Jokin Urain
IRITZIA

Talentuak

Zamorakoa zen Chamorro, gure maistra sutsua Lasturren. Maistra ez ezik, bokazioz misiolari ere bazela esango nuke. Nola, bestela, bakardade izugarri hartan, bere lurretik hain urruti? Baina bere lurrean hala ere, bere Espainian, bere hizkuntzan, hain enpeinatua baitzegoen gu ere bere mundukoak izan gintezen! Horretarako zeukan bere mahaiaren ertzean lur-globoa, mapamundi birakaria, gelako haur bakoitzak ondo ikus genezan, eta, atzamarra non begia han, jakin beharreko guztia azaltzen zigun: «Hau Espainia», «hau Rusia», «hau Italia», «hau Atlantiko» sekulako eta betiko.

Chamorrok azalduta jakin genuen gure hizkuntza ez zela hizkuntza, dialektoa baizik, espainieraren dialektoa. Hizkuntza izatera iristen ez den zera bat alegia, aintzat hartu behar ez den berriketa moldea. Horretaraino eta hortik gora iristen zen Chamorroren jakituria, edo fedea, edo bokaziorako arrazoia, eta gugan itsatsi nahi zituen berak ekarritako dohain sendoak, geu ere handitzean munduan zehar eroso eta airoso ibil gintezen prestatzeko, gurea bezalako dialektoek duten zabarkeria mugatzailetik libre.

Mende erdia edo gehiago ibil zaitezke haurtzaroko bizipenetatik gogoan geratu zaizun anekdota han eta hemen kontatuz, zenbat eta denbora gehiago igaro, hainbat eta baliotsuago duzulakoan bitxikeria hura, aspaldikoa delako, museoko pieza legez gorde dizulako memoriak, harik eta ohartzen zaren arte beste behin ere iruzurra egin dizula oroimenak, kontatzen duzuna ez delako duela mende erdi gertatu eta denboran fosilizatuta geratutako bitxikeria, atzo eta gaur goizean errepikatu den historia baizik.

Mende erdi eta gehiago igaro ondoren hemen baitabiltza, orduko maisu eta maistra eta enparauen testigua hartuta, gaurko sindikalista, epailea eta bankuko presidentea esanez eta predikatuz gure hizkuntza hizkuntza agian bai, baina ez dela eta ezin dela beste hizkuntzen mailan ezarri eta erabili, ez delako ateak irekitzen dituen hizkuntza, gaurko eta biharko munduan behar den talentuarentzat oztopo eta faktore mugatzailea baizik.

Oztopatzaileago iruditzen zaizkit, erdeinagarriago ere bai, euskara zangopilatuz beste hizkuntza baten inperioa lehenestea eskatzen duen sindikalista, hari arrazoi ematen dion epailea eta etorkizunaren eta talentuaren izenean bide hori predikatzen duen bankuko presidentea.