Barrukoa
Eider Eibar • Edo! 2015 • 30 orrialde • 19 euro
Haur literaturako makina bat liburutako marrazkiak egin ondoren, beti ere beste idazleek sortutako kontakizunetako testuak ilustratzen, bakarka argitaratu duen aurreneko liburuan Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak irudiekin bakarrik osatu du kontatu nahi zuen istorioa. Barrura begira egindako bidaia honetan, Aliziaren untxiaren gordelekuan murgilduko balitz bezala, testurik gabe eta irudi ederrez hornitutako «liburu-bitxi» horietako bat gauzatu du Eider Eibarrek. Paraleloan, liburuan oinarritutako erakusketa jarri du ikusgai Gasteizko Zuloa liburu-dendan irailaren 5era arte. Eta, ondoren, Durangoko Artekara joango da. Hau edizio berezitzat jo dezakegu, momentuz Euskal Herriko sei bat liburu-dendatan baitago salgai, horien artean aipatutako bi hauetan. Halere, argitaletxeak argitu duenez, liburu-dendek eskatuz gero, eskuratu ahal izango dira.
Back to Leiçarraga •
Kepa Altonaga • Pamiela, 2015 • 128 orrialde. 12 euro • Gaur egunko euskal prosaren kalitate mailaz kezkatuta, Leizarraga bezalako klasikoak aintzat hartzea proposatu eta «zein» partikularen alde agertzen zaigu Kepa Altonaga biologo eta EHUko irakaslea. Saiakera edo gogoeta-liburu hau esaldi bitxi batekin hasten den arren –«luzaroan ez dut oso gustukoa izan Xabier Amuriza», dio–, guztiaren abiapuntuan Amuriza bera dago, Altonagak berak aitortu duenez. Amuriza bera da «erreflexio osoan zeharreko hari eroalea», era bat ados baitago bertsolariak “Jakin” aldizkarian kaleratu zuen diagnostikoarekin. Hau da, «hizkuntza deskolokatuta daukagula». Egurra banatzen du ezker-eskuin Altonagak, gure letretako izen handienetakoei, bai eta erakunde batzuei ere.
Denbora bere lekura •
Gerardo Markuleta• Erein, 2015 • 88 orrialde. 11 euro • Bederatzi urteren buruan, poesia liburu berri bat osatu du idazle eta itzultzaile oñatiarrak, idatzi duen seigarrena. Izan ere, itzulpengintzan murgilduta aritu da azken urteotan –Rikardo Arregiren “Kartografia” edota Kirmen Uriberen “Bitartean heldu eskutik” lanak gaztelerara itzuli ditu, besteak beste–, baina, antza, heldu ahal izan dio hain maitatua duen poesiari. Aipagarria da Gerardo Markuletaren poema asko musikatu eta kantu bihurtu direla Mikel Urdangarin, Anje Duhalde eta Jabier Muguruzaren eskutik. Azken honek lagunduta, “Denbora bere lekura” aurkezteko irakurketa musikatuak egin ditu Markuletak.
Itzalak bi diren lurraldea •
Alberto Ladron Arana • Elkar, 2015 • 292 orrialde. 20 euro • Haur eta gazte literaturarekin aspalditik zeukan «arantza» atera nahian, idazle iruindarrak ohiko duen thriller generotik fantasiara jauzi egin du oraingoan. Fantasiazko Erdi Aro batean kokatzen du 11 urte dituen Jon izeneko mutiko baten istorioa. Inperioaren mugetan, Arkadia urrunean, matxinada-hotsak dabiltza, baita istorio izugarriak ere, aspaldi debekatutako magiaren berpizteaz hitz egiten dutenak. Naturaz gaindiko gertakariak biderkatzen diren bitartean, gazte beldurti bat, agure jakintsu bat eta matxino ausart bat bidaia harrigarri batean abiatuko dira.
Aratz II •
Mikel Rodriguez • Gaumin, 2015 • 192 orrialde. 16 euro • Bartzelonan bukatu da harrapaketa jokoa. Aitziber eta Aratz, Ertzaintzarengandik ihes egindako bi neska mutanteak, Euzkadiko zerbitzu sekretuen atzaparretan dira berriz ere. Horiekin batera harrapatu dute bertze Aratz, genetikoki hobetutako gizakien eta espioien arteko gatazka sekretuan bere burua sartu zuen mutil arrunta. Hauxe da gazteei zuzendutako liburu honen abiapuntua. Mikel Rodriguez lesakarraren lehen eleberria lan mardula zenez, bi zatitan plazaratzeko erabakia hartu zuten. Lehena iazko abenduan kaleratu zuten, “Aratz. Begiradaren atzetik” izenburupean, eta orain bigarrena iritsi zaigu.