteko gaitasuna duen begiratuaz. Gure jendartea gero eta anitzagoa da. Hizkuntza eta kultura Gero eta gehiago bizi dira elkarren ondoan. Gure eskoletara begiratu besterik ez dago zein anitzak garen eta izaten jarraituko dugun kalkulatzeko. Munduko herritar asko iritsi dira Euskal Herrira bizimodua egitera, bizitza bizitzera. Eta denok gauza berdintsuak behar ditugu bizitzeko eta pozik bizitzeko. Dagoeneko denon herria da Euskal Herria, eta denon hizkuntza izan daiteke euskara. Horretarako, baina, derrigorrezkoa da euskal hiztunek euskara bizirik mantentzea. Ezin iritsi berriei eskatu norberak egiten ez duena. Ezin eskatu apenas entzuten duten hizkuntza bat ikastea eta maitatzea.
Harrera herria da gurea, munduan beste asko bezala. Lehendik ere eskaini die magala Euskal Herriak urrutixeagotik etorritakoei. Horiei buruz ere galantak esaten ziren; kastellano eta mantxurriano suabeenak. Egin izan dugunaz lotsatu baino, ikasi dugunaz harro egon beharko genuke. Eta ikasten segitu.
Mundua hartzen ari den martxarekin, bihar edonor izan daiteke migratzailea. Mundu bizigarria eraiki beharko genuke, pertsonek etxe senti dezaten bizi diren herria. Auzo-lotsa esan behar nuen, baina herri-lotsa da batzuen panfletoek sortzen dutena.