Beyreuther, Conny
LUMA BERRIEN AZTARNAK

3, 4 edo 5

Meatzetako hauts pozoitsuen artean pasatutako haurtzaroagatik zuten azala hain urratua, halere ez ziren gurasoen etsipen erlijiosoan abaildu, haren aurka oldartu ziren ameslarien era lañoan. «Ke gandorretan ezkutatu den ortzi urdina baino honatago kausitzen da paradisua», esan ohi zioten elkarri. Soineko garestiz jantzitako bidaztien liraintasunaz amoratuta zeudenez, distritu aberatsetako kaleetan paseatzen ziren liluramenduz, usu haien luxuzko errituak imitatuz. Behin batean, te artean ari ziren hizketan ehiztari izandako agurea hurbildu zitzaienean. Haien ghetto berean hazitakoa zen, tigre zuria ehizatu zuen arte. Tigre zuriaren begiak zafiroa bezain urdinak omen ziren eta larrua urrea bezain preziatua zeukan. Ortzi-mugan su-bide bat piztu izan balitz bezala sentitu zuten hirurek. Lilura kraskatuek utzitako arrastoari jarraituz abiatu ziren Rasgul, Sabal eta Savir tigre zuriaren lurralderantz.

Emazteak estu besarkatu zituzten aurre-aurre beraien aurpegiez luzaroan oroitzeko, gau osoan egin zuten amodioa agur esanetan bezala. Seme-alabek, Kalkutako merkatariekin Txinara egiten zituzten karabanetan joanak zirela pentsatu zuten luzaroan. Goizaldeko izpi ahulekin bat eginik desagertu ziren ostera, txori araldeak bere hitz-goxoekin kantatzen zirauelarik.

Trenaren sabaira igo ziren, bagoiak gainezka baitzeuden. Abiadak eragindako boladek sargoria arintzen zuten eta ileak orrazten zizkieten, bisaiak gozamenez zimurtzen zituzten haize erauntsien kontra. Hiri herdoila atzealdean puntu ikusezin bihurtu zenean, ozena izan zen algara. Zorionagatik pentsamenduak sugartuta zituzten, umeak bezain txundituta zeuden oraindino. Savirren aburuz, narratzaile prestu, eskuzabal eta pitin itsumustukoaren luma kolpeek sortua zen tigrea. Sabalek, artean, Krishna jainkoaren ezaugarriak antzeman zizkion narratzaileari. Rasgul, ostera, ez zegoen batere ados nehorekin, «kasualitate hutsak sortu du gure grinak garaitu dezakeen aukera», esan zuen fidatuta. Orenean, sabanaren erdian isildu zen burdinazko karranka hotsa.

Hamaika egunez harat-honat ekiaren lurrun nekagarriaren menpean, hamaika egun amaiezin izerditan blai, hamaika egun katukiaren arrastoen bila, hirurak zeuden aurrera egin ezinik egarriak jota. Bengalako piku zabalaren itzaletan etzan ziren akituta. Sabal kexuka hasi zen, nolatan zitekeen agurearen hitzetan eskuragarria zirudiena gau hodeituan ilargia bezala desagertzea. «Gure xalotasuna izan da gure erru bakarra», esan zuen mesfidati Savirrek. «Istorio honen kontalariak zakarkeria berbera du galzoria eta onura izkiriatzeko», ihardetsi zion Rasgulek. «Baliteke», erantzun zion Savirrek, egin berri zuten paper aldaketagatik txundituta. «Soilik narratzaileak har dezake pertsonaien paperak aldatzeko erabakia, are gehiago, non ibili da narratzailea hainbeste penuria bizi izan ditugun hamaika egun luzeetan?», pentsatu zuen Savirrek. Aski nekatuta eta hodeiak tindatzen zituzten arrastuaren koloreak bezain unaturik, erabaki zuten gaua hantxe egitea. Rasgul ehun metro urrundu zen errekan zahagiak betetzera, sua egiteko makila eta enbor pilaketara abiatu zen Sabal, Savirrek kanpamentua atontzen zuen artean.

Eguzkiaren lehen errainuekin batera zihoan zohardi iluna ihesean, Savirren pentsamenduetan ametsaren arrastoak bezala. Emaztearen altzo epelak bere fardelen antza hartzen zuen berriz, izara zurien usain freskoa belar lehorretan galtzen zen aldian. Eztarri lehortua bustitzera hurbildu zenean, haren aurpegi tristea kausitu zuen urezko mirail uherrean, bafatuaz ahalke jausi zen lurrera. Deseroso jesarrita sentitu zen azpian harri edo zuloa balu bezala, lekuz aldatzerakoan arrastoa zela konturatu zen, tigrearen atzaparren tamainako oinatza. Albiste onagatik indar beterik abiatu ziren arrastoen estratan barrena, sabana idortua atzean utzirik oihan tapituan barneratuz.

Beste bost egun iraun zuten lorratzen atzetik, arrasto eta seinale guztiak xerkatuz. Gero eta ozenago entzuten zuten tigrearen orroa, gero eta beroago odola, harik eta Bengalako piku soildu baten itzaletan etzana agertu zen arte. Tigrearen begi dirdirak sastraka artean, haragia urduritzen duten letagin zorrotzak argi izpien agerian, tximista beltzak bezalako marra beltz-beltzak azal zuriaren paperean. Bihotza saihets artetik eskapatuko zitzaiela imajinatu zuten. Mende luzeetan gizakiak erail eta jan dituzten katukien erregea, oihaneko piztia izugarriena, miresgarriena, pozez begiratu zioten elkarri. Fusilak eskuetan hartu eta zirkinik egin gabe ezkutatu ziren enbor eta sastraka artean. Balak geldo-geldo kargatu zituzten, oihaneko giro musikal basatia apurtu gabe. Begia mirara hurbiltzean gertuago sumatu zuten bere zuritasuna, itsutzeko adina. Hutsune gardena bezala zabaldu zen unea, paradisua klik batera izatea lez, ametsa begi bistan zutelakoan. Erriflearen azal metalikoan estutu zituzten eskuak artega, segurtasun zurrunaren bila, izerdi tantek osatu zuten kartutxoen nahigabeko bataioa. Orenean jaiki zituen tigreak zafirozko begi biak, hantxe islatu zen narratzailea.

Odei Ruiz Sarrias

Iruñekoa, Filosofia ikaslea eta literatura zalea.

Irudia: Kristina Fernandez