MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Literatura hiztegi tekniko laburra

Karlos Linazasoro • Elkar, 2015 •&flexSpace;312 orrialde • 22,00 euro

Karlos Linazasoro Izagirre (Tolosa, 1962) filologoa da ikasketaz, liburuzaina lanbidez, eta euskal literatura genero ia guztietan aberastu duena. Bederatzi urtez ondu du tolosarrak argitaratu berri duen lan bitxia. Hemen irakurlea ez daiteke guztiz fio izenburuarekin, hiztegia literaturaz mozorrotzen baita, eta definizioak ez ezik, aforismoak, poesia, mikro-ipuinak, antzerkia eta orotariko literatur generoak uztartzen direlako bilduma osatzeraino, betiere idazlearen bereizgarria den umore eta ironiarekin. Linazasororen hitzetan, «hiztegi teknikoa da eta literatur hitz teknikoak biltzen dira, baina hori aprobetxatuz, fikzioa egin dut. Hiztegi-egitura ematea pentsatu nuen azkenean, jolas modura». Baina zertarako hiztegi bat? «Niri bizitzen jarraitzeko balio dit, eta irakurleari balio behar dio ongi pasatzeko, ikasteko, buruari bueltak eman eta hausnartzeko...».

Alizia herrialde miresgarrian

Lewis Carroll, John Tenniel irudiekin. Itzulpena: Manu Lopez Gaseni • Pamiela, 2015 • 144 orrialde. 18 euro • Zer ikaskizun edo mezu irakatsi nahi zuen galdetu ziotelarik, Lewis Carrollek hau erantzun zuen: «Ziur esan dezaket liburuak ez daramala inolako erlijio irakaspenik; egia esan, ez du ezertxo ere irakasten». Carrollen obrarik ezagunena eta munduko literaturako ospetsuenetarikoa edizio berritu eta zainduan kaleratu du Iruñeko argitaletxeak, jatorrizko idazlanaren lehen argitalpenaren 150. urteurrena ospatzeko. Lopez Gasenik orain 26 urte egindako itzulpenaren bertsio berria egokitu du –«itzulpenak zahartu egiten dira», dioenez– eta Tennielen jatorrizko ilustrazioak koloretan eman dituzte. Tapa gogorrean 1989ko itzulpenaren azala erreproduzitu dute.

Bihotzero

Maider Agirre • Autoekoizpena, 2015 • 29 euro • Autoedizioaren bidetik plazaratu du Maider Agirre beasaindarrak bere lehenengo liburua, eta liburua osatze aldera hogei ilustrazio egin ditu propio Idoia Beratarbide Arrietak, bi eratakoak: narrazioan bertan txertatutako irudiak eta aparte doazen postal moduko batzuk. Nobela denbora-epe labur batean garatzen da. Ospitalera izeba bisitatzera doan emakume baten egun bat hartzen du. Egun horretan emakumeak ikusi, entzun, esan, bizi, sentitu eta pentsatzen dituenak topatuko ditu irakurleak orrialdeetan zehar. Gero izebak kontu asko esango dizkio, batzuk ezagunak, bai eta sekretu ezkuturen bat edo beste ere.

1948ko uda

Patxi Zubizarreta • Erein, 2015 • 72 orrialde, 9,5 euro • Zubizarretak 1994an kaleratu zuen gazteei zuzenduriko narrazio hau SM argitaletxearen eskutik, aurreko urtean Baporea saria irabazi ostean. Orain testu berria idatzi du, eguneratua, eta Pablo Caracolek azal berria egin dio. Hauxe da abiapuntua: «Astelehenean daukan Gizarteko azterketa dela eta, larunbat arratsaldean Beñat etxean geratu da. Dena dela, asteburuetan ikasi behar izatea aspergarria zaionez, liburuak bertan behera utzi, eta gurasoen logelara jo du, aitari zigarro bat lapurtzeko asmotan. Baina zigarropean koaderno zahar bat dago, eguneroko moduko bat, eta horrexek piztuko du mutikoaren jakin-mina».

Ordaina

Philip K. Dick, Aritz Gorrotxategik itzulita • Meetok, 2015 • 20 euro • Gehienbat zientzia fikziozko nobelengatik ezaguna bada ere, Philip K. Dickek harribitxi ugari idatzi zituen ipuingintzaren generoan. Ipuin horietako batzuk film ezagunen oinarri izan dira; esaterako, “Minority Report”. Guztira, hamaika narrazio kronologikoki ordenatuta biltzen ditu liburu honek, Dicken estiloa eta bilakaera hurbilagotik eta zehaztasun handiagoz hautemateko. Aritz Gorrotxategik itzuli ditu narrazioak. “Ordaina” liburuaz gain, azken garaian emankor ageri zaigu Gorrotxategi euskal letren plazan: “Koldar hutsa zara” (Erein) nobelaren argitalpena eta“Poesia eta pentsamendua” jardunaldien antolakuntza.